Bortzirietako zaintza antolaketa

Bortzirietako zaintza antolaketa

Bortzirietako zaintza antolaketa.
Zaintza lanen diagnostikoa eta ekintzarako proposamena

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua 2022. urtean sortu zen, eta zerbitzua martxan jarri zenean eskualdeko egoera ezagutzeko ikerketa bat abiatu zuten. Ikerketa horretan argi geratu zen zaintza lanak jorratu behar zirela, eta horren ondorioz abiatu zen diagnostikoa egiteko prozesua. Bortzirietako zaintzaile profesionalen, etxeko langileen, zaintzaile afektiboen, amen, adineko pertsonen, desgaitasunari arreta ematen dioten langileen eta haur eta gazteen hezkuntzan daudenen esperientzia zein beharretan oinarritutako lan kualitatiboa da. Lanaren helburua argia da: zaintza lanen antolaketa bidegabeari aurre egitea, eta horiek demokratizazio bidean jartzeko aldaketak sustatzea.

Bortzirietako zaintza antolaketa: zaintza lanen diagnostikoa eta ekintzarako proposamena 2025 lanaren ondorio nagusiak jasotzen dituen gidaliburua sortu dugu.

Hemen deskargatu dezakezu: bortziriakberd.eus

Berriak egindako erreportajea hemen irakur daiteke: berria.eus

 

Bortzirietako zaintzen antolaketaren gida
Zaintzak gidaren argazkia

Orion, zaintzaren uberan marea bizia

Orion, zaintzaren uberan marea bizia

Orion, zaintzaren uberan marea bizian

Orioko Udalak herriko zaintza-eredua eraldatzeko prozesua abiatu zuen 2024aren hasieran. Orioko Udalak lankidetza bikoitz bati esker egindako urtebeteko prozesua abiatu zuen: udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak gidatu dute dinamika, eta Emagin Elkartea eta Matia Fundazioa izan gaituzte horretan bidelagun.

Lehen zeregina herriko diagnostikoa eratzea izan zen, eta horretarako zaintza-sistema sostengatzen duten zenbait eragile publiko-pribatu eta komunitarioekin izan ginen talde elkarrizketa eta lan saioen bidez herriko argazkia osatu eta behar nagusiak identifikatzeko. Horrez gain, herritarren artean galdetegi bat zabaldu genuen, eta horrek ere eman zigun herriko egoeraren informazioa.  Ehunka lagunen testigantzak jaso dira, eta benetan izan da diagnostiko mamitsua. (Hemen dago ikusgai laburpena: gukoriori.eus)

Lehen fase hori gaindituta, herrian zaintzarekin akordio zabal bat osatzeko lanean jardun dugu azken hilabeteotan. Akordio horren baitan honako bisioa txertatu dugu: desfeminizazioa eta zaintza lanen birbanaketa, desfamiliarizarioa eta etxeko eremu pribatutik ateratzea, desmerkantilizazioa eta eremu publiko zein kooperatiboa indartzea eta desinstituzionalizazioa, eta pertsona oro subjektu aktibo eta burujabe bilakatzea. Horregatik, datozen hilabeteotan ekintza zehatzetara lurreratzeko proposamenak lantzen jarraituko dugu lanean.

Zaintza diagnostikoa
Zaitnzak plazara ekitaldiaren argazkia
Zaintzak plazara panel informatiboa
Zaintzak zagan
Zaintzak zagan

Sakanan Gizontasuna lantzen duen gizon taldea

Sakanan Gizontasuna lantzen duen gizon taldea

Sakanan Gizontasuna lantzen duen gizon taldea

Badira urte batzuk Sakanan eta Altsasun gizonok gure munduan egoteko moduari buruz hausnartzeko guneak sortu dituela Emaginek. Gizontasuna hainbat ertzetatik lantzeko tailerrak: sistema sexu-generoa, komunikazioa, rol eta estereotipoak, pribilegioak eta horiek zalantzan jartzeko tresnak… Saio bakoitzak gai horietan sakontzeko aukera ematen digu, ez bakarrik teoriatik, baita bizipen pertsonal eta kolektibotik ere.

Aurten, urrats garrantzitsu bat eman dugu: hamar partaide inguru biltzen dituen talde bakarra finkatzea. Kopuru apala dirudi, baina prozesu horietan topaketaren kalitateak kantitateak baino pisu handiagoa du. Adin eta motibazio aniztasunak espazioa aberasten du eta trukea sortzen du, non bakoitzak aldi berean ekarpenak egin eta ikasten duen.

Saioak askotarikoak izan dira ikuspegiari eta dinamikei dagokienez. Teoria trinkoko uneak izan dira, eztabaidak kokatzeko beharrezkoak; beste batzuetan taldeak kezka pertsonalak partekatu ditu, elkarrizketa irekiak eta zintzoak sortuz; eta gorputza eta espazioa ere aztertu ditugu, nola mugitzen garen eta gure presentziarekin zer transmititzen dugun aztertuz. Ikuspegi horiei guztiei esker, urratsez urrats egin dugu aurrera, ideia zurrunak desmuntatuz eta galdera berriak irekiz.

Azken saioetan, kezka sortzen duen gai bat sortu da behin eta berriz: diskurtso antifeministen gorakada sare sozialetan, neoliberalismoak eta sektore erreakzionarioek elikatuta. Horiei aurre egiteko estrategiak landu ditugu, manosfera eta narratibak ulertuz, eta argumentario sendo bat eraikiz, mezu horiei ikuspegi kritiko eta konprometitu batetik erantzuten lagunduko diguna.

Gure metodologiak parte-hartzailea izaten jarraitzen du: oinarri teoriko batetik abiatzen gara, baina gero bakoitzak egiten ditugun galderen inguruan lan egiten du, eroso sentitzen den neurrian partekatuz. Beti ateratzen da zerbait argi, baita deserosotasuna dagoenean ere. Prozesuaren parte da: gizontasunari buruz hitz egiteak pribilegioak zalantzan jartzea eta orain gutxi arte naturaltzat jotzen genituen egiturak desmuntatzea dakar.

Gaur egun, hilean behin biltzen gara Altsasuko Gure Etxean. Gizontasun tradizionala arakatzen eta desarmatzen jarraitzen dugu, gizon askeagoak, justoagoak eta kontzienteagoak izateko moduak eraikitzeko.

 

Maskulinitateei buruzko tailerrak

Blusa eta Nesken genero harremanen inguruko ikerketa kuantitatiboa

Blusa eta Nesken genero harremanen inguruko ikerketa kuantitatiboa

Blusa eta Nesken genero harremanen inguruko ikerketa kuantitatiboa

2023ko abuztuan eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko eta erasoen aurrean jarduteko protokoloa aurkezteko agerraldia egin zuen Blusen eta Nesken Parekidetasun Batzordeak. 2015etan ekin zioten barne mailan eraso matxisten afera lantzeari eta dagoeneko, kide diren kuadrilla guztiek protokoloa beren gain hartzea eta aplikatzea lortu dute.

Barrura begirako lanketa horretan urrats bat gehiago eman dute orain, eta Blusa eta Nesken dinamika genero ikuspegitik aztertu dute. Emaginek Aztikerrekin batera sortu duen inkesta baten bidez burutu da azterketa hori. Arrakastatsua izan da egindako lana, aurreikusitako lagina gainditzeaz gain (401 kidek erantzun dute inkesta %95 baino konfiantza maila handiagoarekin), Blusa eta Nesken ikuspegiak eta dinamikak bistaratzea ekarri duelako, eta hori ikuspegi feministatik analizatzea izan da Emaginen lana. Kuadrilla ezberdinetako kideek feminismoarekiko daukaten ezagutza eta atxikimenduaren berri eskuratu da, batetik; eta, Blusa eta Nesken izaera definitzen duten alderdi ezberdinen analisi bat ere egin da, bestetik. Hala nola, lan eta ardura banaketa, kontziliazioa, parte hartzea, balio eta kultura, edo indarkeria jarri dira auzitan eta denetan ala denetan ematen diren errealitateak bistaratu dira analisian.

Lan honi esker, barne mailako dinamika nolakoa den eta zein iritzi sortzen dituen ezagutzeko parada izan dugu. Eta guzti hori ikuspegi feminista batetik aztertzean, aurrera begirako jardun feminista indartzeko eremu ugari hauteman dira. Hemendik aurrera bidea egiten jarraitu beharra dago, batez ere, inkestan azaleratu den gogo feminista, iritzietan ez ezik praktikan ere islatzeko.

 

Blusa eta neskak genero harremanen inguruko ikerketa<br />

Torturak ikuspegi feministatik aztertzen

Torturak ikuspegi feministatik aztertzen

Torturak ikuspegi feministatik aztertzen​

Torturak ikuspegi feminista batetik aztertzen gabiltza. Iaz, torturatuak izan diren gertuko hainbat emakumek Emaginengana jo zuten feminismotik gai honi heltzeko beharra mahaigaineratuz. Emagineko lantaldetik hartu genuen erronka honi heltzeko konpromezua eta Olatz Dañobeitia dabil gurekin lanean buru belarri. Izan ere, berak gai hau jorratu du, beste batzuen artean, iaz aurkeztutako tesian: Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua.

Gure balioak jarraituz, kolektiboan egin nahi dugu prozesu hau. Horregatik, ordura arte egindakoa kontrastatzeko barne topaketa batzuk antolatu genituen abenduan eta Oreretan elkartu genituen torturatuak izan diren hainbat emakume, abokatuak, mugimendu feministako kideak eta gai hauen bueltan ikertu edo ikertzen ari direnak. Ekarpen horiek testuan integratu eta aurten liburua kaleratzeko asmoa daukagu. Horrekin batera, erreparazioaren inguruko jardunaldi ireki batzuk antolatuko ditugu udazkenean.

 

Tortura feminismotik aztertzen