MARKINA-XEMEINGO BERDINTASUN POLITIKEN EBALUAZIOA ETA III. BERDINTASUNERAKO PLANA

MARKINA-XEMEINGO BERDINTASUN POLITIKEN EBALUAZIOA ETA III. BERDINTASUNERAKO PLANA

MARKINA-XEMEINGO BERDINTASUN POLITIKEN EBALUAZIOA ETA III. BERDINTASUNERAKO PLANA

Emagin elkartean Markina-Xemeingo III. Berdintasunerako Plana lantzen ari gara, udalarekin eta herriko eragile zein norbanakoekin elkarlanean. Ekimen honek jarraipena ematen dio 2015etik martxan dagoen ibilbideari, zeinetan udalak berdintasun politikak sustatu eta balio feministak indartzeko apustua egin duen. Orain arte bi berdintasun plan garatu dira, baina azkenaren indarraldia 2025ean amaitu zen.

Horrekin batera, Bagaittun izeneko talde feministaren bueltan mamitu da denbora luzez berdintasunaren aldeko egitasmo herritarrak. 2023an bere jarduna etenda, hurrengo erreferentziazko elkargunea Morelarre taldea izan da transformazio feministaren helburuari eutsi diona, udal batzordearekin batera. 2025ean berriz, Titu-ba! izenpean, herriko emakumeen iritzia ezagutzeko eta dinamika feminista orokor bar pizteko bidea zabaltzeko ahaleginean aritu dira Udala eta Emagin elkartea, eta Markina-Xemeingo III. Berdintasunerako Planaren sortze prozesuan dinamika horrekin bat egin nahi da.

Testuinguru horretan eta azken planaren indarraldia agortuta, aurreko urteetan egindako lanaren balorazioa egitea eta etorkizunerako norabidea zehaztea ezinbestekoa ikusi da. Hori dela eta, III. plana osatzeko prozesu feminista parte-hartzailea abiatu dugu, udalaren eta herriko eragile desberdinen arteko elkarlanean oinarrituta. Prozesu honen lehen urratsa 2025eko azaroan aurkeztu zen, eta 2026an hasi gara lanketa fasean sakontzen.

Ibilbide honen helburu nagusia da herritar guztien artean hausnarketa kolektiboa sustatzea eta datozen urteetarako ibilbide feminista partekatua marraztea. Horretarako, funtsezkoa izango da ikuspegi anitzak jasotzea eta tokiko errealitateari lotutako diagnostiko eguneratua egitea.

Berdintasunerako Plan berriak emakume, gizon eta bestelako identitate zein gorputzen artean dauden desberdinkeriak agerian jarri eta horiei aurre egiteko neurri zehatzak jaso nahi ditu. Horrela, Markina-Xemein herri berdinzaleago bat eraikitzen lagundu nahi dugu, ikuspegi feminista ardatz hartuta.

 

Titu ba! Markinako egitasmoa

TORTURA FEMINISMOTIK ERREPARATU JARDUNALDIAK

TORTURA FEMINISMOTIK ERREPARATU JARDUNALDIAK

TORTURA FEMINISMOTIK ERREPARATU
jardunaldiak

Ezin dugu bazter utzi ukaezina dena: emakume* torturatuek (eta, geure ustez, gizon torturatuek ere) indarkeria matxista pairatu dute, batez ere inkomunikazio-garaian, baina ez hor bakarrik. Indarkeria-mota horiei, aldiz, feminismotik beste indarkeria-kasu batzuei bezainbesteko arreta ez diegu eskaini. Hutsune horren jabe izanda, emakume* torturatuek Emagini egindako gonbidapenari heldu genion eta torturaz jarduteko marko feminista bat osatzen aritu gara elkarlanean. Gogoeta horren emaitza bildu dugu Olatz Dañobeitiak idatzitako “SORGINAK, PUTAK, TERRORISTAK. INDARKERIA MATXISTAREN ERTZAK: TORTURA POLITIKOAK” liburuan. (Liburuari buruzko informazio gehiago hemen irakur dezakezu).

Liburuak pentsatzeko eta jarduteko marko bat ezartzen badu ere, prozesu honen baitan ezinbestekoa iruditu zaigu torturen erreparazioan ekarpena egitea eta horretako antolatu ditugu, hain zuzen ere, TORTURA FEMINISMOTIK ERREPARATU jardunaldiak. Izan ere, feminista gisa, indarkeria matxistak pairatu dituzten emakume* guztien erreparazioa nahi dugu, baita torturak jasan dituztena ere. Eta horixe da prozesu kolektibo honen bigarren helburu handia, emakume* torturatuen berregite-prozesuetan bidelagun izatea. Egiazki, edozein erreparaziok, edozein berregitek, pertsonala bezain kolektiboa izan behar duela sinestuta gaude eta horregatik antolatu ditugu jardunaldiok. Guztion ardura delako torturak pariatu dituzten subjektuen erreparazioari ekitea.

Jadunaldiak otsailaren 7an izango dira, goiz eta arratsaldez, Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean.

 

 

 

Torturak feminismotik erreparatu jardunaldien kartela

2026/02/07
EGITARAUA:

9:30 Harrera
10:00 Solasaldia:  Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa
11:00 Hamaiketakoa
11:30 Emakume* torturatuen ahotsak: erreparazioaren akuiluak eta oztopoak
13:00 Gogoeta kolektiboa
14:00 Bazkaria
15:30 Jendartearen ardurak feminismotik astintzeko ahotsak
17:00 Ekimen kultural musikatua

IZEN EMATEA: Labur.eus/erreparatu

Izen ematea 15 €/10 € bazkaririk gabe.

NORI ZUZENDUTAKO JARDUNALDIAK DIRA?

  • Emakume* torturatuak
  • Mugimendu feminista
  • Herri mugimenduetako emakumeak*
  • Ezker abertzaleko emakumeak*
  • Torturaren aurkako eta memoria/aitortzen aldeko herri eragileetako emakumeak*
  • Belaunaldi berrietako emakumeak*
  • Gaian aritutakoak (abokatu, psikologo, ikerlari,kazetari…) emakumeak*

HEMEROTEKA:

Torturaren mina baretzeko, feminismoa

Berria podcastak: 
Torturaren mina baretzeko, feminismoa
2026/02/10
Irakurri hemen>>

Erreparatu dezagun eta diezaiogun

Hirutxuloko Hitza: 
Erreparatu dezagun eta diezaiogun (Kattalin Miner)
2026/02/27
Irakurri hemen>>

Torturak hautsitakoa berregiteko proposamen bat, feminismotik

Berria: 
Torturak hautsitakoa berregiteko proposamen bat, feminismotik
2026/02/08
Irakurri hemen>>

Iratxe Retolazari elkarrizketa

Berria: 
Iratxe Retolaza Gutierrez: «Marko feminista bat eraikitzeko eskatu ziguten, baina modu kolektiboan eta kontrastatuan»
2026/02/08
Irakurri hemen>>

Maitasun Aitortza, Iraitz Mateo

Naiz: 
Maitasun aitortza bat (Iraitz Mateo)
2026/02/08
Irakurri hemen>>

Torturatu gizntzuten, erori ginen...

Naiz: 
Jardunaldiei buruko erreportajea: «Torturatu gintuzten, erori ginen, altxa gara, hemen gaude eta borrokan jarraitzen dugu» 
2026/02/07
Irakurri hemen>>

Olatz Dañobitiari elkarrizketa Gaur 8n

Naiz: Gaur8
Olatz Dañobeitiari elkarrizketa: «Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»
2026/02/07
Irakurri hemen>>

Torturaren hitzaurre basatia

Naiz: Gaur8
Torturaren hitzaurre basatia
2026/02/07
Irakurri hemen>>

Naiz berria

Naiz:
‘Tortura feminismotik erreparatu’, Emaginek otsailaren 7an Donostian antolatutako jardunaldia
2026/01/27
Irakurri hemen>>

Naiz elkarrizketa

Naiz:
‘Sorginak, putak, terroristak’, tortura politikoaren azterketa ikuspegi feministatik
2025/10/24
Irakurri hemen>>

Tortura: bortxa politikoa, eta matxista

BERRIA FM Podcasta:
Olatz Dañobeitiari elkarrizketa
Tortura: bortxa politikoa, eta matxista
Entzun hemen>>

Ahotsa.info-ren liburu gomendioa:

 

Laguntzailea:

Gipuzkoako FA

Itsasondoko Kulturarteko Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazista

Itsasondoko Kulturarteko Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazista

Itsasondoko Kulturarteko Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazista

2024n hasi ginen proiektuari jarraipena ematera gatoz. Itsadondoko Udal langileekin eta herritarrekin pribilejio zuriaren inguruan aritu ginen lanean, antiarrazismoaz hitz egiten hasteko lehenengo pausoak emanez. Lehen galderak planteatuta hurrengo pausoa Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazista bat sortzen hastea da.

Ezinbestekoa da erabakiak hartzeko espazioetan gure komunitateak osatzen dituzten askotariko ahotsak bermatzea, benetan demokratizazioan sakondu dezagun, eta gizarte geroz eta justuagoak sor ditzagun. Norabide horretan, ezinbestekoa ikusten dugu emakume migratzaile eta arrazializatuek ekonomian, gizartean eta kulturan egiten duten ekarpena aitortzea eta tokiko errealitatea nola elikatzen duten mahai gainean jartzea, gaur egun diskriminatuta dauden herritarrak direlako.

Nahiz eta haien borroka eta erresistentziei esker eguneroko errealitatea aldatu, espazio komunitarioetan azpi ordezkatuta jarraitzen dute, eta ez dute ordezkagarritasun zuzenik ezta intzidentziarako aukera handirik tokiko politika publikoen diseinu, garapen eta ebaluazioan. Hori guztia, egiturazkoak diren arrazakeria, xenofobia eta zapalkuntza patriarkalak sortzen dute, eta haien egunerokotasuna oztopoz beterik dago, bizitza sozial eta politikoan parte hartzeko. Lan prekarietateak, lanaren banaketa arrazializatuak eta etnoestratifikatuak, indarkeria instituzionalak, haien aurreko bizitzaren ukapenak, ikasketen homologazio ezak, egoera administratiboa erregularizatzeko oztopoak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, jatorrizko herrialdeetako ardurek… asko mugatzen dute haien parte hartze indibidual zein kolektiboa.

Horregatik, emakume migratu eta arrazializatuen errealitatea jasotzea, eta boteretze prozesuak sustatzea, ezinbesteko bilakatzen da tokiko politika publikoak benetan izan daitezen herritar ororen errealitatea hobetzera bideratuak. Eta, horrexegatik, Itsasondoko udaletik, Itsasondon bizi diren emakume migratu eta arrazializatuen egoera jaso eta eraldatzeko eskuhartzeak identifikatuko dituen ikerketa prozesu parte hartzailea garatzen ari gara, non haiek izango diren ikerketa lanaren subjektu nagusia eta herritar guztion konpromisoa bilatuko dugun eguneroko jarrerak zein politika publikoak aldatzeko. Horiek horrela, udala eta komunitatea interpelatuko dituen prozesua izango da, eta epe luzera emakume migratu eta arrazialiatuen parte hartze aktibo, iraunkor eta eraldatzailea bermatu nahi du. Beraz, ezagutzaren eraikuntza kolektiborako zein boteretze kolektiborako espazio bat sortuko dugu, tokiko politiketan ikuspegi antiarrazista eta kulturartekoa berma dadin, eta herritar orok eskubide berdinak izan ditzan, jatorria, arraza edo migrazio egoera edozein dela ere.

Beraz, epe ertain luzerako prozesu baten abiapuntuan gaudela esan dezakegu.

Ikerketa ekintza partehartzaile honetan komunitatearen parte garrantzitsua diren emakume migratu eta arrazializatuak izango dira subjektu nagusi eta lidergoa izango dutenak, haien egunerokoan aldaketa sakonak eragingo dituen herriko eskuhartzea osatzeko. Izan ere, metodologia honen oinarrian dago komunitatea bera izatea aldaketa sozialaren subjektu nagusia eta bizi baldintzetan eragiteko bideak marrazten dituztenak
Itsasondoko Kultuarteko Ekintza Plan Feminista eta Antiarrazistari ekin nahi diogu. Ardura hartze batetik hasten delako aldaketa. Eskerrik asko!

 

Ikaztegietan aniztasuna eta antiarrazismoa lantzeko Zapiak taldearen dinamizazioa

Ikaztegietan aniztasuna eta antiarrazismoa lantzeko Zapiak taldearen dinamizazioa

Ikaztegietako herrian bertako emakume zuriak eta emakume etorkin eta arrazializatuak elkartu gara. Parez pare jarri eta elkar ezagutzeko aukera izan dugu, herriko emakumeen sarea indartuz eta gaur egun gure txoko guztietan presente dagoen arrazakeriari aurre egiteko. Hau ez da soilik topaketa bat, baizik eta elkarrengandik ikasteko eta gure artean indarrak batuz aurrera egiteko espazio bat.

Saioak arinak eta dinamikoak izaten dira. Ez dugu nahi inor kanpoan geratzea, giro goxoa eta konfiantzazkoa sortzen dugu, bakoitzak bere ahotsa entzuteko eta entzunarazteko aukera izan dezan.

Gure artean antiarrazismoaren eta feminismoaren inguruko gaiak lantzen ditugu. Baina ez dugu soilik teoriaz hitz egiten; esperientzietatik eta eguneroko bizitzatik abiatzen gara. Elkar ezagutuz, arrazakeriak eta matxismoak dituen aurpegi ezberdinak identifikatzeko aukera dugu. Eta horrela, gure aurreiritziak deseraikitzeko eta begirada berriak zabaltzeko aukera sortzen da.

Feminismoa eta antiarrazismoa dira gure ardatzak, eta biak uztartuta lantzen ditugu. Horrek esan nahi du gai bakoitza ez dela bakarrik kontzeptu abstraktu gisa azaltzen, baizik eta gure gorputzetatik eta gure bizipen zehatzetatik abiatuta. Metodologia aktiboak erabiltzen ditugu, mugimendua eta gorputza tartekatuz, baita hausnarketa eta hitza ere. Horrek ikaskuntza sakonagoa eta osoagoa egiten du.

Gainera, oso garrantzitsua zaigu espazio seguru bat sortzea. Saio bakoitzean tarte bat hartzen dugu entzun eta partekatzeko, bakoitzak bere sentipenak eta bizipenak taldearekin konpartitu ahal izateko. Momentu horietan askotan agertzen da elkartasunaren indarra: konturatzen gara gure borrokak ez direla isolatuak, baizik eta denon artean eraikitzen dugun sare baten parte direla.

Laburbilduz, Ikaztegietako saio hauek ez dira klase edo tailer arruntak. Elkarbizitza eta elkarrekikotasunaren bidez, gure artean komunitate sendoago bat sortzen dugu. Antirrazismoa eta feminismoa praktikan jartzen ditugu, ez bakarrik hitzetan, baizik eta gure harremanetan eta gure eguneroko bizitzan. Eta horrela, pixkanaka, arrazakeriari eta matxismoari aurre egiteko tresna errealak sortzen ditugu.

Azken batean, gure saioak esperientzia kolektiboak dira: emakumeon arteko topaketa, indartze eta askapen prozesu txiki baina indartsuak.

Blusa eta Nesken genero harremanen inguruko ikerketa kuantitatiboa

Blusa eta Nesken genero harremanen inguruko ikerketa kuantitatiboa

Blusa eta Nesken genero harremanen inguruko ikerketa kuantitatiboa

2023ko abuztuan eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko eta erasoen aurrean jarduteko protokoloa aurkezteko agerraldia egin zuen Blusen eta Nesken Parekidetasun Batzordeak. 2015etan ekin zioten barne mailan eraso matxisten afera lantzeari eta dagoeneko, kide diren kuadrilla guztiek protokoloa beren gain hartzea eta aplikatzea lortu dute.

Barrura begirako lanketa horretan urrats bat gehiago eman dute orain, eta Blusa eta Nesken dinamika genero ikuspegitik aztertu dute. Emaginek Aztikerrekin batera sortu duen inkesta baten bidez burutu da azterketa hori. Arrakastatsua izan da egindako lana, aurreikusitako lagina gainditzeaz gain (401 kidek erantzun dute inkesta %95 baino konfiantza maila handiagoarekin), Blusa eta Nesken ikuspegiak eta dinamikak bistaratzea ekarri duelako, eta hori ikuspegi feministatik analizatzea izan da Emaginen lana. Kuadrilla ezberdinetako kideek feminismoarekiko daukaten ezagutza eta atxikimenduaren berri eskuratu da, batetik; eta, Blusa eta Nesken izaera definitzen duten alderdi ezberdinen analisi bat ere egin da, bestetik. Hala nola, lan eta ardura banaketa, kontziliazioa, parte hartzea, balio eta kultura, edo indarkeria jarri dira auzitan eta denetan ala denetan ematen diren errealitateak bistaratu dira analisian.

Lan honi esker, barne mailako dinamika nolakoa den eta zein iritzi sortzen dituen ezagutzeko parada izan dugu. Eta guzti hori ikuspegi feminista batetik aztertzean, aurrera begirako jardun feminista indartzeko eremu ugari hauteman dira. Hemendik aurrera bidea egiten jarraitu beharra dago, batez ere, inkestan azaleratu den gogo feminista, iritzietan ez ezik praktikan ere islatzeko.

 

Blusa eta neskak genero harremanen inguruko ikerketa<br />