ELKAR ZAINDUZ ARRISKUTSUAK GARA! COVID-19AREN INPAKTUA EMAKUMEENGAN: INDARKERIA MATXISTA ETA ZAINTZA LANAK

ERAKUSKETA + DOSIERRA

Ordura arte ezagutzen ez genuen ez ohiko egoera ezarri zen 2020ko martxoaren 14ean. Covid-19aren osasun krisiak ordura arteko normaltasuna eztandarazi zuen gure etxeko atarian, eta aukera izan genuen indarkeriaz zein zapalkuntzez osatuta dagoen normaltasuna habitatzen duten munstroak agerian uzteko. Horrenbestez, Mugimendu Feministatik urteetan salatzen ari ginen zibilizazioaren krisia edota sistema osoaren krisi sakona agertzeko aukera izan genuen; argi izpi bat.

Krisia bera kronikoa zen, Covid19a, ordea, iragankorra nahi dute. Baina, gure esku dago krisia guztiz kronifikatzen ez uztea, erroak aldatzea, eta bortizkerian oinarrituko ez den jendarte berria eraikitzea; trantsizio ekofeminista hauspotzea, hain zuzen ere. Horregatik, egin dugu lan hau, gertatzen zaiguna ulertzeko ekarpen txiki gisa. Denbora behar izan dugu, abiadura handiz ezin izan baikenuen aztertu Gipuzkoako emakumeen errealitatean zer zetorren lehendik eta zer berri ekarri zituen pandemiak.

Bi ardatz aletu ditugu: indarkeria matxista eta zaintza-erregimena. Eta horietan aztertu, esan bezala, zein elementu berri ditugun eskuhartze feministarako. Txosten bat atera dugu, eta erakusketa bat, Euskal Herriko herrietan jartzeko.