Zer eskaintzen dugu?

FORMAZIOA ETA ZERBITZUAK

Herri feminista bat eraikitzeko ezinbestekoa da eraldaketa pertsonalak eta kolektiboak bultazea. Horregatik, aurretik aipatutako lan estiloan oinarrituta, jabekuntza eta boteretzeko prozesuak jarri nahi ditugu martxan.

ZERBITZUAK

JAIETAN INDARKERIA MATXISTARIK EZ!

Euskal Herriko hamaika herrietako jaietan, 15 urtetik gorako ibilbidea du Emagin Elkarteak. Informazioa banatzen jardun dugu, orotariko herritarrekin sentsibilizazio lana egin dugu, eta erasoak pairatu dituztenekin esku hartu dugu. Mugimendu edota teoria feministak izan ditugu beti ardatz, jai giro parekideak zein askeak sustatzeko, eta pedagogia feministak eskainitako tresnak baliatu ditugu helburu horretarako. Azken urteetako esperientziak erraminta zein egokitzapen berriak eskatu dituzte. Askotariko indarkeria matxistei aurre egiteko, honakoa duzue gure proposamena:

INFORMAZIO GUNEA

Indarkeria matxisten prebentzioa eta sentsibilizaziorako gunea.

Herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko jai eremuan kokatutako informazio gunea da. Helburuak: emakume*, neska* gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasotzea; eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea eta, eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea da, prebentziorako eta erasorik gertatuko balitz, erantzuna bideratu ahal izateko.

ARRETA PUNTUA

Eraso matxisten aurrean arreta eta eskuhartzerako puntua.

Helburuak: jaietan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko nahiz telefono bidezko arreta emozionala zein bide laguntza eskaintzea eta, horri aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskaintzea.

SALAKETA ETA ARRETA TELEFONOA

Indarkeria matxisten aurrean salaketa eta arreta telefonikoa.

Helburuak: jaietan gertatzen den edozein intentsitateko eraso matxista identifikatzea; horren aurrean erasoa jasan duen pertsona beste zerbitzu batzuetara bideratu ahal izatea, egoerari aurre egiteko baliabideak eskainiz; eta, betiere egoerak hala eskatzen badu, erantzun soziala aktibatzeko kudeaketa bideratzea.

FORMAZIOA

Herri feminista bat eraikitzeko eraldaketa pertsonalak eta kolektiboak bultazeko ikastaroak eskaintzen ditugu. Emakume talde, talde feminista, herri mugimendu eta erakunde publiko zein elkarte pribatuetan ikastaroak, tailerrak, lan saioak eta aholkularitzak ematen ditugu. Hauek dira eskaintzen ditugun gaiak.
Behar eta eskaera zehatzetara ere moldatzen gara:

Elkarte eta kolektiboetan genero botere harremanak lantzeko saioak

Prozesu honen helburua erakunde, elkarte edo kolektibo mixtoetan generoagatik dauden botere harremanak, parte hartzearen desorekak edota jarrera eta eraso matxistak ikusarazi, kolektibizatu eta hauek orekatzeko edo deuseztatzeko baliabideak eskaintzea da. Horretarako, lehenengo bi saioak espazio
banatuetan egitea eta azkeneko saioa elkarrekin egitea proposatzen dugu.

Ikusi PDFa

 

Antiarrazismoa lantzeko irakurle taldea (Gipuzkoan)

Arrazakeriak aurpegi asko ditu. Horiek, iparralde globala osatzen ez duten herrialdeen aitortza inbisibilizatzen duten mekanismoak sortzen dituzte. Ez dugu ikusezintasun hori betikotzen jarraitu nahi. Gure helburua arrazakeriaren aurkako kontzientzia sortzea da. Gure helburua hausnarketarako guneak sortzea da, literaturaren bidez arrazakeriaren aurkako ahalduntzea eta pentsamendua kritikoa eraiki ahal izateko. Izan ere, “ez da nahikoa arrazista ez izatea, antiarrazista izan behar da”. A. Davis.

Ikusi PDFa

 

Ahalduntzea

Feminismoan trebatzeko ikastaroa duzue hau, jarrera feminista zer den definitzen saiatu nahi dugu. Gure buruaren jabe izateak zein adierazpen hartzen dituen, zenbait kontraesani aurre egiten diogun feminismoan murgiltzeko hautua egiten dugunean. Zein zaila den askotan, gure buruaren alde egitea, emakumeoi besteen meneko, besteen beharren arabera antolatzen irakatsi digutenean. Sexu-genero sistemaren araberako hezkuntza jaso dugu, guztiok gara jendarte patriarkalaren ondorio. Guzti hau, gure gorputzetan islatzen da, gure mugimenduan. Munduan egoteko eta jarduteko moduetan. Gure buruen jabe izateko, gure eskubideen aitortza eta bermea lortzea beharrezkoa izango da. Parte garen jendartearen baldintzak eta egoera eraldatzea da asmoa, horretarako, emakumeon arteko elkartasuna gu geu subjektu bilakatzeko ezinbesteko tresna izango dugu. Ikastaro honetan, barne eta kanpoko eraldaketan eragiteko proposamenak botatzeko, entzuteko eta aktibatzeko aukera izango dugu!

Ikusi PDFa

Elkar zainduz, zaintza eskubide kolektiborantz

Gaur egun zaintza lanak antolatzeko dugun moduak ez ditu gizartean dauden beharrak asetzen. Egun, sistemak ez du gaitasunik biztanleriaren geruza askoren ongizatea bermatzeko eta datozen urteetan egoerak okerrera egingo duela iragartzen dute datuek, zaintzak beste era batera eratzen ez baditugu behintzat. Horregatik mintzo gara zaintza krisiaz.

Ikusi PDFa

Desboteretuz berdintasuna: maskulinitateak feminismotik (mutilentzat)

Genero berdintasuna helburu, gizon izateko modua birpentsatu eta desboteretze prozesuak gauzatzeko beharra dugu. Egungo jendartearen eraldaketa eta gizarte parekidearen eraikuntza bada gure ardura. Parekidetasun eza ematen den jendartean, emakume eta gizonok kokapen sozial ezberdina izanik, prozesu ezberdinak burutzeko beharra dugu.

Ikusi PDFa

Gure genealogia feministak: Mugimendu Feministaren historia

Mugimendu feministak, ez dira orain dela hamarkada bateko kontuak; izan ere, feminismoa emakumeek munduko herrialde guztietan aurrera eramandako borroka eta ekarpenari esker garatzen joan da; herriz herri, auzoz auzo, belaunaldiz belaunialdi. Gaur egungo feminismoak badu bere jatorria, bere testuinguru politiko, sozial nahiz ekonomikoa. Hau guztia ezagutzea, munduan zein Euskal Herrian mugimenduak izandako bilakaera eta aldarrikapenak ulertzea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna ezin hobea dela uste dugu. Ikastaro honetan, mendebaldeko mugimenduaren historiaz gain, Euskal Herrian 70. hamarkadatik aurrera ezagutu dugun mugimenduaren inguruan solastuko gara, antolatzeko modu eta aurrera eramandako borrokak aztertuz.

Ikusi pdf-a

Ekin autodefentsa feministari!

Zer dira eraso sexistak? Nola pairatzen ditugu? Zeintzuk dira gure bizipenak honen aurrean? Nola identifikatu erasoak? Emakumeok pasibotasunaren ideian hezten gara eta babes beharra dugun pertsonak garela sinesten dugu. Ideia hori hautsi eta gure buruak aitortu, egoeraz jabetu eta boteretzeko autodefentsa feminista lehenesten dugu.
Egin aurre indarkeria sexistari. Nik, zuk, guk…ekin!
Indarkeria sexistak dimentsio oso zabala dauka. Edozein eremutatik dago aztertzea, edozein eremuri buruz hausnartzea. Fenomeno konplexua izanik, indarkeriaren dimentsio zabalenari heldu eta gure herrian aurre egiteko ditugun tresnei buruz hausnartuko dugu, etorkizunean ditugun erronkak identfikatu eta gainditzeko asmoz.

Ikusi pdf-a

Festa dezagun gaurdanik geroa: genero rolak jaietan

Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira: errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaiek norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute, prozesu honetan jokoan sartzen diren sentsazio eta emozio anitzen bidez. Gure ustez festak bizitzaren erdigunean daude, baloreen munduarekin erabateko lotura dutelako; herriaren nortasuna, jendarte egitura eta hortaz, bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioak ere adierazten dituzte. Horrela, jaiek eta erritoek jendarte ordena iraunarazten dute: egungo hierarkia anitzak, hegemonikoak diren gizon eta emakume irudiak indartzen dituzte. Tailer honetan gure herriko jaietan elementu diskriminatzaileak identifikatu eta horiei aurre egiteko bitartekoak eskainiko ditugu.

Ikusi pdf-a

Nola jarri bizitza erdigunean? Ekonomia feministaren oinarriak

Krisi testuinguru honetan, genero ardura naturalizatuak egonkortzen ari dira. Ekonomia feminista lan saio honen bitartez, generoak duen dimentsio sozioekonomikoan sakonduko dugu. Emakumeak eta gizonak ekonomian kokatzeaz haratago, feminitatea eta maskulinitatea ekonomian nola eraikitzen den ikusiko dugu. Bizitza prekarioetatik bizitza gozagarrietara salto egiteko lehen pausuak emateko saioa dugu hau.

Ikusi PDFa

Politika feministak: zinegotzi eta udal langileei zuzendutako trebakuntza saioa

Ia bi hamarkada pasa eta gero, berdintasun politikak eta zeharlerrotasuna hainbat eremu eta erakundeetan aplikatu direla esan dezakegu. Aldiz, emakumeon zapalkuntzarekin amaitu dela eta berdintasuna dagoela ezin dugu esan. Horregatik, ezinbesteko elementua deritzogu, aurretik egindako akatsetatik ikasi eta aldaketarako borondate politikoan oinarritutako politika publikoak martxan jartzea. Denon ardura da zapalkuntza patriarkalarekin amaitzea, baina bereziki herritarron ordezkariena. Udal politika feminista bat garatzeko ezinbestekoa den kontzientzia hartzea izango da ikastaro honen helburua, eta politika feminista hori garatzeko oinarrizko trebakuntza jasotzea.

Ikusi pdf-a

 

Irakurle eskola feminista

Irakurle talde honetan ahalduntze eta kontzientziatze feministan sakonduko dugu, betiere pentsamendu kokatua eta gorpuztua ardatz hartuta. Horretarako, esperientzia eta pentsamendu feministek sorturiko galderak, kezkak, giltzarriak eta diskurtsoak izango ditugu eztabaidagai. Askotariko irakurgaietatik abiatu (testu solteak, artikuluak, liburuak…) eta trukerako gune bat sortzea izango dugu helburu, pentsamendu kolektiboa sustatzeko, eta Euskal Herriari zein euskal kulturari buruzko pentsamendu kritiko-feminista garatzeko asmoz.

Ikusi PDFa

ESKOLA FEMINISTA IRAUNKORRAK

Gai eta beharren arabera egiten ditugun ikastaroak dira. Momentu honetan bi proiektu iraunkor ditugu martxan:

  • LABek sindikatuaren barne formaziorako eta prozesu feminista bermatzeko martxan jarritako eskola feminista iraunkorraren arduradun nagusiak gara. Eskolako edukiak bermatu, metodologia aproposak proposatu eta taldeen ebaluazio eta garapenaz arduratu gara. Era berean EH Bildu koalizioarekin ere norabide berean ari gara lanean.