Ate joka dugu udazkena, baina, oraindik, udarari eta gure herrietan hain ohikoak diren jaiei tartea gelditzen zaie. Gertutik ezagutu ditugu hainbat festa aurten ere Emagin Elkartean, Indarkeria Sexista Prebenitzeko Gunearekin jardun dugulako handik eta hemendik. Sasoi zaila izan da, eta ezin uka kezkaz bizi izan ditugula hainbat herrietan jazotako eraso sexistak. Ziurrenik ez dira beste batzuetan baino gehiago izango. Edo bai. Argi duguna da oraindik indar handia jarri behar dugula horiek prebenitzen, identifikatzen, salatzen eta horiei erantzun bat ematen. Baina, ezinbestean, horiek gertatzea baimentzen duten egiturak eta gertaerak dira errotik ezabatu behar ditugunak. Askotan aipatu izan dugun bezala, ezin dugu ulertu indarkeria sexista egunerokoan mantentzen ditugun genero harremanetatik at; hots, ez dira anomaliak edo kasu isolatuak.

Normaltasunez jantzi dugu emakumeon kontrako bortizkeria eta horren isla dira, adibidez, Euskal Herrian ditugun hainbat festa. Irailaren 8an, ospatuko da horietako bat: Hondarribiko alardea. Bertako emakumeek orain dela 26 urte eskaera egin zuten era parekidean parte hartzeko eta eskubide hori galarazi zitzaien. Urte hauetan guztietan, askotariko moduak erabili dira emakumeak alardetik baztertzeko. Izan dira presioak, irainak, plastiko beltzak, poliziak, ez ikusiarena egiten dutenak, ordutegi aldaketa saiakerak…. Erakunde publikoetatik ez da berdintasunean parte hartzeko nahiko neurririk hartu. Are gehiago esango dugu: Hondarribiko Udalak Jaizkibel konpainiari oztopoak jarri dizkion bitartean, alarde diskriminatzailea babestu eta hauspotu du. 

Errespetuaz, zilegitasunaz eta elkarbizitzaz hitz egiten entzun dugu egunotan Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea. Benetan desio dugu berdintasuna defendatzen dugunoi babesa ematea, eta ez diskriminazioa defendatzen dutenen zilegitasunaz aritzea. Elkarbizitza ez delako batzuen zapalkuntzan oinarritzen, eta, are gutxiago, zapalkuntza horren normalizazio eta instituzionalizazioan. Hondarribiko udal gobernuak bermatu beharko luke emakumeok bizitzako eremu guztietan parte hartzeko dugun eskubidea, aurpegia zuritzeko ahalegin faltsuetan denbora galdu gabe. 

Adibide baten berri eman nahi dugu. Orain dela egun gutxi, Emagin Elkarteari indarkeria sexista prebenitzeko gunea jartzeko eskaera egin ziguten Udaletik. Iaz, han izan ginen. Konturatu ginen ez genuela lotu Alardearekin dugun gatazka indarkeria sexistarekin (nahiz eta beti egin dugun bat Jaizkibilen borrokarekin). Autokritika egin dugu, eta ezin dugu  indarkeria sexistaz hitz egin, jaietan, alardearen bueltan dagoen biolentziaz hitz egin gabe. Horrexegatik, aurten, jaien inguruan egiten dugun irakurketa gunean egotea nahi genuela adierazi diegu, guretzat ezinbestekoa baita indarkeriaren egiturazko izaera lantzea. Hondarribiko Udalaren, baldintza horren aurrean, ezezkoa izan da, ez dutela Gunea kontratatu nahi. Beraz, Emagin Elkartea ez da Hondarribiko jaietan egongo. Marra gorriak argi, batzuenak eta besteonak. 

 Erakunde publikoek argi izan behar dute indarkeria sexista prebenitzeko hartzen dituzten erabakiak eta neurriak zapalkuntza patriarkala ezabatzera bideratuta egon behar dutela. Bestela, ez dira ez eraginkorrak izango, ezta egokiak ere. 

Gure babes osoa adierazi nahi diogu Jaizkibel konpainiari. Urte luzez egindako borrokagatik eta urtero Euskal herritarroi erakusten diguten duintasun eta irribarreagatik. Bertan izango gara irailaren 8an, elkartasun feministaz harro.