26 - 05 - 07

Emagin Elkartetik 2026ko otsailetik Tolosako I. Zaintza Plana lantzeko eta Tolosako Zaintza Ekosistemaren Mahaia sortzeko prozesuan murgilduta gabiltza. Horretarako, ezinbestean, Tolosak zaintzaren esparru zabalean egindako ibilbidetik abiatu gara eta ikuspegi parte-hartzaile, komunitario, feminista eta intersekzionaletik herriko askotariko eragileekin ari gara lanean.
2024. urtean egin zen Tolosako zaintza ekosistemaren diagnostikoa eta hortik eratorritako indarguneak eta erronka nagusiak abiapuntu gisa, adinekoen eta desgaitasunaren zaintzan, haur eta nerabeen zaintzan eta zaintzaileen zaintzan zein helburu eta ekinbide egin behar diren ari gara jasotzen.
XXI. mendeko gizarte honek duen erronka nagusietako bat da zaintzarena, eta erronka horri Tolosak ez dio nahi izan bizkar eman. Lehen lerrora ekarri du Mugimendu Feministak aspalditik ekarritako gizarte eraldaketarako lan ildo ezinbestekoa, eta arduraz baliabide eta egitura publikoak aztertu nahi ditu, herriko komunitate zabalarekin batera. Zaintza erregimen tradizionala gainditu eta Tolosa Herri Zaintzailea bilakatuko duen prozesuari jarraipena emango dion bidean sakontzen jarraituko dugu.
26 - 04 - 23
Indarkeria matxista entzutean dardara antzeko batek zeharkatzen ditu gure gorputzak. Eta ez da gutxiagorako: azken urteotan, gure herrietan, indarkeria matxista kasuek ez dute etenik izan eta zapalkuntza heteropatriarkalaren adierazpen bortitzena izaten jarraitzen dute. Ikaran hezi gaituzte emakumeok*, gertatuko zaigunaren beldur etengabean, eta izua gailendu zaigu askotan. Aitzitik, izu-ikara ez da izan geldiarazle eta bortizkeriari aurre egiteko lanean jarraitu dugu, geroz eta hesi zabalagoa jarriz askotariko eraso matxistei.
Norabide horretan, dardara berri bat sortu nahi dugu, gure herrietan hedatzen joango diren indarkeria matxistei aurre egiteko uhinak zabaltzeko, dar-dar. Urte luzez egin ditugun esku-hartze, arreta, sentsibilizazio jarduerak eta erantzunak inarrosi eta urrats berri bat eman nahi dugu Emaginetik indarkeria matxistarik gabeko herriak ehuntzen jarraitzeko. Horretarako, trebakuntza eta ardura hartze kolektiboa oinarrian dituen proposamen bat osatu dugu.
Jaietan ematen diren indarkeria matxisten inguruko lanketa modu integral batean lantzeko proposamena osatu dugu Emaginetik. Horretarako, udalek egiten dutenaz gain, ikuspegi komunitarioa ere barne hartu dugu, herriko eragile guztien inplikazioa sustatzeko. Haatik, indarkeria matxistei aurre egiteko Herri Akordio zabala osatzea dago proposamenaren muinean, modu horretan, jardun bateratua bermatu eta askotariko eremuetan konpromisoak erdietsi nahi ditugulako.
Herriko eragile, subjektu eta orotariko herritarrak sentsibilizatzea eta konpromisoak biltzea du helburu. Abiapuntuan, sentsibilizazio eta formakuntzan sakonduko da, udalerriko espazio eta eremu estrategikoetan eragin eta eremu bakoitzean hartuko diren konpromisoak eta esku-hartzea zehazteko segidan. Indarkeriaren egiturazko izaera aitortu eta horri aurre egiteko bidean eremuz eremukako lanketa egingo da. Komunitatea osatzen duten eragileengana joko da, herriko eragile aktiboak saretu eta indarkeria matxistei aurre egiteko ehun indartsua osatzeko. Bakoitzak bere errealitatetik eta antolatzen dituen ekintzen bidez gorpuztuko da askotariko eragileen artean (herritarrak, erakundeak, elkarteak, ehun ekonomikoa…) lortzen den konpromiso edo hitzarmen kolektiboa.
Horiek horrela, Herri Akordioa ez da intentzio adierazpen soila, konpromiso errealak, neurgarriak eta ebaluagarriak jasoko dituen hitzarmen kolektibo bat baizik, gure herriak, indarkeria matxistarik gabe eraikitzen jarraitzeko.
Dar-dar proposamena ezagutu nahi baduzu, hemen duzu dosierra.
25 - 11 - 06
Urriaren hasieran kaleratu genuen Txalapartaren eskutik Olatz Dañobeitiak Iratxe Retolaza eta Emagin Elkartearekin batera idatzitako liburua: Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa.
Liburua eraldaketarako proposamen bat da, hausnarketarako proposamen bat da, aldarrikapen bat, salaketa bat da. Baina bereziki, biolentzia matxistaren ertz zehatz bat azpimarratzeko eta biolentzia politikoaren interpretazio berri bat egiteko saiakera bat da.
Hainbat indarkeria espezifiko izendatzen ari garen garai hauetan (obstetrikoa, psikologikoa, bikarioa…) tortura politikoa ere indarkeria matxistaren alderdi espezifiko batzuk dituen biolentzia dela landu nahi dugu, interpretazio marko bat garatu.
Liburuari buruzko informazio gehiago hemen.
Aurreko astean Donostian aurkeztu genuen liburua, eta orain Iruñeko txanda dator: azaroak 14 ostirala, 18:30 Txalaparta dendan (Kale nagusia, 61-63).
25 - 10 - 02
Duela pare bat urte Emagineko kideongana ate-joka etorri ziren emakume* militante batzuk, torturak jasandakoak guztiak ere, eta Nafarroako Torturatuen Sarean bertan edo horren bueltan torturaren aurkako dinamiketan ekinean zebiltzanak. Torturak eragindako bortxak izendatzeko, aletzeko eta ulertzeko analisi feminista bat osatzeko behar kolektiboa azalerazi ziguten: marko feminista bat eraikitzearen garrantziaz ohartarazi gintuzten. Adierazi zigutenez, ez zuten testingantza-bilduma bat osatzeko premiarik sentitzen, bestelako behar batek eraman zituen gurekin biltzera: bizitako bortxa-egoera eta bortxa-gertaera horiek berrinterpretatzeko tresna bat elkarrekin eraikitzeko gonbidapena egin nahi ziguten, betiere feminismoa iparrorratz izanda.
Ezin dugu bazter utzi ukaezina dena: emakume* torturatuek (eta, geure ustez, gizon torturatuek ere) indarkeria matxista pairatu dute, batez ere inkomunikazio-garaian, baina ez hor bakarrik. Indarkeria-mota horiei, aldiz, feminismotik beste indarkeria-kasu batzuei bezainbesteko arreta ez diegu eskaini. Zulo horren jabe izanda, Emaginetik guregana hurbildu ziren militante torturatu horien interpelazioari heldu genion, eta torturaz jarduteko marko feminista bat eraikitzeko ariketa kolektiboa egin dugu publikazio honetan.
Ariketa kolektibo honetan, beraz, ikuspegi feministatik aztertu nahi izan dugu errepresio-molde jakin bat: Euskal Herriko gatazka politiko-armatuan borrokatu duten emakumeek* pairatu dituzten torturak. Torturak indarkeria matxistaren begiradatik aztertuko ditugu, are gehiago, torturak indarkeria matxisten beste ertz bat baino ez direla uste dugu. Emakume* militante hauen kontrako bortxa jakin hau, tortura politikoa, bi menderakuntza-ardatzen bidegurutzean gauzatzen da: alde batetik, emakume* kategoriak zedarritzen duen menderakuntza-ardatza, indarkeria-mota askoren jomugan jartzen zaituena; beste alde batetik, nazio-zapaldu baten kide izan eta herri hori askatzearen alde borrokatzeak beste (estatu-)indarkeria askoren jomugan jartzen zaitu.
Edozein feministaren modura, indarkeria matxistak pairatu dituzten emakume* guztien erreparazioa nahi dugu, baita torturak jasandako emakumeenak* ere. Prozesu kolektibo honen helburua horixe da, emakume* horien berregite-prozesuetan bidelagun izatea. Izan ere, edozein erreparaziok, edozein berregitek pertsonala bezain kolektiboa izan behar du, ezinbestean.
Liburu honek, beraz, kontzientziak astindu nahi ditu. Ezerosoa eta mingarria den gai bat hizpidera ekarri nahi du. Jakin badakigu torturaren gaiak gaur egun pereza, erreakzio eza, isiltasuna edo distantzia jarri nahia modukoak eragiten dituela. Hain justu, halako erantzunek eta tortura hizpide ekartzeak dakartzan deserosotasun eta ezinegon horiei aurrez aurre begiratu nahi diegu, iskin egin gabe. Iraganean lurperatu nahi den errealitate hori gaur egun bizi-bizirik dagoela azalerazi nahi dugu. Tortura politikoak, oro har, eta, sexu-tortura politikoak, zehazki, indarkeria matxisten testuinguruan kokatuko ditugu, eta bortxa horiek aztertzeko marko analitiko-feminista bat garatzeko lehen urratsak egin nahi ditugu. Halako marko bat sortzearekin hiru geruzatan eragin nahi genune: batetik, torturatu dituzten herritarrentzat tresna baliagarri bat izatea nahiko genuke, bizi izan dutena ulertzeko marko feminista bat eskaintze aldera; bestetik, torturak bigarren pertsonan bizi izan dituztenei, izuaren geografiak feminismotik ulertzeko eta desaktibatzeko marko berri bat eman nahi diegu, erreparazioan bidelagun eraginkor izateko baliabideak izan ditzagun; eta, azkenik, torturak hirugarren pertsonan bizi izan dituztenentzat erreparazio sozial horretan eragile aktibo bilakatzeko bultzada izan nahi du.
Gogoeta kolektibo baten lehen emaitza baino ez da liburu hau, ibilbide kolektibo hau elikatzeko tresna izan nahi duena, argitalpenaren osteko urratsetan ere elkarrekin birpentsatzekoa eta adarkatzekoa. Egitasmoaren koordinazio-lanak Emagineko lantaldeak egin ditu, eta lantalde horretara gehitu da Olatz Dañobeitia. Izan ere, liburua osatzeko Olatz Dañobeitiak 2024ean defendaturiko Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua (EHU) tesiko ekarpenak hartu ditugu oinarri nagusitzat. Nolanahi ere, gogoetak eta kokapenak hainbat kide feministarekin eta Ezker Abertzaleko komunitate politikoarekin partekatu eta kontrastatu ditugu. Beste behin, Txalaparta editorialarekin kaleratu dugu liburua.
25 - 09 - 09
Mario Onaindia Fundazioaren GRAND PLACE aldizkariaren 22. zenbakia Zaintzei eskainia da. Bertan, beste artikulu ugarirekin batera, Ainara Santamariak eta Miren Arangurenek idatzitako Gure aldarri feminista: zaintza publiko komunitarioa argitaratu da:

GURE ALDARRI FEMINISTA: ZAINTZA SISTEMA PUBLIKO KOMUNITARIOA
“Goizeko 5:00ak dira, gorputz lokartua ohetik jaiki eta herriko plazan elkartu gara. Gaurkoan, txaleko horiei, txilibituei, megafonoei eta mobilizazio ezberdinetan erabiltzen diren tresnei esekitokiak, amantalak, erratzak, pardelak, gurditxoak edo egunerokoan bizitzeko behar ditugun zereginei lotutako hamaika gailu gehitu zaizkie. Ez da oharkabean pasatzen den irudia, kalera atera ditugun tramankuluak gehienetan lau pareten artean ezkutatuta mantentzen baitira. Gailuei loturiko zaintza lanak eta zaintzaileak ere gisa berean dira, ikusezin eta aitortzarik gabe. Horregatik altxa gara bestelako zaintza sistema bat aldarrikatzera greba feminista orokorrean. Mugimendu feministak bizitzaren itzal laburraz kezkatuta, planto egin dio axolagabekeriari.
Irakurri artikulua osorik hemen: marioonaindiafundazioa.org
25 - 06 - 25
Euskaltzaindiak horrela jasotzen du ahaideren esanahaia:
- Norbaitentzat bere familiakoa beste norbait.
- Espezie batentzat jatorriz aski hurbila den beste espezie bat
Emaginen urteak daramatzagu elkartea barne mailan bizigarriagoa bihurtu nahian. Aspaldi ikasi genuen ez dagoela eraldaketa sozialik eraldaketa pertsonalik eta taldeko eraldaketarik gabe. Horregatik, kanpora begira aldarrikatzen eta sustatzen duguna barne mailan ere lantzen saiatzen gara. Teorietan garatzen duguna, praktikara eramaten, alegia. Batzuetan kanpo laguntza eskatu izan dugu barruko korapiloak askatzeko eta hainbat lanketa egiteko. Beste batzuetan, gure kabuz egiten dugu lan hori eta feminismoak egiten dituen ekarpenak Emagineko barne funtzionamenduan txertatzen ditugu tresna gisa.
Era berean, saiatzen gara gure lan esparrura ekartzen zaintzaren ideia. Izan ere, ulertzen dugu jardun feministaren oinarrietako bat hori dela, eta kanpora begira ez ezik barrura begira ere isla izan behar duela. Horregatik, konpromiso berri bat hartu dugu eta araudi orokorrak ezarritako baimen eta lizentzien logika heteropatriarkala gaindituko duen ahaidegrama feminista txertatu dugu gure lan tresnen artean, beste elkarte eta antolakunde batzuetan egiten ari diren bezala.
Araudi orokorrean, langileen estatutoan zein erreferentziako lan hitzarmenean, logika heteropatriarkalaren arabera xedatzen dira laneko lizentziak. Pertsona batengatik langileak baimen eta lizentziak hartzeko eskubidea du, beti ere zaintza beharrean dagoenak langilearekin odolezko-, ezkontzazko-, izatezko bikotekidezko-ahaidetasuna badu edota elkarrekin bizi badira era ofizialean. Logika horrek ez ditu Emagineko kideon sareak islatzen eta gutxiago beharrak asetzen. Izan ere, gure sareetan bestelako ahaideak ere agertzen dira: lagunak, izebak, bizilagunak, hurbil ditugun beste espezie batzuetako kideak… Gure inguruko sare zabal horiek aitortu eta bertan ematen den zaintza sustatzeko helburua du ahaidegrama feministak. Tresna berri honen bidez, zaintzeko eskubidea gurekin odol loturarik edo afinitate legalik ez duen gertukoengana zabalduko dugu.
Sistemak ezarritako logika gainditu eta, denok zaintzarekiko dugun erantzukizun kolektiboaren ildotik, elkar zaintza sustatu izan da hasieratik Emaginen. Hala, ezkontzazko-, izatezko- zein odol- ahaideetasunik gabeko gertuko pertsonak zaintzeko baimen eta lizentziak hartu ahal izan ditugu bertako langileok. Orain arte, modu informalean hartu ditugu baimen horiek. Orain, ordea, Elkarteak hasieratik izan duen borondatea egonkortzeko eta formalizatzeko tresna jarri dugu martxan: ahaidegrama feminista.
Gure lan funtzionamendu akordio berrian, legeak ezartzen dituen odolkidetasun zein afinitate lotura bidezko bigarren mailarainoko ahaideen zaintza baimenekin batera, zaindu nahi ditugun gertukoak zaintzeko aukera zabalduko dugu ahaidegrama feministaren bidez. Momentuz, orain arte ezagutu dugun baimen sistemaren logika (familian oinarritutakoa) eta ezarri nahi dugun logika berria (ahaidegrama sozio-afektibo feminista) aldi berean osagarriak izango dira, etorkizunean ahaidetasun feministetan sakontzeko baldintzak sortzeko.
Ahaidetasun hitzaren esanahiari jarraiki, gurekin legezko-, zein odol loturarik ez duen gertukoengana zabalduko dugu zaintzeko eskubidea, izan pertsonak zein hurbil ditugun beste espezie batzuk. Azken finean, gure egunerokotasunean estuagoa izan daiteke lagun batekin edo animali batekin dugun harremana, senide batzuekin duguna baino. Sistemak inposatu bezala, ez ditugu familia edo bikote harremanak pribilegiatu nahi. Guk geuk erabaki nahi dugu nor zaintzeko prest gauden, zein diren gure sareak, eta ahaidetasun berriak sortzeko apustua erakundetzen joan.
Uste dugu sistema hau arrakalatzen jarraitzeko, hots, familia deszentralizatzeko, ahaidetasun feministak sortzeko zein elkarrekikotasunean oinarritzen diren zaintzak sustatzeko tresna izan daitekela ahaidegrama. Horregatik, zuen lantokietan ahaidegramaren tresna sortzera gonbidatzen zaituztegu eta horrekin batera, zuen elkarte, erakunde edo lantokian zaintzaren eta bizigarritasunaren inguruko hausnarketa egitera. Segi dezagun ahaidetasun feministak josten!