Larrabetzun zaintzak demokratizatzen

2024an ekin zion Larrabetzuko Udalak zaintza sistemaren inguruan gogoetatzeari. Momentuko egoera zein zen hobeto ezagutzeko diagnostiko bat egitetik ekin zion bideari, eta Emagin Elkartea aritu ginen hasierako urrats horretan laguntzen. Diagnostiko horri esker argiago ikusi dira Larrabetzun zaintzaren alorrean momentuan azaleratzen diren beharrak, urgentziak eta gogoak zein diren. Orain, emaitzak esku-artean, zaintzak demokratizatzeko lanean jarraitzea erabaki du Larrabetzuko Udalak eta diagnostikoan agertutako erronkei erantzuteko ekintza plan bat diseinatuko dugu aurten.

Larrabetzu, zaintzak demokratizatzeko laneanAlde batetik, zaintza lanen aitortzan, eta balioespenean sakontzeko ekintzak definituko dira. Baina horrez gain, zaintzaren inguruko diskurtsoak eraldatu eta erantzunkidetasuna sustatuko dutenak, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetuko dituztenak, arreta publikoa hobetu eta saretze komunitario sustatuko dutenak. Gainera, modu konkretu batean egingo da bidea, lankidetzan. Izan ere, Larrabetzun 2024tik gaur egunera arte buru belarri lanean diharduen herritar talde bat ari da Emagin eta Udala egiten ari diren lana norabidetzen.

Beste toki batzuetan gai horien bueltan egiten ari direna ezagutzea izango da ekintza plana sortzeko prozesuko lehenengo eginkizuna eta horretarako hiru aukera izango ditugu udara bitarte izango diren esperientzien plaza izeneko dinamikaren bdiez. Bakardadea eta zaintzaileen zaintza hizpide hartuta burutu zen lehenengo esperientzien plaza.

Getxo Zurekin eta Eibar zein Elgoibarko Udaletxeek zaintzako eta etxez-etxeko langileentzat eskaintzen duen doaneko aholkularitza zerbitzua hurbildik ezagutzeko aukera izan genuen bertan. Ekainaren 4an eta 16an beste esperientzia batzuk ezagutzeko hitzorduak izango dira. Pertsona desgaituen errotze komunitarioa izango da gaia lehenengoan eta landa eremua eta eguneko arreta bigarrengoan.