Duela pare bat urte Emagineko kideongana ate-joka etorri ziren emakume* militante batzuk, torturak jasandakoak guztiak ere, eta Nafarroako Torturatuen Sarean bertan edo horren bueltan torturaren aurkako dinamiketan ekinean zebiltzanak. Torturak eragindako bortxak izendatzeko, aletzeko eta ulertzeko analisi feminista bat osatzeko behar kolektiboa azalerazi ziguten: marko feminista bat eraikitzearen garrantziaz ohartarazi gintuzten. Adierazi zigutenez, ez zuten testingantza-bilduma bat osatzeko premiarik sentitzen, bestelako behar batek eraman zituen gurekin biltzera: bizitako bortxa-egoera eta bortxa-gertaera horiek berrinterpretatzeko tresna bat elkarrekin eraikitzeko gonbidapena egin nahi ziguten, betiere feminismoa iparrorratz izanda.
Ezin dugu bazter utzi ukaezina dena: emakume* torturatuek (eta, geure ustez, gizon torturatuek ere) indarkeria matxista pairatu dute, batez ere inkomunikazio-garaian, baina ez hor bakarrik. Indarkeria-mota horiei, aldiz, feminismotik beste indarkeria-kasu batzuei bezainbesteko arreta ez diegu eskaini. Zulo horren jabe izanda, Emaginetik guregana hurbildu ziren militante torturatu horien interpelazioari heldu genion, eta torturaz jarduteko marko feminista bat eraikitzeko ariketa kolektiboa egin dugu publikazio honetan.
Ariketa kolektibo honetan, beraz, ikuspegi feministatik aztertu nahi izan dugu errepresio-molde jakin bat: Euskal Herriko gatazka politiko-armatuan borrokatu duten emakumeek* pairatu dituzten torturak. Torturak indarkeria matxistaren begiradatik aztertuko ditugu, are gehiago, torturak indarkeria matxisten beste ertz bat baino ez direla uste dugu. Emakume* militante hauen kontrako bortxa jakin hau, tortura politikoa, bi menderakuntza-ardatzen bidegurutzean gauzatzen da: alde batetik, emakume* kategoriak zedarritzen duen menderakuntza-ardatza, indarkeria-mota askoren jomugan jartzen zaituena; beste alde batetik, nazio-zapaldu baten kide izan eta herri hori askatzearen alde borrokatzeak beste (estatu-)indarkeria askoren jomugan jartzen zaitu.
Edozein feministaren modura, indarkeria matxistak pairatu dituzten emakume* guztien erreparazioa nahi dugu, baita torturak jasandako emakumeenak* ere. Prozesu kolektibo honen helburua horixe da, emakume* horien berregite-prozesuetan bidelagun izatea. Izan ere, edozein erreparaziok, edozein berregitek pertsonala bezain kolektiboa izan behar du, ezinbestean.
Liburu honek, beraz, kontzientziak astindu nahi ditu. Ezerosoa eta mingarria den gai bat hizpidera ekarri nahi du. Jakin badakigu torturaren gaiak gaur egun pereza, erreakzio eza, isiltasuna edo distantzia jarri nahia modukoak eragiten dituela. Hain justu, halako erantzunek eta tortura hizpide ekartzeak dakartzan deserosotasun eta ezinegon horiei aurrez aurre begiratu nahi diegu, iskin egin gabe. Iraganean lurperatu nahi den errealitate hori gaur egun bizi-bizirik dagoela azalerazi nahi dugu. Tortura politikoak, oro har, eta, sexu-tortura politikoak, zehazki, indarkeria matxisten testuinguruan kokatuko ditugu, eta bortxa horiek aztertzeko marko analitiko-feminista bat garatzeko lehen urratsak egin nahi ditugu. Halako marko bat sortzearekin hiru geruzatan eragin nahi genune: batetik, torturatu dituzten herritarrentzat tresna baliagarri bat izatea nahiko genuke, bizi izan dutena ulertzeko marko feminista bat eskaintze aldera; bestetik, torturak bigarren pertsonan bizi izan dituztenei, izuaren geografiak feminismotik ulertzeko eta desaktibatzeko marko berri bat eman nahi diegu, erreparazioan bidelagun eraginkor izateko baliabideak izan ditzagun; eta, azkenik, torturak hirugarren pertsonan bizi izan dituztenentzat erreparazio sozial horretan eragile aktibo bilakatzeko bultzada izan nahi du.
Gogoeta kolektibo baten lehen emaitza baino ez da liburu hau, ibilbide kolektibo hau elikatzeko tresna izan nahi duena, argitalpenaren osteko urratsetan ere elkarrekin birpentsatzekoa eta adarkatzekoa. Egitasmoaren koordinazio-lanak Emagineko lantaldeak egin ditu, eta lantalde horretara gehitu da Olatz Dañobeitia. Izan ere, liburua osatzeko Olatz Dañobeitiak 2024ean defendaturiko Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua (EHU) tesiko ekarpenak hartu ditugu oinarri nagusitzat. Nolanahi ere, gogoetak eta kokapenak hainbat kide feministarekin eta Ezker Abertzaleko komunitate politikoarekin partekatu eta kontrastatu ditugu. Beste behin, Txalaparta editorialarekin kaleratu dugu liburua.