Hamarkada bat baino gehiago daramagu Emaginetik hezkidetza egitasmoak lantzen eta hauspotzen. Azkeneko hilabeteetan, hezkidetzari lotutako ikerketa batean murgilduta gabiltza Aztikerrekin batera. Ikerketa prozesuan, hezkidetza proiektuetan inplikatuak daudenak elkarrizketatu ditugu eta ikerketa amaitua ez dagoen arren, hauek dira atera diren ondorioetako batzuk.

Batetik, arrakala handia dago teorikoki hezkidetzari ematen zaion garrantziaren eta praktikan garatzen denaren artean. M8 edo A25 egunei lotuta ekimen ikusgarriak egiten dira ikastetxe guztietan, edo aurrerapenak egin dira baliabideetan androzentrismoa identifikatzeko, adibidez. Aitzitik, egunerokotasunean sexismoa identifikatzeko eta jarrera hezkidetzaileak praktikan jartzeko zailtasun handiak dituzte irakasle askok. Bestetik, ikastetxe batean hezkidetza lantzen bada, irakasle kontzientziadun batzuen borondateari eta militantziari esker izaten da. Azkenik, eta ikasleei dagokionez, formazio eta denbora gehiena beraiekin lanketak egitera bideratzen da, baina hezkidetzarekin lotuta mezua errepikatzen ari garela adierazten hasi dira. Beraz, eraginkorra al da egiten ari garen lan hori? Edo hezkidetza estrategietan errepikan ari gara? Fokua ikasleengan jarri behar dugu ala irakasleengan?

Irakasleak eragile feminista bilakatuko balira eta irakasle rola hezitzaile rolarekin bat datorrela barneratuko balute, egunerokotasunean, hezkidetza jarraikortasun zein koherentziarekin landuko litzateke. Norabide horretan ez da irakasleei begirako formazioa falta denik, baizik eta irakasleentzako formazioak ez daudela irakasle talde osoarentzako modu sistematiko eta progresiboan planifikatuta. Ikasleekin landu beharreko edukiak ere ez daude progresiboki etapa bakoitzean eta irakasgai bakoitzeko programazioetan txertatuta.

Horiek horrela, ikastetxearen kultura aldatzeko estrategia iraunkorrak behar direla ondorioztatzen ari gara berriz ere. Nekez lortuko ditugu aldaketak soilik ikasleekin edo irakasleekin puntualki lan egiten badugu. Hezkidetza prozesuak sistematizatu behar dira, baliabide ekonomikoz zein humanoz hornitu eta denbora eskaini. Apustu politiko argia egin behar da eta ausardiaz jokatu, Nafarroako SKOLAE egitasmoak erakutsi zuen gisara.

HEzkidetza eta Pedagogia feministes II. KongresuaJende askok hezkidetzaren ulerkera mugatua dauka eta ez dute intersekzionalitatearekin harremantzen. Pedagogia feministaren beharraz ari dira eremuko zenbait aditu, eta Emaginetik ikuspegi horretara gerturatzeko ahaleginean ari gara. Sorginlorek eta Ikertzek sustatzen duten Hezkidetza eta Pedagogia Feministen II. Kongresua prestatzen ari gara, eta aukera paregabea izango da ditugun galdera horiei erantzun partekatuak emateko, zein hezkuntzari begirako estrategiak fintzeko. Ekainaren 26 eta 27an egingo da Igeldoko hotelean irakasle eta hezitzaileei begirako kongresua eta egitaraua ikusi eta izena emateko aukera honako loturan duzue:  https://pedagogiafeministak.sorginlore.eus/