Pasaden abenduaren 15ean, Duintasuna Pentsionisten elkarteak antolatuta Oreretan izan ginen Emagin Elkarteko kideok hitzaldia eskaintzen; izan ere, azken urteotan Gipuzkoan landu dugu gaia eta horren berri ematera joan ginen.

hitzaldiaren kartelaIzugarrizko poza hartu genuen Merkatu Zaharreko gela guztiz betea ikusi genuenean, eta 100 pertsona baino gehiagok zaintza lanak antolatzeko ditugun moduen gaineko hausnarketan parte hartzeko prest zeudela ikusi genuenean.Gure abiapuntua izan zen zaintza lanen dualtasuna; hots, zaintza lanak erromantizatzetik urrun, ezkutuan dituen tranpak mahai gaineratu behar dira. Zeinek egiten dituen eta zeinek jaso; zein posizio sozial duten batzuk eta besteek; zein baldintzatan egiten diren, eta zein eragin dituzten. Zaintza lanek bereizkeria egoerak sortzen dituzte, derrigorrez egiten direnean, diskriminazioak sortzen dituztenean eta jendarteko arrakalak areagotzen dituztenean, negozio pribatu direlako. Era berean, hortzimuga dira, eraldaketarako palanka; izan ere, zaintza lanen antolaketa eta ulerkera aldatzeak guztia alda dezakeelako.

Egungo zaintza erregimen bidegabea aztertu genuen, eta ondorioztatu zaintza sistema publiko komunitarioa behar dela hiperfeminizazioari, arrazializazioari, etxeko langileen explotazioari eta merkantilizazioari aurre egiteko. Erakunde publikoak aldatzea ezinbestekoa izango da horretarako, baina merkatua alde batera utzi eta komunitatea indartzeko ahalegina egin beharko dugu, profesionaltasuna galdu gabe (horretan ezinbestekoak dira kooperatiba sozial eraldatzaileak eta zerbitzu publikoak) eta ardura kolektiboa ardatz. Zaintza lanetan ere elkarrekikotasun feminista behar dugu.