Urriaren 27an Bildu ginen Azpeitian. Han izan ginen lehenengo aldiz bilduta Emaginekin modu batean edo bestean harremana dugun kideak. Ez zen ohiko asanblada izan, bazuen berezitik zerbait. Urte luze hauetan Emagin sortu eta egin duten kideen ekarpenetatik tiraka Emagin eguneratuago bat aurkeztea zen asmoa. Gogotsu eta ilusioz beterik heldu genion erronkari.

Hasteko, Idoia Trenor Emagineko lehendakariak hitza hartu zuen eta asanbladaren nondik norakoak azaldu zituen. Ondoren, Edurne Epelde kideari eginiko elkarrizketaren bideoa ikusi genuen. Bertan azaldu zituen Emaginen sorrera prozesua eta azken urteetan egon diren aldaketak.

2017-2018 urteari begirako plangintzaren helburuak eta ekimen zehatzak aurkeztu ziren ondoren Idoia Arraiza kidearen ahotan. Ondoren, Emaginen logotipo berritua aurkeztu zen eta baita webgune berriaren hezurdura eta edukiak erakutsi zituen Arantza Santestebanek.

Elkartearen barne bizitza antolatzeko eta ordenatzeko asmoz, barne funtzionamendurako akordioa aurkeztu zuen Miren Arangurenek. Emaginek badu iparrorratza datozen hilabeteetan bere jarduera kideen arteko akordio zabalean oinarritu garatzeko. Honetaz gain Ainara Lasak, urteko kontuen balantzea aurkeztu zuen.

Eztabaidarako ez zen tarte luzeegia geratu, halere, meriendaren bueltan egon zen iritzi trukeak eta sentsazioak partekatzeko aukera. Kurtsoaren amaieran, asanblada berri bat ospatzeko gogoekin geratu ginen, hortaz, han ikusiko dugu elkar hurrengoan!

 

A %d blogueros les gusta esto: