Orion, zaintzaren uberan marea bizian
Orioko Udalak herriko zaintza-eredua eraldatzeko prozesua abiatu zuen 2024aren hasieran. Orioko Udalak lankidetza bikoitz bati esker egindako urtebeteko prozesua abiatu zuen: udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak gidatu dute dinamika, eta Emagin Elkartea eta Matia Fundazioa izan gaituzte horretan bidelagun.
Lehen zeregina herriko diagnostikoa eratzea izan zen, eta horretarako zaintza-sistema sostengatzen duten zenbait eragile publiko-pribatu eta komunitarioekin izan ginen talde elkarrizketa eta lan saioen bidez herriko argazkia osatu eta behar nagusiak identifikatzeko. Horrez gain, herritarren artean galdetegi bat zabaldu genuen, eta horrek ere eman zigun herriko egoeraren informazioa. Ehunka lagunen testigantzak jaso dira, eta benetan izan da diagnostiko mamitsua. (Hemen dago ikusgai laburpena: gukoriori.eus)
Lehen fase hori gaindituta, herrian zaintzarekin akordio zabal bat osatzeko lanean jardun dugu azken hilabeteotan. Akordio horren baitan honako bisioa txertatu dugu: desfeminizazioa eta zaintza lanen birbanaketa, desfamiliarizarioa eta etxeko eremu pribatutik ateratzea, desmerkantilizazioa eta eremu publiko zein kooperatiboa indartzea eta desinstituzionalizazioa, eta pertsona oro subjektu aktibo eta burujabe bilakatzea. Horregatik, datozen hilabeteotan ekintza zehatzetara lurreratzeko proposamenak lantzen jarraituko dugu lanean.