‘Zaintza lanen demokratizaziorantz’ jardunaldiak bertan behera

‘Zaintza lanen demokratizaziorantz’ jardunaldiak bertan behera

‘Zaintza lanen demokratizaziorantz’ jardunaldiak bertan behera geratu eta atzeratzen direla jakinarazten dizuegu. Atzo indarrean sartu ziren neurri eta gomendioei jarraiki Hernaniko Udalak gaur goizean hartu du erabakia.
Emagin Elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu adierazitako interesagatik; Euskal Herriko lurralde ezberdinetako 60tik gora pertsonak izena eman duzue jardunaldietan. Eskerrik asko!

Jardunaldien faltan, ez dugu besoak gurutzatuta gelditu nahi:”Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena” urrats garrantzitsua izan da zaintzak demokratizatzeko bidean. Gida paregabea da, hain zuzen, bizi dugun krisi egoeran kontzientzia hartzeko erakunde publikoetatik hartzen ari diren neurriek ez gaituztela guztiok babesten, are zaurgarriago bilakatzen eta bakartzen baizik. Zentzu horretan, zaintzak familiatik harago partekatu eta erregimena problematizatzen dugunon bizimodua nabarmen larriagotzen du alarma egoerak eta saretzeko, antolatzeko aukerak errotik mozten dizkigute.

Funtsezkoa zer den eta zer ez den eztabaidatzen ari garen honetan, oinarrizko beharra deritzogu parte hartze soziopolitikoa bermatzeari eta zaintza-lanen banaketa bidegabearen inguruan gogoeta egiteari.
Era berean, tokian toki, auzoz auzo, emakumeen eta migranteen bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko esku hartzea urgentea da. Etxekotuta nahi gaituzten honetan, zaintzaileek jendarte osoaren inplikazioa eta arreta behar dute: egiten dituzten salaketak partekatu, elkartasun sareak antolatu eta, nola ez, euren zaintza zama arintzeko hartu daitezkeen neurriak babestu. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da gizonek eta erakundeek ardura hartzea.

 

Click to access Emagin_beterri-buruntzaldea_publikazioa.pdf

Maskulinitate tailerrak

Maskulinitate tailerrak

Gizonekin lanketak egiten ditugu.

Ausartuko al zara gizon pribilegioen inguruan hausnartu eta barrura begiratzen?

 

 

 

 

ERAGILE FEMINISTEI MURRIZKETARIK EZ!

ERAGILE FEMINISTEI MURRIZKETARIK EZ!

Mugimendu feminista osatzen dugun eragileak autogestioaren tradiziotik gatoz: ekinbide ezberdinak garatzeko, askotan, sare komunitarioen bitartez auto-finantzaketa baliatu izan dugu. Era berean, eragile askok, baliabide publikoak bilatu ditugu gure proiektuak martxan jarri edo gure egiturak indartzeko.

Elkarte feministak aktibo garrantzitsuak gara jendartean. Gure lana balio handikoa da, izan ere, harreman, balio-sistema eta biolentzia heteropatriarkalei aurre egiteko ehuna osatzen dugu; hortaz, jendartea feminismotik eraldatzeko ezinbesteko zutabea gara. Horregatik, erakunde publikoen ardura da, Berdintasun Sailen bitartez, eragile feministen jarduna aitortzea, baliabideez hornitzea zein diruz babestea, eragileek hala nahi izanez gero. Hori, ordea, ez da bermatzen: batetik, elkartegintza feminista sustatzera bideratutako aurrekontua eskasa delako. Bestetik, instituzioek ezarritako erritmo, epe eta burokrazia itogarrian murgilarazten gaituztelako, eta hori, askorentzat gainditu ezina  den  langa delako.

Azken urteetan, berdintasunaren diskurtsoak entzun ditugu kolore ezberdinetako alderdi edota erakunde publikoetako ordezkarien ahotan. Baina, gehienetan, hitzak ez dira islatu politika ez publiko zehatzetan, ezta horiek garatzeko baliabide humano zein ekonomikoetan. Horregatik, askotan salatu dugu erakundeen garbiketa morea.

Egia da, erakunde eta udal batzuetatik saiakera eskerga egin dela, bai ikuspegi feminista politika publikoetan txertatzeko bai proiektuak garatzeko. Hala ere, jakin badakigu, horiek norbanakoen borondatean oinarritu direla, eta horiek oztopo ugari eta bakardadea izan dituztela bidelagun. Ondorioz, esan dezakegu, Euskal Herriko erakunde publikoetan, ez aurrekontuak, ezta politika publikoak ez direla feminismoan ardaztu. Hala, hartzen diren neurriak ez dira nahikoa emakumeok bizi ditugun egiturazko biolentziei aurre egiteko, eta ondorioz, bigarren mailako herritar bihurtzen gaituen sistema betikotzen dute administrazio eta gobernuek.

Prekarioa zen, lehenagotik ere, eragile feministon egoera, baina Covid19aren krisiak egoera larrian utzi gaitu, auto-finantzatzeko iturriak eta dirulaguntzak blokeatuta. Ondo  dakigu, gure jendartean nork ordaintzen dituen krisiak, emakumeok aspaldion baikaude krisian. Eragile feministon ekinbideek bizibide anitzak barnebiltzen dituzte: formatzaileak, hizlariak, idazleak, sortzaileak, ikerlariak, maketatzaileak, liberatuak, koordinatzaileak, itzultzaileak, kazetariak e.a. Sektore zabala gara eta azken hilabeteetan egoera guztiz ziurgabea bizi dugu, baliabide zein aurrera egiteko inongo bermerik gabe. Ildo beretik, martxan genituen proiektu, jardunaldi zein topaketak (batzuk, ez denak) finantziazio publikoz dira bideragarri, baina 2020ko dirulaguntza deialdiak ez dira atera eta jakin dugu murrizketekin datozela.

Horrenbestez, erne gaude, eta ohartarazi nahi dugu hainbestetan salatu dugun garbiketa morea inoiz baino ageriago geratuko dela, non eta, berriz ere, osasun krisian, alor soziala eta berdintasun politikak murrizten diren lehenengo eremuak badira. Ez dugu horrelako arduragabekeriarik onartuko.

Testu honen sinatzaileok honakoa exijitzen diegu EMAKUNDE, INAI, Gipuzkoa, Bizkaia,  Araba zein Nafarroako diputazio eta udalei: murrizketak etetea eta baliabideak eskuragarri jartzea eragile feministen lana behar bezala aitortu eta diru publikoz hornitzeko. Eragile feministen jarduera, mintzakidetza eta lidergoa ezinbestekoa dira, baldin eta jendartean sakoneko aldaketak eragiteko sarea josten jarraitu nahi badugu.

Eragile feministei murrizketarik ez!!!

ATXIKIMENDUEN ZERRENDA

Eragile eta elkarte feministak

Agentes y asociaciones feministas
Arabako Emakumeen Asanblada
Asociación Mujeres con Voz
B.A.L.A.
Bakikoko Sare Feminista
C.O.M.F.I.N.
Emagin
Emari, Sestaoko talde feminista
Emakumeok Gerraren Aurka
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa
Euskal Herriko Bilgune Feminista
Euskal Herriko Neska Gazteen Sarea
Forum Feminista María de Maeztu  
Galtzagorri
Lamingorriak
Lunes Lilas Nafarroa
Marimatraka
Mugarik Gabe
Mujeres del Mundo
Negeak
Nafarroako Biolentzia Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataforma
Plazandreok
Portugaleteko Mugimendu Feminista
Sorginenea, Gasteizko Emakumeen Etxea
Trabajadoras No Domesticadas
Sorginenea Elkartea, Gasteiz
Bizkaiko Emakumeen Asanblada

Berdintasun teknikariak

Agurtza Zubero
Amaia Paz Vallejo
Amets Beltran de guevara
Ana Elcano Sesma
Ana Txurruka
Ana Valdeolivas
Andrea Markotegi Álvarez
Begoña Armendariz Murillo
Begoña Garcia
Begoña Laquidain Azpiroz
Edurne Aranbarri
Esther Lizarralde Mendizabal
Estibaliz Ripa
Idoia Goikoetxea Gómez
Irantzu Jauregi
Irene Ormazabal
Jone Unzaga
Josune Irigoien Garcia
Klara Afonso
Laura Pinto
Maialen Apezetxea
Maider Agirre
Maitane Agirre
Maite Barreña
Marije Apodaka
Marijo Lasa
Mertxe Fernandez
Miren Urresti
Naiara Garate
Oihane Zulet  
Sara San Julián Caso
Yoana Azpitarte
Zaloa Basabe Gutierrez
Maria Salsamendi
Maitane Iribar
Sandra Barrenetxea
Marixe Noia
Kristina Altuna
Oihana Gallo San Roman

Biluztu, eredu berriez janzteko

Biluztu, eredu berriez janzteko

Miren Aranguren

Biluztu. Guztiz biluztu gaitu Covid-19 deituriko birusaren aitzakian izendatu den osasun krisiak. Agerian gelditu da nolakoa den eraiki dugun gizartea, nola antolatzen garen, zerk duen egiturazko lehentasuna eta zer den beharrezkoa (nahiz eta ez den lehen lerrotzat hartzen). Aspalditik, bereziki Mugimendu ekologistek zein feministok adierazi genuen zibilizazioaren krisi baten aurrean ginela, kolapso ekologikoaren atarian, eta horrek, besteak beste, zaintza krisia eragin duela. Hain zuzen ere, ez da osasun krisia soilik lehertu zaiguna, baizik eta sistema osoa. Eta inork ezin dugu jada beste aldera begiratu; izan ere, denon etxeko atetik indarrez sartu da kapitalismo patriarkala. Beto Preziadok (2020) adierazten duenarekin bat egiten dut: “Muga nekropolitiko (kontzeptuak erreferentzia egiten dio pertsonen bizitzaren eta heriotzaren gainean egiten den erabilpen sozial eta politikoari) berria Greziako kostaldetik etxe pribatuaren ateraino joan da. Lesbos orain zure etxeko atean hasten da. Eta mugak geroz eta gehiago hesitzen zaitu, zure gorputzera geroz eta gehiago gerturatzeko bultzaka ari da. Calais orain aurpegian lehertu zaizu. Muga berria maskara da. Arnasten duzun aireak zurea bakarrik izan behar du. Muga berria zure epidermisa da. Lampedusa berria zure larruazala da”.

Behin eta berriz botere gune zein komunikabide nagusietatik ongi geundela adierazi zaigu eta birusa izan dela krisia eztandarazi duena. Aitzitik, jakin, badakigu ezhoiko egoera honek indartu besterik ez duela egin gure gorputz eta bizitzen gaineko kontrol heteropatriarkala eta kapitalista: agerikoagoak eta handiagoak egin ditu herritarron arteko arrakalak eta geroz eta nabariagoak generoaren, klasearen eta jatorriaren zein arrazaren araberako zapalkuntzak. Bizitza salbatzeko aitzakian, jarri dituzte gure gorputzak eta lurrak, gure bi territorio nagusiak, kapitalaren mesedetan; hots, bizitzak alboratu dituzte, bizitzaren izenean. Orokortu da bizitza batzuk besteak baino gehiago balio dutenaren ustea, soilik errentagarriak diren gorputz horiek salbatu behar direla. Inoiz baino argiago gelditu da jokoan dagoena dela zein bizitza nahi ditugun salbatu eta zein alboratu: ez garelako berdin gaixotu, ez ditugulako sendatzeko aukera berdinak, azken batean, ez dugulako posizio sozial berdina. Zer egingo dugu, hortaz, baliorik gabekoak direla erabaki “dugun” bizitza horiekin?

agerikoagoak eta handiagoak egin ditu herritarron arteko arrakalak eta geroz eta nabariagoak generoaren, klasearen eta jatorriaren zein arrazaren araberako zapalkuntzak.

Bitartean, normalitatearen aldarria darabil askoren ahotan. Baina nik ez dut hiltzailea den normalitatera bueltatu nahi, gure lurraldeak krisi etengabera kondenatzen dituen normaltasunera, indarkeriaz betetako horretara. Eta “normalitate berria” konponbide faltsua dela argi daukat; izan ere, krisi honek gizarte gisa hartu nahi dugun norabideaz galdegiteko aukerak ireki dizkigu, eta, horrenbestez, soinean zer nahi dugun pentsatzeko aukera baliatu behar dugu.

Jantzi. Makina arazo urgenteei aurre egin behar diegu eta horretarako galdera zein erantzun berriekin jantzi behar dugu gure ekinbidea. Donna Harawayk dioen bezala, arazoen zerrenda amaigabea da eta horiekin nola jarraitu pentsatu behar dugu; hots, arazoarekin jarraitu behar dugu (bere azken liburuaren tituloa da azken hori). Horiei aurre egiteko, ordea, kolektiboa ez den beste biderik ez dago. Ezin dugu egoera era optimista eta zinikoan pentsatu. Elkar saretzen jarraitu behar dugu, ziurgabetasunaren garaian, orainaldi iraunkorra eraikitzeko. Eta norabide horretan ezin dugu geldirik egon, ezin dugu kudeatu gaitzaten zain egon, ezinbestean ekintza politikoa da berriz pentsatu behar dugun zerbait (bai, berriz ere). Ekiteko eta irudikatzeko era berriak behar ditugu, sistema biozida hau aldatzeko grina pandemia bilaka dadin.

 …ezinbestean ekintza politikoa da berriz pentsatu behar dugun zerbait (bai, berriz ere). Ekiteko eta irudikatzeko era berriak behar ditugu, sistema biozida hau aldatzeko grina pandemia bilaka dadin.

Funtsezkoa da bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu bat egikaritzeko, zaintza ereduaz hausnartzea. Pertsonen arteko zein gizakiok naturarekin dugun harremanek errespetuan eta elkarrekikotasunean oinarritzeko, eredua definitzen eta materialitzatzen hasi behar dugu. Espezie bezala bizirauteko eta egoera bidegabeak ezabatzeko, ezinbesteko ariketa da. Egoera honek ezin du izan emakumeoi berriz ere bizitza eusteko ardura guztia uzteko aitzakia, derrigorrezko zaintza zerbitzua gure gain gelditzeko.

Elkarbizitza nola berrantolatuko dugun adostu eta hori ahalbidetzeko beharrezko proposamenak egin behar ditugu, eremu guztietan; espazio intimoetan zein lege arauetan. Bide horretan gure bizimoduak eraldatzeko konpromisoa mantentzea izango da bizitza duina erdigunera ekartzeko berme nagusia. Horretarako hiru gako daude, besteak beste. Lehen gakoa da bizitzaren zaurgarritasunaren eta elkarmenpekotasunaren ideia. Inguruarekiko dependentzia dugu, gure lurraldeetan garatzen delako bizitza eta elkarren beharra dugu, ez gara produzitzera eta kontsumitzera mugatzen diren izaki autonomoak. Menpekotasuna izakiok komunean dugun ezaugarria da, etengabeko hartu-emanean bizi behar dugu eta ezinbestean zaindu beharra dugu bizitza. Inguratzen gaituzten mugak aitortu behar ditugu, izakiak, planeta, natura… finitoak dira, bizitza bezalaxe. Horregatik da derrigorrezkoa zaintzea, elkar zaintzea.

 Zaintza lanak demokratizatzen hasteko hiru egiteko urgente ditugu: bata, zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa lortzea; bestea, zaintza lanak era justoago batean banatzea, eta, azkena, zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea.

Bigarrena da, bizitza guztiek balio berdina dutela. Batzuk ez dute beste batzuk baino gehiago balio, nahiz eta jendarte antolaketa honek gutxi batzuk bakarrik pribilegiatu (gizonak, zuriak, burgesak, heterosexualak, helduak eta funtzionalki normatiboak). Nahiz eta baldintza politiko eta ekonomiko ezberdinak izan, bizitza guztiek izan beharko lukete balio berdina. Bizitzak ez dira gure gizartearen mehatxu, bizitza horiek duinak egiten ez dituzten zapalkuntza sistemak baizik. Horregatik, bereizkeria egoerak non sortzen diren tentuz begiratu behar da. Ezin da soilik zapalkuntzek sortzen dituzten ondorioetan arreta jarri.

Hirugarren gakoa honakoa da: ezinbestean begiratu behar diogu bizitza zaintzeko lanaren antolaketari. Hori gainditzeko, zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak demokratizazio prozesuan jarri behar ditugu.

Iparra zaintzaren eskubide kolektiboa bermatzeko prozesua martxan jartzea da, eta hori ez da egun batetik bestera aldatuko. Horrenbestez, zaintza lanak demokratizatzen hasteko hiru egiteko urgente ditugu: bata, zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa lortzea; bestea, zaintza lanak era justoago batean banatzea, eta, azkena, zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea.

Pauso erabakiorrak emateko tenorean gaude, gure etxeetan, gure mugimenduetan, familietan, herrietan. Komunitate berriak harilkatzeko unean. Elkarrekin, jantzi berriekin, ekiteko momentuan.