HERNANIN ZAINTZAREN BURUJABETZARANTZ

2020an aurkeztu genuen Beterri-Buruntzaldeako Zaintza Erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena lana. Hori abiapuntu izanik, Hernanin zaintza lanen gaineko hausnarketarekin jarraitzeko bideari ekin zitzaion, eta Emagin Elkartea izan da horretan bidelagun.
Covid-19a dela eta asko atzeratu behar izan zen Beterri-Buruntzaldeako Zaintza Erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena lanaren aurkezpen herritarra, eta horiek horrela, 2022ko apirilean egin genituen jardunaldiak Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Horrekin batera, eta adineko pertsonen bakardade egoera urgentziaz artatzeko asmoz, hainbat lan saio egin ziren 2021eko udaberritik udara bitarte, eta Auzozaintza egitasmoaren definizioa egin zen ondotik, 2021eko neguan martxan jartzeko.
2022ko udaberritik aurrera zaintza taldea sortu genuen. Askotariko eremuetatik datozen herritarrekin hausnarketa prozesua egin dugu, eta zaintzaren inguruko irakurketa komuna eraikitzeaz gain, 2023-2027rako ekintza plana zehaztu dugu, bereziki artikulazio komunitarioa sustatzeko eta zaintza zerbitzuak egokitzeko. Era berean, osatu dugun taldearen gainean hausnartzen ari gara. Zer garen eta nola nahi dugun aurrera begira antolatu erabaki behar dugu, Hernanin zaintza lanak burujabetasunaren ikuspegitik lantzen jarraitzeko.