Euskaltzaindiak horrela jasotzen du ahaideren esanahaia:
- Norbaitentzat bere familiakoa beste norbait.
- Espezie batentzat jatorriz aski hurbila den beste espezie bat
Emaginen urteak daramatzagu elkartea barne mailan bizigarriagoa bihurtu nahian. Aspaldi ikasi genuen ez dagoela eraldaketa sozialik eraldaketa pertsonalik eta taldeko eraldaketarik gabe. Horregatik, kanpora begira aldarrikatzen eta sustatzen duguna barne mailan ere lantzen saiatzen gara. Teorietan garatzen duguna, praktikara eramaten, alegia. Batzuetan kanpo laguntza eskatu izan dugu barruko korapiloak askatzeko eta hainbat lanketa egiteko. Beste batzuetan, gure kabuz egiten dugu lan hori eta feminismoak egiten dituen ekarpenak Emagineko barne funtzionamenduan txertatzen ditugu tresna gisa.
Era berean, saiatzen gara gure lan esparrura ekartzen zaintzaren ideia. Izan ere, ulertzen dugu jardun feministaren oinarrietako bat hori dela, eta kanpora begira ez ezik barrura begira ere isla izan behar duela. Horregatik, konpromiso berri bat hartu dugu eta araudi orokorrak ezarritako baimen eta lizentzien logika heteropatriarkala gaindituko duen ahaidegrama feminista txertatu dugu gure lan tresnen artean, beste elkarte eta antolakunde batzuetan egiten ari diren bezala.
Araudi orokorrean, langileen estatutoan zein erreferentziako lan hitzarmenean, logika heteropatriarkalaren arabera xedatzen dira laneko lizentziak. Pertsona batengatik langileak baimen eta lizentziak hartzeko eskubidea du, beti ere zaintza beharrean dagoenak langilearekin odolezko-, ezkontzazko-, izatezko bikotekidezko-ahaidetasuna badu edota elkarrekin bizi badira era ofizialean. Logika horrek ez ditu Emagineko kideon sareak islatzen eta gutxiago beharrak asetzen. Izan ere, gure sareetan bestelako ahaideak ere agertzen dira: lagunak, izebak, bizilagunak, hurbil ditugun beste espezie batzuetako kideak… Gure inguruko sare zabal horiek aitortu eta bertan ematen den zaintza sustatzeko helburua du ahaidegrama feministak. Tresna berri honen bidez, zaintzeko eskubidea gurekin odol loturarik edo afinitate legalik ez duen gertukoengana zabalduko dugu.
Sistemak ezarritako logika gainditu eta, denok zaintzarekiko dugun erantzukizun kolektiboaren ildotik, elkar zaintza sustatu izan da hasieratik Emaginen. Hala, ezkontzazko-, izatezko- zein odol- ahaideetasunik gabeko gertuko pertsonak zaintzeko baimen eta lizentziak hartu ahal izan ditugu bertako langileok. Orain arte, modu informalean hartu ditugu baimen horiek. Orain, ordea, Elkarteak hasieratik izan duen borondatea egonkortzeko eta formalizatzeko tresna jarri dugu martxan: ahaidegrama feminista.
Gure lan funtzionamendu akordio berrian, legeak ezartzen dituen odolkidetasun zein afinitate lotura bidezko bigarren mailarainoko ahaideen zaintza baimenekin batera, zaindu nahi ditugun gertukoak zaintzeko aukera zabalduko dugu ahaidegrama feministaren bidez. Momentuz, orain arte ezagutu dugun baimen sistemaren logika (familian oinarritutakoa) eta ezarri nahi dugun logika berria (ahaidegrama sozio-afektibo feminista) aldi berean osagarriak izango dira, etorkizunean ahaidetasun feministetan sakontzeko baldintzak sortzeko.
Ahaidetasun hitzaren esanahiari jarraiki, gurekin legezko-, zein odol loturarik ez duen gertukoengana zabalduko dugu zaintzeko eskubidea, izan pertsonak zein hurbil ditugun beste espezie batzuk. Azken finean, gure egunerokotasunean estuagoa izan daiteke lagun batekin edo animali batekin dugun harremana, senide batzuekin duguna baino. Sistemak inposatu bezala, ez ditugu familia edo bikote harremanak pribilegiatu nahi. Guk geuk erabaki nahi dugu nor zaintzeko prest gauden, zein diren gure sareak, eta ahaidetasun berriak sortzeko apustua erakundetzen joan.
Uste dugu sistema hau arrakalatzen jarraitzeko, hots, familia deszentralizatzeko, ahaidetasun feministak sortzeko zein elkarrekikotasunean oinarritzen diren zaintzak sustatzeko tresna izan daitekela ahaidegrama. Horregatik, zuen lantokietan ahaidegramaren tresna sortzera gonbidatzen zaituztegu eta horrekin batera, zuen elkarte, erakunde edo lantokian zaintzaren eta bizigarritasunaren inguruko hausnarketa egitera. Segi dezagun ahaidetasun feministak josten!