Miren, Monika eta Ainara liburuarekin

Miren Arangurenek, Monika Mendiberrik eta Ainara Santamariak idatzitako liburuaren aurkezpena.

Ezker eskuin aipatzen da zaintza azkenaldian, baina zuhurtziaz begiratu nahi diogu kontzeptuaren hedapenari; izan ere, edukiz husteko eta ikuspegi feministatik zaintzari begiratzeak duen potentzial eraldatzailea neutralizatzeko arriskua ikusten dugu.

Ahots asko ari dira zaintzari buruz, antolaketa aldatuko dutenaren promesarekin, baina errotik ezer ez dira aldatzen ari. Erakunde publiko batzuen kasua iruditzen zaigu hori, martxan jartzen diren plan askorena, hainbat enpresa pribatuena. Eta arretaz nahi diogu horri begiratu.

Ezinegon batetik eta maitasunetik heldu gara Ez dadin bizitza eten liburua idaztera. Hain zuzen, bizitzari diogun maitasunetik eta bizitza bera arriskuan ikustearen kezkatik. Bizigarritasuna ataka estuan da eta horrek ez gaitu indiferente uzten, ez behintzat guri. Horregatik jo dugu muinera, bizitzaren oinarrian kokatzen diren zaintza lanetara.

Zaintzari buruz hitz egiteko egon daitezke hamaika modu. Hitz egin daiteke era desiragarrian, zaintzarik gabe prekarietatea eta bakardadea gailentzen direlako. Baina hitz egin daiteke bidegabekeriak seinalatuz, gaur egun zaintza lanak antolatuta dauden moduan esplotazio iturri direlako. Guk bi ikuspegiok landi ditugu liburuan, gaur egun batzuen bizitzak besteen etena suposatzen duelako.

Txalapartan egindako liburuaren aurkezpenaMugimendu feministaren gogoe(te)tatik edan dugu liburu hau idazteko, bai honen gogoetatik eta baita honen gogoetetatik ere. Horrez gain, Hernani, Sakana, Usurbil, Andoain, Zaldibi eta beste hainbat herri zein eskualdetan zaintzaren inguruan abiatutako prozesuetan ezagututako jendearen oihartzuna ere heltzean da orriotara. Bereziki, zaintzaileena, zaintza lanen lehen lerroan daudenena. Hemen biltzen dena, beraz, jardun zabal bat da.

Gure esperientziak emandakotik idatzi dugu, baina baita gure mugetatik ere. Jakitun gara metatzen ditugula pribilegioak eta gurutzatzen gaituztela bereizkeriek, eta kokaleku horretatik egin dugu irakurketa, subjektibotasun horretatik, hori baita errealitatera gerturatzeko dugun modu bakarra.

Liburu honetan ezin izan dugu zaintzak barnebiltzen dituen konplexutasun guztien gainean jardun. Batzuk bildu ditugu, eta horietatik tira egiten jarraitu eta jendarteko askotariko eremuetara zaintzaren gaineko eztabaida eta hausnarketa feminista emateko sortu dugu Ez dadin bizitza eten liburuxka.

Hau da, gure helburua da zaintza politikoki aitortzea, agenden erdingunean jartzeko ahalegina egiten jarraitzea. Gure etxeak, gure elkarteak, sindikatuak, alderdiak, harremanak, enpleguak, denborakā€¦ azken batean gure antolaketa soziala nola aldatuko dugun eztabaidatzen jarraitzeko beste aletxo bat jartzea.

Azaroaren 30ean Greba orokor feminista dugu zaintza sistema publiko komunitario baten alde, eta Emagin Elkartetik hori elikatzeko saiakera bat da liburuxka.