LAB sindikatuan eskola feminista aurrera eramateko bi urteko hitzarmena sinatu dugu

LAB sindikatuan eskola feminista aurrera eramateko bi urteko hitzarmena sinatu dugu

Bi urteren ondoren, Eskola Feministaren eskaintza gizonezko delegatuei ere zabaltzea dute helburu LABen.

Emagin elkarteak eta LAB sindikatuak orain dela bi urte sinatutako hitzarmena berritu dugu, Emagineko idazkari Idoia Arraizaren eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen eskutik.

Sindikalismoan praktika feminista txertatzeko elkarlanean ari gara LABekin, formakuntzaren bidez eragin eta praktika eraldatzea xedetzat hartuta. Klase subjektuaren berrosatzean sakondu ahal izateko erremintak ematea da izango da gure gakoa, lana enpleguaz harago ulertu, zaintza lanei buruz hausnartu eta hauen berrantolaketa sozialaz jardun, soldata arrakala zer den ulertu, iruditegia sexita izan ez dadin landu etab.

 

 

Emagin elkartean formatzaileen lan plotsa osatu nahi dugu

Emagin elkartean formatzaileen lan plotsa osatu nahi dugu

   LAN ESKAINTZA

Emagin elkarteak formatzaileen lan poltsa osatu nahi du

▪ Autodefentsa feminista eta indarkeria sexista lantzeko formatzaileak
▪ Maskulinitatearen desboteretzea lantzeko formatzaile gizonezkoak
▪ Ekonomia feminista lantzeko formatzaileak

Baldintzak

– Diplomatura gutxieneko ikasketa maila
– Berdintasun/feminismo gaietan formazioa izatea

Baloratuko da

– Mugimendu Feministaren parte izatea
– Taldean eta sarean lan egiten jakitea
– Komunikatu eta egokitzeko gaitasuna izatea
– EGA titulua edo baliokidea izatea
– Esperientzia izatea

Eskaintza

– Formazio saio puntualak emateko hasieran. Ondoren, formatzaile bezala lan jardun batean  aritzeko aukera.

Interesa baduzu bidali zure Kurrikuluma ondorengo helbidera: komunikazioa@emagin.eus

Eskatutako baldintzak betetzen dituztenekin harremanetan jarriko gara elkarrizketa egiteko.

Kurrikuluma bidaltzeko epea: urriaren 16a

 

 

Zoritxarrez, Emaginen indarkeria sexistarik gabeko gunea ez da Hondarribin izango

Zoritxarrez, Emaginen indarkeria sexistarik gabeko gunea ez da Hondarribin izango

Ate joka dugu udazkena, baina, oraindik, udarari eta gure herrietan hain ohikoak diren jaiei tartea gelditzen zaie. Gertutik ezagutu ditugu hainbat festa aurten ere Emagin Elkartean, Indarkeria Sexista Prebenitzeko Gunearekin jardun dugulako handik eta hemendik. Sasoi zaila izan da, eta ezin uka kezkaz bizi izan ditugula hainbat herrietan jazotako eraso sexistak. Ziurrenik ez dira beste batzuetan baino gehiago izango. Edo bai. Argi duguna da oraindik indar handia jarri behar dugula horiek prebenitzen, identifikatzen, salatzen eta horiei erantzun bat ematen. Baina, ezinbestean, horiek gertatzea baimentzen duten egiturak eta gertaerak dira errotik ezabatu behar ditugunak. Askotan aipatu izan dugun bezala, ezin dugu ulertu indarkeria sexista egunerokoan mantentzen ditugun genero harremanetatik at; hots, ez dira anomaliak edo kasu isolatuak.

Normaltasunez jantzi dugu emakumeon kontrako bortizkeria eta horren isla dira, adibidez, Euskal Herrian ditugun hainbat festa. Irailaren 8an, ospatuko da horietako bat: Hondarribiko alardea. Bertako emakumeek orain dela 26 urte eskaera egin zuten era parekidean parte hartzeko eta eskubide hori galarazi zitzaien. Urte hauetan guztietan, askotariko moduak erabili dira emakumeak alardetik baztertzeko. Izan dira presioak, irainak, plastiko beltzak, poliziak, ez ikusiarena egiten dutenak, ordutegi aldaketa saiakerak…. Erakunde publikoetatik ez da berdintasunean parte hartzeko nahiko neurririk hartu. Are gehiago esango dugu: Hondarribiko Udalak Jaizkibel konpainiari oztopoak jarri dizkion bitartean, alarde diskriminatzailea babestu eta hauspotu du. 

Errespetuaz, zilegitasunaz eta elkarbizitzaz hitz egiten entzun dugu egunotan Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea. Benetan desio dugu berdintasuna defendatzen dugunoi babesa ematea, eta ez diskriminazioa defendatzen dutenen zilegitasunaz aritzea. Elkarbizitza ez delako batzuen zapalkuntzan oinarritzen, eta, are gutxiago, zapalkuntza horren normalizazio eta instituzionalizazioan. Hondarribiko udal gobernuak bermatu beharko luke emakumeok bizitzako eremu guztietan parte hartzeko dugun eskubidea, aurpegia zuritzeko ahalegin faltsuetan denbora galdu gabe. 

Adibide baten berri eman nahi dugu. Orain dela egun gutxi, Emagin Elkarteari indarkeria sexista prebenitzeko gunea jartzeko eskaera egin ziguten Udaletik. Iaz, han izan ginen. Konturatu ginen ez genuela lotu Alardearekin dugun gatazka indarkeria sexistarekin (nahiz eta beti egin dugun bat Jaizkibilen borrokarekin). Autokritika egin dugu, eta ezin dugu  indarkeria sexistaz hitz egin, jaietan, alardearen bueltan dagoen biolentziaz hitz egin gabe. Horrexegatik, aurten, jaien inguruan egiten dugun irakurketa gunean egotea nahi genuela adierazi diegu, guretzat ezinbestekoa baita indarkeriaren egiturazko izaera lantzea. Hondarribiko Udalaren, baldintza horren aurrean, ezezkoa izan da, ez dutela Gunea kontratatu nahi. Beraz, Emagin Elkartea ez da Hondarribiko jaietan egongo. Marra gorriak argi, batzuenak eta besteonak. 

 Erakunde publikoek argi izan behar dute indarkeria sexista prebenitzeko hartzen dituzten erabakiak eta neurriak zapalkuntza patriarkala ezabatzera bideratuta egon behar dutela. Bestela, ez dira ez eraginkorrak izango, ezta egokiak ere. 

Gure babes osoa adierazi nahi diogu Jaizkibel konpainiari. Urte luzez egindako borrokagatik eta urtero Euskal herritarroi erakusten diguten duintasun eta irribarreagatik. Bertan izango gara irailaren 8an, elkartasun feministaz harro.

Skolaerekin elkartasuna

Skolaerekin elkartasuna

conCapa, M18 elkarteak eta guraso talde batek Skolae programaren kontra jarritako hiruko salaketa dela eta, datorren ostiralean, ekainaren 14ean, 10 pertsona deklaratzera deitu ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Tartean Emagineko kide den Idoia Arraiza Zabalegik deklaratu beharko du.

2017an abiatu zen hezkidetza programa integrala Nafarroan. Berdintasuna eta aniztasuna genero baldintzatzailerik gabe sustatzeko egindako ekinbidea da eta modu progresiboan jarri da martxan Nafarroako ikastetxeetan. Emagin Elkarteak hasieratik parte hartzeko gonbidapena jaso genuen eta zalantzarik gabe atxikitu ginen egitasmora, zapalkuntza patriarkalari aurre egiteko hezkidetza hasieratik izan delako ezinbesteko estrategia guretzat, eta hezkuntza gure eragin eremu. Horregatik, elkarlanean jardun dugu azken bi urteetan.

Emagin elkartetik gure babes osoa adierazi nahi diegu deklaratzera joan behar duten 10 pertsonei zein, azken urteotan, Skolae eutsi, babestu eta sustatu duten guztiei. Era berean gogor salatu nahi ditugu Nafarroako eraldaketaren kontra ari diren guztiak eta jazarpenaren bidez balio matxista eta diskriminatzaileak inposatu nahi dituztenak. Ez dira pasako!

 UNESCOren 2019 hezkidetza sariaren hautagai
Skolae programa 2019ko UNESCOren emakume eta haurren heziketaren nazioarteko saria jasotzeko hautagai izendatu dutela adierazi zuen atzo Maria Solanak, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Baluarten izandako Skolae IV. jardunaldien irekieran. Balio izugarria duen izendapena da hezkidetzan egindako lan ona aitortzen duelako.