25 - 05 - 23

2024an ekin zion Larrabetzuko Udalak zaintza sistemaren inguruan gogoetatzeari. Momentuko egoera zein zen hobeto ezagutzeko diagnostiko bat egitetik ekin zion bideari, eta Emagin Elkartea aritu ginen hasierako urrats horretan laguntzen. Diagnostiko horri esker argiago ikusi dira Larrabetzun zaintzaren alorrean momentuan azaleratzen diren beharrak, urgentziak eta gogoak zein diren. Orain, emaitzak esku-artean, zaintzak demokratizatzeko lanean jarraitzea erabaki du Larrabetzuko Udalak eta diagnostikoan agertutako erronkei erantzuteko ekintza plan bat diseinatuko dugu aurten.
Alde batetik, zaintza lanen aitortzan, eta balioespenean sakontzeko ekintzak definituko dira. Baina horrez gain, zaintzaren inguruko diskurtsoak eraldatu eta erantzunkidetasuna sustatuko dutenak, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetuko dituztenak, arreta publikoa hobetu eta saretze komunitario sustatuko dutenak. Gainera, modu konkretu batean egingo da bidea, lankidetzan. Izan ere, Larrabetzun 2024tik gaur egunera arte buru belarri lanean diharduen herritar talde bat ari da Emagin eta Udala egiten ari diren lana norabidetzen.
Beste toki batzuetan gai horien bueltan egiten ari direna ezagutzea izango da ekintza plana sortzeko prozesuko lehenengo eginkizuna eta horretarako hiru aukera izango ditugu udara bitarte izango diren esperientzien plaza izeneko dinamikaren bdiez. Bakardadea eta zaintzaileen zaintza hizpide hartuta burutu zen lehenengo esperientzien plaza.
Getxo Zurekin eta Eibar zein Elgoibarko Udaletxeek zaintzako eta etxez-etxeko langileentzat eskaintzen duen doaneko aholkularitza zerbitzua hurbildik ezagutzeko aukera izan genuen bertan. Ekainaren 4an eta 16an beste esperientzia batzuk ezagutzeko hitzorduak izango dira. Pertsona desgaituen errotze komunitarioa izango da gaia lehenengoan eta landa eremua eta eguneko arreta bigarrengoan.
25 - 04 - 03

Esan dezakegu Emaginen lan ildo egonkorra bihurtu dela zaintzaren gaia. Ohikoa da zaintza diagnostikoak edo hauek demokratizatzeko ekintza planak sortzeko prozesuetan bidelagun aritzea Euskal herriko luze zabalean. Prozesu horietan egiten dugun lan teknikoa hobetze aldera, ezinbestekoa da lantzean-lantzean zaintzaren inguruan pentsatzeko tartea hartzea. Gogoetatzerakoan gustatzen zaigu beste batzuk gai honi buruz esaten dutena ezagutzea, baina baita gure ideak beste batzuekin elkarrizketan jartzea ere. Horretarako aprobetxatzen ditugu solasaldiak, hitzaldiak edo, kasu honetan bezala, monografikoak.
STEILASek “Feminismo eta zaintzaren krisia: erronkak eta hausnarketak” izeneko liburuan parte hartzera gonbidatu gintuenean ez genuen zalantzarik izan. Azken aldian bolo-bolo dabilen sistema publiko komunitario baten aldeko apustuak egungo zaintza antolaketari ekarri ahal dizkion onuren inguruan gogoetatutakoak idatziz jasotzeko aprobetxatu dugu parada. Bereziki komunitario hitzak iradokitzen digunaren inguruan jarduten dugu Steilasentzat idatzitako artikuluan, honen mugez baina, batez ere, aukerez.
Gure artikuluarekin batera, beste 10 idazki datoz liburuan . Bertan topatuko ditugu Maider Barañano, Urzuri Castello, Arantza Fernández de Garayalde, Lore Lujanbio, Isabel Otxoa, Marina Sagastizabal, Arantza Urkaregi, Begoña Zabala eta STEILASeko Idazkaritza Feministak zaintzari buruz egindako hausnarketak.
Liburua PDFan deskargatu daiteke, hemen klik eginez.
25 - 04 - 01

Beste urte batez martxan dauzkagu Indarkeria Matxistaren prebentziorako guneak eta arreta zerbitzuak. 2025eko udaldira iritsi aurretik jada lanean gabiltza, eta aipamen berezi bat egin nahi diogu urteko lehen zerbitzuei, hauek txotx denboraldian eskaini ditugu bai Astigarragan, bai Hernanin.
Ukaezina da, nahiz eta espazio, egoera eta modu anitzetan ematen den indarkeria matxista, jai guneak gertakari hauen eszenatoki nagusi direla. Jai parekide eta askeak nahi ditugu gure herri, auzo eta hirietan, eta hori sustatzeko lanean gabiltza. Udara honetan gure zerbitzuak Euskal Herri osoko txoko ezberdinetan egongo dira; informazio gune gisa, arreta puntu presentzial bezala, bai eta arreta telefono moduan.
Denbora bat igaro da zerbitzu hauen banaketa eman genuela Emaginetik. Egindako ibilbideak eta bizitako esperientziek jaietan ematen diren indarkerien inguruan sakontzeko gailuak sortzera eta hobetzera eraman gaitu. Informazio guneak, sentsibilizaziorako baliabide ezagunak dira gaur egun, eta erreferentzialtasun handia dute herritarren artean. Arreta puntuak, aurrez aurreko arreta gisa, gailu oso baliagarria bilakatu dira ere hainbat lekutan. Bertan, lehen esku hartze bat ematen dugu, leku seguru bat. Horretaz gain, telefono bidezko arretak ere izango ditugu udaldi honetan.
Festa parekideen aldeko apustu bat eginez, adi egon gure sareetara, jai guneetan elkar topatuko gara!
25 - 03 - 19
Zaintzen lanak, landa eremuan ere beste territorio batzuetan dituen aldagai berdinak ditu: erabat feminizatuak daude, gutxietsiak dira zein aitortzarik gabeak, familiarizatuta daude, eta klaseak zein migrazio estatusak zeharkatzen dituzte. Gainera, zerbitzu publikoen eskasia dago, eta eremu pribatuak pisu handia du. Hala ere, baditu hainbat berezitasun, aipagarriak egin zaizkigunak azken hilabeteotan Emagin elkartetik Euskal Herriko landa eremuan zaintza esparruan lanean jardun dugunean.
Hasteko, landa eremuaren maskulinizazioa aipatu behar da. Datuetan ikusi dugunez, ohikoa da landa eremuetan gizonezko gehiago bizitzea emakumezkoak baino. Emakumeen migrazioari, bereziki gazteenari, zor zaio hori eta. Emigrazio horren atzean identifikatu daitezke lanaren banaketa soziala, nekazaritza-jabetzaren herentzia-sistema edota emakumeek familia-eremutik kanpo laneratzeko eta gizarteratzeko aukera urriek duten eragina. Bigarrenik, landa-biztanleriaren zahartzea aipatu behar da ezaugarri orokor gisa zeinak zuzen zuzenean eragiten duen bertako emakumeengan. Landa-ingurunean mendekotasun-egoeran dauden pertsonekiko bizikidetza areagotu egiten da eta horrek zaintzaileen lan-karga handitzen du, emakumeak oro har, eta, aldi berean, murriztu egiten ditu lanean, politikan edo gizartean parte hartzeko aukerak.
Bizitzaren iraunkortasunari, zaintzari eta etxeetako elikaduraren erantzunkizuna hartzen dutenen bizitzak ez daude inondik inora erdigunean.
Landa inguruneko emakumeei buruz hitz egiten dugunean argi esan behar da historikoki euren ingurunearen zaintzaile ere izan direla. Oso gutxira arte, Euskal Herrian, oro har, emakume landatarrak nekazariak izan dira. Jakin, badakigu, sistema patriarkalak emakumeek egindako lanei erabateko balioa kentzen diela, are eta gehiago bizitzaren iraunkortasunaren gainetik kapitalaren metaketa lehenesten den garaian. Horregatik, bizitzaren iraunkortasunari, zaintzari eta etxeetako elikaduraren erantzunkizuna hartzen dutenen bizitzak ez daude inondik inora erdigunean.
Baserriek emakumeei esker funtzionatu dute, langile nekaezinaren ideiari lotuta. Etxea zaindu dute, etxean bizi direnak, ingurua zaindu dute, eta, gainera, baserriko lan banatuak ere eraman dituzte aurrera. Horiek gainera ikusezinak izan dira, gizonen lanetan jarri baita begia. Ekoizpen zuzenarekin lotutakoak hartu du landa eremuan ere garrantzia eta emakumeen funtzioak behar beste aitortzarik ez du jaso. Horrek, zaintza lanen zein emakumeei egokitutako lanen gutxiespena eta zokoratzea ekarri du.
Hori ikertzen eta partekatzen jardun dugu esan bezala, Bortzirietan, Larrabetzun eta Zaldibian. Urtarriletik aurrera Sakanan ere errealitate hori hobeto ezagutzeko lanean izango gara.