Miren Aranguren

Biluztu. Guztiz biluztu gaitu Covid-19 deituriko birusaren aitzakian izendatu den osasun krisiak. Agerian gelditu da nolakoa den eraiki dugun gizartea, nola antolatzen garen, zerk duen egiturazko lehentasuna eta zer den beharrezkoa (nahiz eta ez den lehen lerrotzat hartzen). Aspalditik, bereziki Mugimendu ekologistek zein feministok adierazi genuen zibilizazioaren krisi baten aurrean ginela, kolapso ekologikoaren atarian, eta horrek, besteak beste, zaintza krisia eragin duela. Hain zuzen ere, ez da osasun krisia soilik lehertu zaiguna, baizik eta sistema osoa. Eta inork ezin dugu jada beste aldera begiratu; izan ere, denon etxeko atetik indarrez sartu da kapitalismo patriarkala. Beto Preziadok (2020) adierazten duenarekin bat egiten dut: “Muga nekropolitiko (kontzeptuak erreferentzia egiten dio pertsonen bizitzaren eta heriotzaren gainean egiten den erabilpen sozial eta politikoari) berria Greziako kostaldetik etxe pribatuaren ateraino joan da. Lesbos orain zure etxeko atean hasten da. Eta mugak geroz eta gehiago hesitzen zaitu, zure gorputzera geroz eta gehiago gerturatzeko bultzaka ari da. Calais orain aurpegian lehertu zaizu. Muga berria maskara da. Arnasten duzun aireak zurea bakarrik izan behar du. Muga berria zure epidermisa da. Lampedusa berria zure larruazala da”.

Behin eta berriz botere gune zein komunikabide nagusietatik ongi geundela adierazi zaigu eta birusa izan dela krisia eztandarazi duena. Aitzitik, jakin, badakigu ezhoiko egoera honek indartu besterik ez duela egin gure gorputz eta bizitzen gaineko kontrol heteropatriarkala eta kapitalista: agerikoagoak eta handiagoak egin ditu herritarron arteko arrakalak eta geroz eta nabariagoak generoaren, klasearen eta jatorriaren zein arrazaren araberako zapalkuntzak. Bizitza salbatzeko aitzakian, jarri dituzte gure gorputzak eta lurrak, gure bi territorio nagusiak, kapitalaren mesedetan; hots, bizitzak alboratu dituzte, bizitzaren izenean. Orokortu da bizitza batzuk besteak baino gehiago balio dutenaren ustea, soilik errentagarriak diren gorputz horiek salbatu behar direla. Inoiz baino argiago gelditu da jokoan dagoena dela zein bizitza nahi ditugun salbatu eta zein alboratu: ez garelako berdin gaixotu, ez ditugulako sendatzeko aukera berdinak, azken batean, ez dugulako posizio sozial berdina. Zer egingo dugu, hortaz, baliorik gabekoak direla erabaki “dugun” bizitza horiekin?

agerikoagoak eta handiagoak egin ditu herritarron arteko arrakalak eta geroz eta nabariagoak generoaren, klasearen eta jatorriaren zein arrazaren araberako zapalkuntzak.

Bitartean, normalitatearen aldarria darabil askoren ahotan. Baina nik ez dut hiltzailea den normalitatera bueltatu nahi, gure lurraldeak krisi etengabera kondenatzen dituen normaltasunera, indarkeriaz betetako horretara. Eta “normalitate berria” konponbide faltsua dela argi daukat; izan ere, krisi honek gizarte gisa hartu nahi dugun norabideaz galdegiteko aukerak ireki dizkigu, eta, horrenbestez, soinean zer nahi dugun pentsatzeko aukera baliatu behar dugu.

Jantzi. Makina arazo urgenteei aurre egin behar diegu eta horretarako galdera zein erantzun berriekin jantzi behar dugu gure ekinbidea. Donna Harawayk dioen bezala, arazoen zerrenda amaigabea da eta horiekin nola jarraitu pentsatu behar dugu; hots, arazoarekin jarraitu behar dugu (bere azken liburuaren tituloa da azken hori). Horiei aurre egiteko, ordea, kolektiboa ez den beste biderik ez dago. Ezin dugu egoera era optimista eta zinikoan pentsatu. Elkar saretzen jarraitu behar dugu, ziurgabetasunaren garaian, orainaldi iraunkorra eraikitzeko. Eta norabide horretan ezin dugu geldirik egon, ezin dugu kudeatu gaitzaten zain egon, ezinbestean ekintza politikoa da berriz pentsatu behar dugun zerbait (bai, berriz ere). Ekiteko eta irudikatzeko era berriak behar ditugu, sistema biozida hau aldatzeko grina pandemia bilaka dadin.

 …ezinbestean ekintza politikoa da berriz pentsatu behar dugun zerbait (bai, berriz ere). Ekiteko eta irudikatzeko era berriak behar ditugu, sistema biozida hau aldatzeko grina pandemia bilaka dadin.

Funtsezkoa da bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu bat egikaritzeko, zaintza ereduaz hausnartzea. Pertsonen arteko zein gizakiok naturarekin dugun harremanek errespetuan eta elkarrekikotasunean oinarritzeko, eredua definitzen eta materialitzatzen hasi behar dugu. Espezie bezala bizirauteko eta egoera bidegabeak ezabatzeko, ezinbesteko ariketa da. Egoera honek ezin du izan emakumeoi berriz ere bizitza eusteko ardura guztia uzteko aitzakia, derrigorrezko zaintza zerbitzua gure gain gelditzeko.

Elkarbizitza nola berrantolatuko dugun adostu eta hori ahalbidetzeko beharrezko proposamenak egin behar ditugu, eremu guztietan; espazio intimoetan zein lege arauetan. Bide horretan gure bizimoduak eraldatzeko konpromisoa mantentzea izango da bizitza duina erdigunera ekartzeko berme nagusia. Horretarako hiru gako daude, besteak beste. Lehen gakoa da bizitzaren zaurgarritasunaren eta elkarmenpekotasunaren ideia. Inguruarekiko dependentzia dugu, gure lurraldeetan garatzen delako bizitza eta elkarren beharra dugu, ez gara produzitzera eta kontsumitzera mugatzen diren izaki autonomoak. Menpekotasuna izakiok komunean dugun ezaugarria da, etengabeko hartu-emanean bizi behar dugu eta ezinbestean zaindu beharra dugu bizitza. Inguratzen gaituzten mugak aitortu behar ditugu, izakiak, planeta, natura… finitoak dira, bizitza bezalaxe. Horregatik da derrigorrezkoa zaintzea, elkar zaintzea.

 Zaintza lanak demokratizatzen hasteko hiru egiteko urgente ditugu: bata, zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa lortzea; bestea, zaintza lanak era justoago batean banatzea, eta, azkena, zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea.

Bigarrena da, bizitza guztiek balio berdina dutela. Batzuk ez dute beste batzuk baino gehiago balio, nahiz eta jendarte antolaketa honek gutxi batzuk bakarrik pribilegiatu (gizonak, zuriak, burgesak, heterosexualak, helduak eta funtzionalki normatiboak). Nahiz eta baldintza politiko eta ekonomiko ezberdinak izan, bizitza guztiek izan beharko lukete balio berdina. Bizitzak ez dira gure gizartearen mehatxu, bizitza horiek duinak egiten ez dituzten zapalkuntza sistemak baizik. Horregatik, bereizkeria egoerak non sortzen diren tentuz begiratu behar da. Ezin da soilik zapalkuntzek sortzen dituzten ondorioetan arreta jarri.

Hirugarren gakoa honakoa da: ezinbestean begiratu behar diogu bizitza zaintzeko lanaren antolaketari. Hori gainditzeko, zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak demokratizazio prozesuan jarri behar ditugu.

Iparra zaintzaren eskubide kolektiboa bermatzeko prozesua martxan jartzea da, eta hori ez da egun batetik bestera aldatuko. Horrenbestez, zaintza lanak demokratizatzen hasteko hiru egiteko urgente ditugu: bata, zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa lortzea; bestea, zaintza lanak era justoago batean banatzea, eta, azkena, zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea.

Pauso erabakiorrak emateko tenorean gaude, gure etxeetan, gure mugimenduetan, familietan, herrietan. Komunitate berriak harilkatzeko unean. Elkarrekin, jantzi berriekin, ekiteko momentuan.