Manosfera: Pedagogia feministaren oztopo nagusia

Manosfera: Pedagogia feministaren oztopo nagusia

 

“Manosfera”, ingelesez “manosphere” (Man Sphere) ere esaten zaiona, ideia eta balio misogino eta antifeminista, estremista eta bortitzak nagusi diren lineako komunitate batzuk biltzen dituen terminoa da. Komunitate horiek gehienbat gizonek osatzen dituzte, eta honako ezaugarri hauek dituzte: emakumeen aurkako gorroto diskurtsoak sustatzea, arrazakeria, xenofobia, LGBTQ+fobia eta haien ideologiaren arabera “ahulak” edo “apalagoak” diren beste talde batzuekiko kritika.

Gainera, manosferak aurrekaririk gabeko informazioa eta ezagutza eskuratzeko aukera ematen die gazteei, baina beti Alt Right-aren (eskuin alternatiboa) joera oso nabarmenarekin.

Manosferak hainbat azpikultura eta talde biltzen ditu, bakoitzak bere sinesmen eta ikuspegiekin. Ezagunenak honako hauek dira: “incels” (nahi gabeko zelibatoa), “pick-up artists” (sedukzioaren artistak), “men ‘s rights activists” (gizonen eskubideen aldeko ekintzaileak) eta “red pillers” (“pilula gorria” hartu dutenak, “The Matrix” filmaren erreferentzia, egia gordin eta desatseginaren errebelazioa sinbolizatzen duena). Talde horien ikuspuntuak berdinak dira gizonen nagusitasunari, emakumeen gutxiagotasunari eta pertsonen arteko harremanekiko eta, oro har, gizartearekiko frustrazioari buruz.

Talde horien ikuspuntuak berdinak dira gizonen nagusitasunari, emakumeen gutxiagotasunari eta pertsonen arteko harremanekiko eta, oro har, gizartearekiko frustrazioari buruz.

Beren ideiak oso argudio hauskorretan oinarritzen dira, baina jarrera irmo eta isekariaz defendatzen dituzte. Erakunde ez oso inpartzialen datuekin babesten dituzte, eta pseudozientziak erabiltzen dituzte justifikatzeko. Horrela, generoaren arabera bereizitako portaerak azaltzen dituzte pseudopsikologiarekin, kultura gertakariak pseudohistoriarekin eta gizon/emakumeen joerak ideia pseudobiologikoekin.

Garrantzitsua da jabetzea ideia horiek gure gizarteko gazteek jasotzen dituztela egunez egun.

Garrantzitsua da jabetzea ideia horiek gure gizarteko gazteek jasotzen dituztela egunez egun. Horren ondorioz, urtez urte, gizon gazteek feminismoa automatikoki arbuiatzen dute, eta horren aurrean erreakzionatzen dute. Kezkagarria da manosferako erreferenteen mezu eta argudio berberak zehazki nola erreproduzitzen dituzten ikustea, eta pedagogia feministatik ideia horiek desmuntatzea oso erraza den arren, feminismoarekiko arbuio eta gaitzespen sentsazioa geratzen da. Gainera, gero eta gehiago dira ideia horietan parte hartzen duten “red pill” emakumeak. Hezitzaile askoren ustetan feminismoarekiko mutilen eta nesken arteko polarizazioa adierazpen gorenera iritsi da, eta gero eta pertsona gutxiago daude feminismoaren alde.

Garrantzitsua da gure ikusmen eremuan manosfera behatzea eta zer gertatzen ari den jakitea honi aurre egin ahal izateko. Agian interesgarria litzateke pedagogia feministatik hori kontuan hartzea fronte nagusitzat.

Komunikazio zerbitzuak

Komunikazio zerbitzuak

Komunikazioa munduarekin lotzen gaituen zubia da, eta horrekin gogoetak eragin ditzakegu, estereotipoak desafiatu eta dena aldatzen jarraitu.

Baina ez da nahikoa hitzekin; izan ere, irudiak nagusitasun handia duen garaian bizi gara. Horiek horrela, uste dugu diseinu grafikoak gure ideiak talaia berrietara igotzeko aukera ematen digula, esangura berriak eta iruditeria berriak sortzeko aukera eskaintzen digula; izan ere, elementu bakoitza arreta handiz diseinatuta dago inspiratzeko, informatzeko eta, batez ere, ekiteko.

Emaginen, ikertu ez ezik, komunikatu ere egiten dugu. Pixel, hitz, kolore eta irudi bakoitzak, pertzepzioak aldatzeko, hesiak eraisteko eta berdintasunezko mundu bat eraikitzeko ahalmena duten neurrian, feminismotik gure ekarpena egin nahi dugu. Komunikazioa eta diseinu grafikoa gure ikerketak osatzen dituzten tresna indartsuak direla ulertzen dugu.

Horregatik, askotariko diseinu grafikoko eta komunikazioko zerbitzuak ere eskaintzen ditugu, momentuko beharretara egokituak.

 

LARRUTIK JAIO DA, Interkooperazio feministarako sarea

LARRUTIK JAIO DA, Interkooperazio feministarako sarea

Larrutik aurkezpena

Manifestu honen bidez, LARRUTIK Interkooperazio Feminista aurkeztu nahi dugu, Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan lan egiten dugun kooperatiba eta elkarte sarea.

Oraingoz, eragile desberdinek osatutako sarea da LARRUTIK: Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Farapi, Harago, Irule, Juntura, Parean eta Emagin Elkartea.

Ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomikoa sortzea dugu amets eta helburu. Horrela, ekonomia feministak eskaintzen digun marko teoriko zein praktikoa gure gain hartzen dugu, barne zein kanpo mailan eragin nahi dugulako.

Askotariko eraldaketa feministak sustatu nahi ditugu: lana bizitzeko eta ez lanerako bizi, lan-baldintzak ikuspegi feministetatik definitu, merkatuan standar feministak ezarri eta berriak sortu, interkooperazio feministan oinarrituko diren harremanak bultzatu, eraldaketarako lan egin eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko…

Baina baita bizitzako eremu ezberdinetan eragin ere; ez bakarrik gure barne dinamiketan, baizik eta parte hartzen dugun espazio sozioekonomikoetan ere bai.

Beraz, eraldaketa era zabalean ulertzen dugu: intzidentzia politiko-kultural zuzenarekin lotuta dauden ekintzez gain, tokiko prozesuak, beste eragile batzuekin ditugun harremanak, edota gure arteko saretzea ere ditugu langai.

Horretarako, errealitateari zein ditugun harreman sozioekonomikoei modu kritikoan begiratuko diogu; baina baita hausnarketa eta etengabeko berrazterketaren bidez, gure baitako dinamikak ere arakatu nahi ditugu. Are gehiago, gure burua nahiz gizarteko beste eragileak ere interpelatzea dugu helburu.

Lurraldetasunari dagokionez, tokian toki eta zero kilometroan sinesten dugu, alegia, elkarreragin esparru logikoetan mugitzen garela. Sinesten dugu, eredu hau esportatu, errepikatu eta moldatu daitekeela, tokiko behar eta ezaugarrien arabera. Askotariko Larrutik ezberdinak egon daitezkeela pentsatzen dugu. Horregatik, Euskal Herri mailako koordinazio eta saretzeari garrantzia berezia ematen diogu.

Hala, LARRUTIK helburu, oinarri eta proposamen hauekin jaio da:

• Ekonomian ikuspegi feministatik jardutea.
• Bizitza-zaintza-gorputzak erdigunean jartzea.
• Saretuta egotea, lehiatik atera eta elkarlanean aritzeko.
• Ezagutza partekatu eta elkarrekin hausnartzen eta probatzen jarraitzeko sarea izatea.
• Euskaratik lan egitea.
• Merkatuaren hazkunde etengabearen aurrean, txikitasunetik abiatzea.
• Lan baldintzak eta, ondorioz, bizitzak hobetzearen alde borrokatzea.

Larrutik gara, egindako lanak laztutako azaletatik hitz egiten dugulako. Pilatutako orduek, larrua ondu digutelako; bizitakoen orbainek indar eman digutelako; sarri, larrua jokatu dugulako gure bizi proiektuekin eta konturatu garelako, larru-lagunez biltzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko. Larrugorritan utzi nahi gaituen sistema kapitalista honen aurrean gure larruazalak ateratzen ditugu aurrera, nazkatuta gaudelako gure pausu bakoitza larrutik ordainduko dugula entzuteaz. Horregatik guztiagatik, larruduraz beteriko azal multzoa garelako, badakigu nondik eta nora hitz eta ekin nahi dugun. LARRUTIK.

Larrutik Interkooperazio feministarako sarea publikoki aurkezteaz gain, datorren MAIATZAREN 24ean egingo dugun INTERKOOPERAZIO FEMINISTAREN JARDUNALDIAren berri eman nahi dizuegu. Maiatzaren 24an, ostiralarekin izango da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Ekonomia feminista izango dugu hizpide eta hausnarketarako gai. Aurrerago emango dugu egitaraua eta izen ematearen berri, baina oraingoz, gorde data!

Sarearen lanaren berri izateko, jarraitu LARRUTIK sare sozialetan:

X: Twitter Larrutik

Instagram: Instagram Larrutik

Maiatzak 24 Hernanin jardunaldia

Eskuhartze feminista lau haizeetara

Eskuhartze feminista lau haizeetara

Urte oparoa izan da 2023a Emagin Elkartearentzat, eta datozen lerroetan urteak emandakoa laburbilduko dugu.

Gure lan ildo nagusietako bat hezkidetza eta pedagogia feministaren alorra da. Dakizuenez ikastetxeetan nagusiki autodefentsa feminista eta maskulinitateak landu ditugu. Horrez gain, Euskal Herrian osatu diren hezkidetzaren gaineko hausnarketak egiteko sareetan parte hartu dugu, Sorginlorek antolatutako Hezkidetza kongresuan, Oinherrik haurren parte hartzearen gainean egin duen hausnarketan edota Emakundek hezkidetzaren gainean egin duen ikerketan.

Indarkeria matxistari aurre egiteko ildoa izan dugu bigarren ildo nagusia. Aurten ere, udalerrietan erakunde arteko zein udalerriko erantzun protokoloak garatu ditugu. Gainera, puntu kritikoen ikerketa esparruan aritu gara eta nola ez, jai testuingurutan herriz herri ibili gara, informazio gune, arretarako puntu eta salaketa telefonoarekin.

Kale edo bale ahaidetasun feministetara liburuxkaAurten ahaidetasun feministak lantzeko mintegiak antolatu ditugu. Aurreko urtean (Ez)amatasunekin izandako arrakasta eta gero, gaian sakontzeko apustua egin genuen eta sare komunitarioak, ahaidetasunak eta zaintzak beste zirkuituen bidez sortzen jarraitzeko hausnarketari ekin diogu. Hiru mintegi egin ditugu, Gipuzkoako hiru herrietan eta oso mamitsuak izan dira. Ikusi besterik ez dago atera dugun liburuxka! Begira!

[Eskuratu nahi baduzue, idatziguzue emailez bulegoa@emagin.eus helbidera, edo instagrameko kontutik. 8 € + bidalketa gastuak. (Iazko liburuxkarekin batera erosita, biak 12 € + bidalketa gastuak).]

 

 

Bukatzeko, zaintzaren ildoa ekarri nahi dugu. Urte guztia zaintza eskubide kolektiboak ardaztu duen honetan, Emaginen jarraitu dugu hainbat udalerrietan zaintzak demokratizatzeko lanean sakontzen, dinamizazio lanetan, aholkulari gisa, diagnostikoak edo ekintza planak osatzen, besteak beste. Gainera, Ez dadin bizitza eten liburuxka ere argitaratu dugu Txalaparta eta Iratzar fundazioarekin batera. Hainbat tokitan aurkeztu dute liburua Miren Arangurenek, Ainara Santamariak eta Monika Mendiberrik, eta Iratzar Fundazioaren youtube kanalean ikusgai daude Iratzar kafean Zer dira zaintzak? saioan egindako aurkezpenaren bideoak:

 

Eta ezin dugu aipatu gabe utzi lanean jarraitu dugula irakurle talde feminista eta antikolonialetan, emakumeen etxeetan, askotariko elkarte zein sindikatuetan ikuspegi feminista txertatzen, emakumeen ahalduntzean, bizikidetzan, kooperazio feministan… Gainean daukagun ofentsiba matxistari ditugun tresna guztiekin aurre egiten jardun dugu, zalantzarik gabe.

Emagin Elkarteko kideakHorretan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu 2024ean. Horretarako, barrura ere begiratu nahi diogu, eta gure proiektuaren oinarriak sendotzeko, berrikusi nahi dugu gure antolaketa eredua, lan izaera, funtzionamendua eta plan estrategikoa. Emagin bizigarriagoa, gardenagoa eta indartsuagoa sortzea izango da 2024rako gure apustua. Borroka feministak merezi du!

 

 

 

 

 

Ez dadin bizitza eten

Ez dadin bizitza eten

Miren, Monika eta Ainara liburuarekin

Miren Arangurenek, Monika Mendiberrik eta Ainara Santamariak idatzitako liburuaren aurkezpena.

Ezker eskuin aipatzen da zaintza azkenaldian, baina zuhurtziaz begiratu nahi diogu kontzeptuaren hedapenari; izan ere, edukiz husteko eta ikuspegi feministatik zaintzari begiratzeak duen potentzial eraldatzailea neutralizatzeko arriskua ikusten dugu.

Ahots asko ari dira zaintzari buruz, antolaketa aldatuko dutenaren promesarekin, baina errotik ezer ez dira aldatzen ari. Erakunde publiko batzuen kasua iruditzen zaigu hori, martxan jartzen diren plan askorena, hainbat enpresa pribatuena. Eta arretaz nahi diogu horri begiratu.

Ezinegon batetik eta maitasunetik heldu gara Ez dadin bizitza eten liburua idaztera. Hain zuzen, bizitzari diogun maitasunetik eta bizitza bera arriskuan ikustearen kezkatik. Bizigarritasuna ataka estuan da eta horrek ez gaitu indiferente uzten, ez behintzat guri. Horregatik jo dugu muinera, bizitzaren oinarrian kokatzen diren zaintza lanetara.

Zaintzari buruz hitz egiteko egon daitezke hamaika modu. Hitz egin daiteke era desiragarrian, zaintzarik gabe prekarietatea eta bakardadea gailentzen direlako. Baina hitz egin daiteke bidegabekeriak seinalatuz, gaur egun zaintza lanak antolatuta dauden moduan esplotazio iturri direlako. Guk bi ikuspegiok landi ditugu liburuan, gaur egun batzuen bizitzak besteen etena suposatzen duelako.

Txalapartan egindako liburuaren aurkezpenaMugimendu feministaren gogoe(te)tatik edan dugu liburu hau idazteko, bai honen gogoetatik eta baita honen gogoetetatik ere. Horrez gain, Hernani, Sakana, Usurbil, Andoain, Zaldibi eta beste hainbat herri zein eskualdetan zaintzaren inguruan abiatutako prozesuetan ezagututako jendearen oihartzuna ere heltzean da orriotara. Bereziki, zaintzaileena, zaintza lanen lehen lerroan daudenena. Hemen biltzen dena, beraz, jardun zabal bat da.

Gure esperientziak emandakotik idatzi dugu, baina baita gure mugetatik ere. Jakitun gara metatzen ditugula pribilegioak eta gurutzatzen gaituztela bereizkeriek, eta kokaleku horretatik egin dugu irakurketa, subjektibotasun horretatik, hori baita errealitatera gerturatzeko dugun modu bakarra.

Liburu honetan ezin izan dugu zaintzak barnebiltzen dituen konplexutasun guztien gainean jardun. Batzuk bildu ditugu, eta horietatik tira egiten jarraitu eta jendarteko askotariko eremuetara zaintzaren gaineko eztabaida eta hausnarketa feminista emateko sortu dugu Ez dadin bizitza eten liburuxka.

Hau da, gure helburua da zaintza politikoki aitortzea, agenden erdingunean jartzeko ahalegina egiten jarraitzea. Gure etxeak, gure elkarteak, sindikatuak, alderdiak, harremanak, enpleguak, denborak… azken batean gure antolaketa soziala nola aldatuko dugun eztabaidatzen jarraitzeko beste aletxo bat jartzea.

Azaroaren 30ean Greba orokor feminista dugu zaintza sistema publiko komunitario baten alde, eta Emagin Elkartetik hori elikatzeko saiakera bat da liburuxka.