ITSASONDOKO EMAKUME MIGRATUEN AHOTSAK ETA KULTURARTEKO PLAN FEMINISTA.

2025 eta 2026 urteetan zehar, Itsasondoko Udalarekin elkarlanean, Itsasondon bizi diren emakume migratu eta arrazializatuen errealitatea ezagutu, ikusgarri egin eta eraldaketarako proposamenak eraikitzeko Diagnostiko eta Ekintzarako Plan parte-hartzailea garatu dugu.
Emakume migratu eta arrazializatuek, beren borrokari eta erresistentziari esker eguneroko errealitateak eraldatzen laguntzen duten arren, oraindik ere azpiordezkatuta jarraitzen dute espazio komunitario eta instituzionaletan. Horrek esan nahi du tokiko politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzeko eta eragiteko aukerak mugatuak dituztela.
ItsasondoEgoera hori ez da kasualitatea, baizik eta egiturazko zapalkuntzen ondorio zuzena. Arrazakeriak, xenofobiak eta patriarkatuak oztopo ugari sortzen dituzte emakume hauen bizitza sozial, politiko eta komunitarioan parte hartzeko. Horiei gehitzen zaizkie lan-prekarietatea, lanaren banaketa arrazializatua eta etnoestratifikatua, indarkeria instituzionala, aurretik egindako ikasketen homologazio falta, egoera administratiboa erregularizatzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko oztopoak edota jatorrizko herrialdeekin lotutako zaintza eta erantzukizunak. Faktore horiek guztiek nabarmen mugatzen dute haien parte-hartze indibiduala zein kolektiboa.
Horregatik, ezinbestekoa da emakume migratu eta arrazializatuen ahotsak eta esperientziak politika publikoen erdigunean kokatzea, eta haien boteretze indibidual eta kolektiboa sustatzea. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dira herritar guztien errealitateari erantzuten dioten politika publiko bidezkoagoak eta inklusiboagoak.
Diagnostiko honen bidez, ez dugu errealitatea deskribatu soilik; emakumeekin batera eraldaketarako lehentasunak identifikatu eta tokiko esku-hartze proposamen zehatzak eraiki ditugu, ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik.
Bestalde, proiektu honek kulturartekotasuna ulertzeko modu jakin baten alde egiten du. Izan ere, testuinguru anitzetan sortzen diren gatazka edo tentsioak ez dira kultur desberdintasunen ondorio zuzena, baizik eta desberdintasunean, bazterketan eta botere-harreman desorekatuetan oinarritutako gizarte-harremanen emaitza. Horregatik, kulturartekotasunak arreta jartzen du ez hainbeste kulturen arteko desberdintasunetan, baizik eta desberdintasun horiek sortzen eta mantentzen dituzten baldintza sozial eta politikoetan.
Horrenbestez, ezinbestekoa da kulturarteko politika publikoetan ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatzea. Berdintasuna sustatzeak genero-ekitatea bermatzea esan nahi du, baina baita generoarekin, jatorriarekin, arrazializazioarekin, klase sozialarekin, erlijioarekin edo egoera administratiboarekin gurutzatzen diren zapalkuntza-egiturei modu integralean aurre egitea ere.
Horregatik defendatzen dugu Kulturarteko Plan Feminista baten beharra: askotariko desberdinkeriak modu bateratuan lantzen dituen tresna delako, eta herri inklusiboago, bidezkoago eta parte-hartzaileago bat eraikitzeko ezinbesteko oinarria delako. Proiektu hau norabide horretan emandako urratsa izan da: emakume migratu eta arrazializatuen ezagutza, esperientziak eta proposamenak tokiko eraldaketaren erdigunean kokatzeko.