Skolaerekin elkartasuna

Skolaerekin elkartasuna

conCapa, M18 elkarteak eta guraso talde batek Skolae programaren kontra jarritako hiruko salaketa dela eta, datorren ostiralean, ekainaren 14ean, 10 pertsona deklaratzera deitu ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Tartean Emagineko kide den Idoia Arraiza Zabalegik deklaratu beharko du.

2017an abiatu zen hezkidetza programa integrala Nafarroan. Berdintasuna eta aniztasuna genero baldintzatzailerik gabe sustatzeko egindako ekinbidea da eta modu progresiboan jarri da martxan Nafarroako ikastetxeetan. Emagin Elkarteak hasieratik parte hartzeko gonbidapena jaso genuen eta zalantzarik gabe atxikitu ginen egitasmora, zapalkuntza patriarkalari aurre egiteko hezkidetza hasieratik izan delako ezinbesteko estrategia guretzat, eta hezkuntza gure eragin eremu. Horregatik, elkarlanean jardun dugu azken bi urteetan.

Emagin elkartetik gure babes osoa adierazi nahi diegu deklaratzera joan behar duten 10 pertsonei zein, azken urteotan, Skolae eutsi, babestu eta sustatu duten guztiei. Era berean gogor salatu nahi ditugu Nafarroako eraldaketaren kontra ari diren guztiak eta jazarpenaren bidez balio matxista eta diskriminatzaileak inposatu nahi dituztenak. Ez dira pasako!

 UNESCOren 2019 hezkidetza sariaren hautagai
Skolae programa 2019ko UNESCOren emakume eta haurren heziketaren nazioarteko saria jasotzeko hautagai izendatu dutela adierazi zuen atzo Maria Solanak, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Baluarten izandako Skolae IV. jardunaldien irekieran. Balio izugarria duen izendapena da hezkidetzan egindako lan ona aitortzen duelako.

Kuban ospatuko den ‘Paradigma askatzaileak’ nazioarteko jardunaldietan Euskal Herriko delegazioa izango da, eta horien artean Emaginek parte-hartuko du

Kuban ospatuko den ‘Paradigma askatzaileak’ nazioarteko jardunaldietan Euskal Herriko delegazioa izango da, eta horien artean Emaginek parte-hartuko du

‘Paradigma askatzaileak’ jardunaldietako Euskal Herriko delegazioa.

‘Paradigma askatzaileak’ XIII. edizioa urtarrilaren 22tik 25era burutuko da La Habanan. Bertara joango dira Euskal Herritik hainbat eragile: Joxemi Zumalabe Fundazioa, Bizilur Elkartea, IPES, Ipar Hegoa Fundazioa eta Emagin.

Hausnarketarako, sakontzeko eta artikulaziorako gunea da, konpromiso sozial eta politikoa duten guztiena. GALFISA taldeak antolatu ditu mintegiak Abya Yalako hainbat kolektiboen bultzadaz. Joxemi Zumalabe Fundazioak eta Bizilur Elkarteak lankidetzan osatutako Murtxikatuz prozesuan murgildutako Euskal Herriko hainbat eragile eta Abya Yala-ko zein munduko beste eragile sozial eta aktibistekin batera gai anitzei buruz hausnartu, eztabaidatu eta sinergiak bilatzeko aukerak izango dituzte. Bertan egindako harremanak ikusi, ikasi eta bizi izandakoarekin, Topaketa Internazionalistak antolatuko dituzte datorren udazkenean Euskal Herrian, formakuntza politikorako prozesuetan sakontzeko eta hobetzeko helburarekin.

‘Gorputz grafiak’ erakusketa Iruñan

‘Gorputz grafiak’ erakusketa Iruñan

Gorputz_grafiak Memoria feministaren marruak erakusketa ikusgai izango da azaroaren 18tik hasita abenduaren 16a arte, Iruñako Condestable Civivoxen.

Memoria txiki bat egin nahi dugu; izan ere, memoria erresistentzia praktika bat da. Ez bakarrik errelato ofizialek kontuan hartu ez duten hori barnebiltzeko saiakeragatik, baizik eta gaur egun garena eta etorkizunean izango garen horrekin jokoan sartzen garelako. Gaur, hautu politiko bat hartu dugu: ez zaituztegu ahaztuko.

‘Gure begiraden albokalteak’ mintegia

‘Gure begiraden albokalteak’ mintegia

Eman izena hemen

Gure praktika eta diskurtso feministek ibilbide luzea egin dute. Horretan gailendu dira begirada batzuk, borroka ildo zein molde batzuk. Horregatik guztiagatik iritsi gara honaino. Jakitun gara, errealitatea aztertzeko moduek eta gure jardunbideek albokalteak eragin dituztela eta, horrexegatik, berrikuspen kritiko bat behar dutela sentitzen dugu. Gure begirada findu nahi dugu, burujabetza feministaranzko prozesua muturreraino eramateko. Eta ariketa hori zuekin egiten jarraitu nahi dugu.