Pasa dugu Kale edo Bale mintegien ekuatorea. Azpeitian egin genuen lehenengo geltokia, amatasunaren esperientziak zeharkatzen dituen ondoezak eta erresistentziak ahaidetasun eredu anitzetatik aztertuz. Silvia Agüero, Natalia Gardeazabal eta Parean elkarteko Ohiana Llorente izan genituen bidelagun aipatu gaietan sakontzeko. Azpeitiko Amen Sareko kideek ere elkarrekin egindako ibilbidea partekatu zuten gurekin eta beste behin argi gelditu zen berdinen arteko espazioak arnasa ematen digutela. Erditu osteko hasierako etapan zeuden emakumeak elkartu ziren Azpeitian, garaiko minak, ezinak, pozak, ardurak eta bestelakoak elkarrekin partekatzeko. Ahalduntzen eta beraien buru-gorputzekin konektatzen lagundu zien hileroko topaketa horrek, eta horrelako esperientziak amatasunaren fase guztietara zabaltzearen garrantzia azpimarratu zuten.

Zumaian egin genuen bigarren geltokia. Kasu horretan, fikzioak eta utopiak izan genituen hizketagai. June Baonzaren AMA TA ASUNAK proiektuak ezarri zuen abiapuntua, (ez)amatasunaren gaira hurbiltzeko izan daitezkeen askotariko moduak plazaratuz. Sei bizi-esperientzia kontatzen dituen dokumental batek eta hauetako bakoitzaren gainean egindako irudiek osatzen dute AMA TA ASUNA proiektua. Helburua, amatasunaren ideala deseraiki eta praktika bizigarriagoa egiteko erreferente eta diskurtso anitzak eskaintzea da. Mapa horretatik murgildu ginen gure irudimenak astintzera. Horretarako, Elixabete Imaz, Danele Sarriugarte eta Jule Goikoetxea izan genituen lagun. Hiru ahots, fikzio eta utopiei buruz gogoetatzeko: lehendabizikoak, ahaidetasunen ibilbide antropologikotik; bigarrenak, literaturak emandakoetatik; eta hirugarrenak, bestelako jendarte egitura posibleetatik. Horrela iritsi ginen hain urrun ikusten ditugun geltokiak pixka bat hurbilago sentitzera.

Azaroaren 18an Errenteriako Emakumeen Etxean egingo dugun azken geltokia baino ez zaigu gelditzen bidaia honetan. Absentzia eta eraldaketei helduko diegu egun horretan. Asier Arizkorretak aitatasunez hitz egingo digu, Ula Iruretagoienak zaintzen duten espazioei buruz eta Oihana Etxebarrietak instituzioetatik egiten den politikaz. Horiekin batera, amatasun transnazionalen errealitate gordina ezagutuko dugu “En transito” dokuementalaren bidez, hemen izanik han urrun direlako.

 

Azpetiko mintegia:

 

Zumaiako mintegia: