Gaur, martxoak 30 Etxeko langileen Nazioarteko eguna dugu. 1988an, Bogotan, Latinoamerikako Etxeko langileen I. Kongresuaren ondorioa izan zen eta zoritxarrez, orduan salatzen ziren bizi baldintzek ez dute hobera egin. Egun, ikusezinen dauden langileak dira; ez dakigu zenbat langile dauden etxeko zerbitzuetan lanean eta hainbat ikerketek diotenez, %25-45 artean ekonomia ezkutuan eta era irregularrean daude. Legeri eta araudi bereziek ezaugarritzen dute etxeko zerbitzua eta horrek prekarizazioa, bazterketa eta bidegabekeriak baimentzen ditu. Bortizkeria eta gehiegikeriak jasaten dituzte. Irregulartasun administratiboak, jatorriak, klaseak, generoak edota egoiliar izaerak, zuzenean eragiten du pertsonaren zaurgarritasunean eta horrek errazten ditu gehiegikeriak, nola lan arlokoak, hala psikologikoak eta sexualak etxeko langileen kasuan.

Covid-19aren hedapenarekin are eta zaurgarriagoa egin da etxeko langileen egoera eta ikusgarria egin da sektoreko prekarietatea. Asko eta asko enplegurik gabe ari dira gelditzen (horrek dituen ondorioekin) kontratua ete delako, kaleratu dutelako edo zaintzen zuten pertsona hil delako. Lanik gabe eta Langabezia prestaziorik gabe gelditu dira eta egoiliar asko etxerik gabe gelditu da.

Bestalde lanera joan behar dutenek ez dute babes berme nahikorik, aurretik ez zituzten eta are gutxiago larrialdi egoetan. Orain ere sektoreko langileek ez baitituzte jaso irizpiderik ezta baliabiderik ere osasuna bermatu eta kutsatzeak ekiditeko. Hori gutxi balitz egoiliar askok lan zama askoz handiagoa onartu behar izan dute eta atsedenerako zein aisialdirako tarteak guztiz ukatu zaizkie. Finean, neoesklabutzaren pareko lan-baldintzetan dihardute etxeko langileek.


Horregatik, Emagin Elkartetik, Etxeko Langileen hainbat elkartek eta talde feministek egin dituzten aldarrikapenekin bat egin nahi dugu:

– Gizarte segurantzan alta emanda zeudenentzat langabezia prestazioa eta diru-iturri minimoak bermatzeko neurriak.
– Lanean jarraitzen duten guztien osasuna bermatzeko babes neurriak eta baliabideak.
– Gizarte segurantza ez ordaintzeko aukera zabaltzea.
– Etxeko langile guztien egoera erregularizatzea, lan ordu, erresidentzia baimen edo bestelako mugarik gabe.

Euskal jendartean bizitza zaintzeko ditugun zailtasunak agerian geratu dira egunotan. Lehentasuna kapitalaren metaketa eta arlo produktiboarekin lotzen ditugun jarduerak izaten jarraitzen du askorentzat. Sistema honek ez du gaitasunik biztanleriaren geruza askoren ongizatea bermatzeko eta datozen urteetan egoerak okerrera egin dezake bizitza eta zaintza beste era batera kudeatzen ez baditugu behintzat. Horregatik zaintza eta etxeko lanak ezin du izaera pribatua, merkantila, femeninoa eta prekarioa izan. Guztiok bizitza duinak izatea lortuko dugu, soilik, ekonomiako lehentasunak eraldatu eta zaintza eta etxeko lanak izaera pribatua edukitzeari uzten badiote.

Argi gelditu da zein diren bizitza eusten duten lanak eta zein diren derrigorrezkoak guztion bizitzak zaintzeko, eusteko, mantentzeko eta goxatzeko. Ezin ditugu bazterrean utzi eta guztiz prekaritzatu, hori horrela, etxeko eta zaintza lanak ikusgarri egin behar dira, eta balio zein aitortza politiko, sozial eta ekonomikoa eman behar zaie. Izan ere, bai osasun larrialdi egoera honetan, eta, baita etorkizunean ere, zaintza lanen ardura ez da indibiduala eta pribatua, kolektiboa eta politikoa baizik.

Emaginetik bat egiten dugu etxeko langileen kanpaina honekin: https://labur.eus/erresistentziakutxa

Zaintza eta etxeko langileen bizi eta lan baldintza duinen alde,

Guztion bizitzaren alde!

%d bloggers like this: