Itsasondoko Kulturarteko Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazista

2024n hasi ginen proiektuari jarraipena ematera gatoz. Itsadondoko Udal langileekin eta herritarrekin pribilejio zuriaren inguruan aritu ginen lanean, antiarrazismoaz hitz egiten hasteko lehenengo pausoak emanez. Lehen galderak planteatuta hurrengo pausoa Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazista bat sortzen hastea da.

Ezinbestekoa da erabakiak hartzeko espazioetan gure komunitateak osatzen dituzten askotariko ahotsak bermatzea, benetan demokratizazioan sakondu dezagun, eta gizarte geroz eta justuagoak sor ditzagun. Norabide horretan, ezinbestekoa ikusten dugu emakume migratzaile eta arrazializatuek ekonomian, gizartean eta kulturan egiten duten ekarpena aitortzea eta tokiko errealitatea nola elikatzen duten mahai gainean jartzea, gaur egun diskriminatuta dauden herritarrak direlako.

Nahiz eta haien borroka eta erresistentziei esker eguneroko errealitatea aldatu, espazio komunitarioetan azpi ordezkatuta jarraitzen dute, eta ez dute ordezkagarritasun zuzenik ezta intzidentziarako aukera handirik tokiko politika publikoen diseinu, garapen eta ebaluazioan. Hori guztia, egiturazkoak diren arrazakeria, xenofobia eta zapalkuntza patriarkalak sortzen dute, eta haien egunerokotasuna oztopoz beterik dago, bizitza sozial eta politikoan parte hartzeko. Lan prekarietateak, lanaren banaketa arrazializatuak eta etnoestratifikatuak, indarkeria instituzionalak, haien aurreko bizitzaren ukapenak, ikasketen homologazio ezak, egoera administratiboa erregularizatzeko oztopoak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, jatorrizko herrialdeetako ardurek… asko mugatzen dute haien parte hartze indibidual zein kolektiboa.

Horregatik, emakume migratu eta arrazializatuen errealitatea jasotzea, eta boteretze prozesuak sustatzea, ezinbesteko bilakatzen da tokiko politika publikoak benetan izan daitezen herritar ororen errealitatea hobetzera bideratuak. Eta, horrexegatik, Itsasondoko udaletik, Itsasondon bizi diren emakume migratu eta arrazializatuen egoera jaso eta eraldatzeko eskuhartzeak identifikatuko dituen ikerketa prozesu parte hartzailea garatzen ari gara, non haiek izango diren ikerketa lanaren subjektu nagusia eta herritar guztion konpromisoa bilatuko dugun eguneroko jarrerak zein politika publikoak aldatzeko. Horiek horrela, udala eta komunitatea interpelatuko dituen prozesua izango da, eta epe luzera emakume migratu eta arrazialiatuen parte hartze aktibo, iraunkor eta eraldatzailea bermatu nahi du. Beraz, ezagutzaren eraikuntza kolektiborako zein boteretze kolektiborako espazio bat sortuko dugu, tokiko politiketan ikuspegi antiarrazista eta kulturartekoa berma dadin, eta herritar orok eskubide berdinak izan ditzan, jatorria, arraza edo migrazio egoera edozein dela ere.

Beraz, epe ertain luzerako prozesu baten abiapuntuan gaudela esan dezakegu.

Ikerketa ekintza partehartzaile honetan komunitatearen parte garrantzitsua diren emakume migratu eta arrazializatuak izango dira subjektu nagusi eta lidergoa izango dutenak, haien egunerokoan aldaketa sakonak eragingo dituen herriko eskuhartzea osatzeko. Izan ere, metodologia honen oinarrian dago komunitatea bera izatea aldaketa sozialaren subjektu nagusia eta bizi baldintzetan eragiteko bideak marrazten dituztenak
Itsasondoko Kultuarteko Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazistari ekin nahi diogu. Ardura hartze batetik hasten delako aldaketa. Eskerrik asko!