Zer eskaintzen dugu?
FORMAZIOA
FORMAZIOA
Herri feminista bat eraikitzeko eraldaketa pertsonalak eta kolektiboak bultazeko ikastaroak eskaintzen ditugu. Emakume talde, talde feminista, herri mugimendu eta erakunde publiko zein elkarte pribatuetan ikastaroak, tailerrak, lan saioak eta aholkularitzak ematen ditugu. Hauek dira eskaintzen ditugun gaiak.
Behar eta eskaera zehatzetara ere moldatzen gara:
Elkarte eta kolektiboetan genero botere harremanak lantzeko saioak
banatuetan egitea eta azkeneko saioa elkarrekin egitea proposatzen dugu.
Antiarrazismoa lantzeko irakurle taldea (Gipuzkoan)
Ahalduntzea
Elkar zainduz, zaintza eskubide kolektiborantz
Desboteretuz berdintasuna: maskulinitateak feminismotik (mutilentzat)
Gure genealogia feministak: Mugimendu Feministaren historia
Mugimendu feministak, ez dira orain dela hamarkada bateko kontuak; izan ere, feminismoa emakumeek munduko herrialde guztietan aurrera eramandako borroka eta ekarpenari esker garatzen joan da; herriz herri, auzoz auzo, belaunaldiz belaunialdi. Gaur egungo feminismoak badu bere jatorria, bere testuinguru politiko, sozial nahiz ekonomikoa. Hau guztia ezagutzea, munduan zein Euskal Herrian mugimenduak izandako bilakaera eta aldarrikapenak ulertzea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna ezin hobea dela uste dugu. Ikastaro honetan, mendebaldeko mugimenduaren historiaz gain, Euskal Herrian 70. hamarkadatik aurrera ezagutu dugun mugimenduaren inguruan solastuko gara, antolatzeko modu eta aurrera eramandako borrokak aztertuz.
Ekin autodefentsa feministari!
Egin aurre indarkeria sexistari. Nik, zuk, guk…ekin!
Indarkeria sexistak dimentsio oso zabala dauka. Edozein eremutatik dago aztertzea, edozein eremuri buruz hausnartzea. Fenomeno konplexua izanik, indarkeriaren dimentsio zabalenari heldu eta gure herrian aurre egiteko ditugun tresnei buruz hausnartuko dugu, etorkizunean ditugun erronkak identfikatu eta gainditzeko asmoz.
Festa dezagun gaurdanik geroa: genero rolak jaietan
Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira: errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaiek norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute, prozesu honetan jokoan sartzen diren sentsazio eta emozio anitzen bidez. Gure ustez festak bizitzaren erdigunean daude, baloreen munduarekin erabateko lotura dutelako; herriaren nortasuna, jendarte egitura eta hortaz, bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioak ere adierazten dituzte. Horrela, jaiek eta erritoek jendarte ordena iraunarazten dute: egungo hierarkia anitzak, hegemonikoak diren gizon eta emakume irudiak indartzen dituzte. Tailer honetan gure herriko jaietan elementu diskriminatzaileak identifikatu eta horiei aurre egiteko bitartekoak eskainiko ditugu.
Nola jarri bizitza erdigunean? Ekonomia feministaren oinarriak
Krisi testuinguru honetan, genero ardura naturalizatuak egonkortzen ari dira. Ekonomia feminista lan saio honen bitartez, generoak duen dimentsio sozioekonomikoan sakonduko dugu. Emakumeak eta gizonak ekonomian kokatzeaz haratago, feminitatea eta maskulinitatea ekonomian nola eraikitzen den ikusiko dugu. Bizitza prekarioetatik bizitza gozagarrietara salto egiteko lehen pausuak emateko saioa dugu hau.
Irakurle eskola feminista
Irakurle talde honetan ahalduntze eta kontzientziatze feministan sakonduko dugu, betiere pentsamendu kokatua eta gorpuztua ardatz hartuta. Horretarako, esperientzia eta pentsamendu feministek sorturiko galderak, kezkak, giltzarriak eta diskurtsoak izango ditugu eztabaidagai. Askotariko irakurgaietatik abiatu (testu solteak, artikuluak, liburuak…) eta trukerako gune bat sortzea izango dugu helburu, pentsamendu kolektiboa sustatzeko, eta Euskal Herriari zein euskal kulturari buruzko pentsamendu kritiko-feminista garatzeko asmoz.
ESKOLA FEMINISTA IRAUNKORRAK
Gai eta beharren arabera egiten ditugun ikastaroak dira. Momentu honetan bi proiektu iraunkor ditugu martxan:
- LABek sindikatuaren barne formaziorako eta prozesu feminista bermatzeko martxan jarritako eskola feminista iraunkorraren arduradun nagusiak gara. Eskolako edukiak bermatu, metodologia aproposak proposatu eta taldeen ebaluazio eta garapenaz arduratu gara. Era berean EH Bildu koalizioarekin ere norabide berean ari gara lanean.