ARBELA BERRIAK ERALDAKETARAKO

ARBELA BERRIAK ERALDAKETARAKO

ITSASONDOKO EMAKUME MIGRATUEN AHOTSAK ETA KULTURARTEKO PLAN FEMINISTA.

2025 eta 2026 urteetan zehar, Itsasondoko Udalarekin elkarlanean, Itsasondon bizi diren emakume migratu eta arrazializatuen errealitatea ezagutu, ikusgarri egin eta eraldaketarako proposamenak eraikitzeko Diagnostiko eta Ekintzarako Plan parte-hartzailea garatu dugu.
Emakume migratu eta arrazializatuek, beren borrokari eta erresistentziari esker eguneroko errealitateak eraldatzen laguntzen duten arren, oraindik ere azpiordezkatuta jarraitzen dute espazio komunitario eta instituzionaletan. Horrek esan nahi du tokiko politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzeko eta eragiteko aukerak mugatuak dituztela.
ItsasondoEgoera hori ez da kasualitatea, baizik eta egiturazko zapalkuntzen ondorio zuzena. Arrazakeriak, xenofobiak eta patriarkatuak oztopo ugari sortzen dituzte emakume hauen bizitza sozial, politiko eta komunitarioan parte hartzeko. Horiei gehitzen zaizkie lan-prekarietatea, lanaren banaketa arrazializatua eta etnoestratifikatua, indarkeria instituzionala, aurretik egindako ikasketen homologazio falta, egoera administratiboa erregularizatzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko oztopoak edota jatorrizko herrialdeekin lotutako zaintza eta erantzukizunak. Faktore horiek guztiek nabarmen mugatzen dute haien parte-hartze indibiduala zein kolektiboa.
Horregatik, ezinbestekoa da emakume migratu eta arrazializatuen ahotsak eta esperientziak politika publikoen erdigunean kokatzea, eta haien boteretze indibidual eta kolektiboa sustatzea. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dira herritar guztien errealitateari erantzuten dioten politika publiko bidezkoagoak eta inklusiboagoak.
Diagnostiko honen bidez, ez dugu errealitatea deskribatu soilik; emakumeekin batera eraldaketarako lehentasunak identifikatu eta tokiko esku-hartze proposamen zehatzak eraiki ditugu, ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik.
Bestalde, proiektu honek kulturartekotasuna ulertzeko modu jakin baten alde egiten du. Izan ere, testuinguru anitzetan sortzen diren gatazka edo tentsioak ez dira kultur desberdintasunen ondorio zuzena, baizik eta desberdintasunean, bazterketan eta botere-harreman desorekatuetan oinarritutako gizarte-harremanen emaitza. Horregatik, kulturartekotasunak arreta jartzen du ez hainbeste kulturen arteko desberdintasunetan, baizik eta desberdintasun horiek sortzen eta mantentzen dituzten baldintza sozial eta politikoetan.
Horrenbestez, ezinbestekoa da kulturarteko politika publikoetan ikuspegi feminista eta intersekzionala txertatzea. Berdintasuna sustatzeak genero-ekitatea bermatzea esan nahi du, baina baita generoarekin, jatorriarekin, arrazializazioarekin, klase sozialarekin, erlijioarekin edo egoera administratiboarekin gurutzatzen diren zapalkuntza-egiturei modu integralean aurre egitea ere.
Horregatik defendatzen dugu Kulturarteko Plan Feminista baten beharra: askotariko desberdinkeriak modu bateratuan lantzen dituen tresna delako, eta herri inklusiboago, bidezkoago eta parte-hartzaileago bat eraikitzeko ezinbesteko oinarria delako. Proiektu hau norabide horretan emandako urratsa izan da: emakume migratu eta arrazializatuen ezagutza, esperientziak eta proposamenak tokiko eraldaketaren erdigunean kokatzeko.

Tolosa ere herri zaintzaile helburu

Tolosa ere herri zaintzaile helburu

Tolosan egindako saio bat

Emagin Elkartetik 2026ko otsailetik Tolosako I. Zaintza Plana lantzeko eta Tolosako Zaintza Ekosistemaren Mahaia sortzeko prozesuan murgilduta gabiltza. Horretarako, ezinbestean, Tolosak zaintzaren esparru zabalean egindako ibilbidetik abiatu gara eta ikuspegi parte-hartzaile, komunitario, feminista eta intersekzionaletik herriko askotariko eragileekin ari gara lanean.

Tolosako saioa2024. urtean egin zen Tolosako zaintza ekosistemaren diagnostikoa eta hortik eratorritako indarguneak eta erronka nagusiak abiapuntu gisa, adinekoen eta desgaitasunaren zaintzan, haur eta nerabeen zaintzan eta zaintzaileen zaintzan zein helburu eta ekinbide egin behar diren ari gara jasotzen.

XXI. mendeko gizarte honek duen erronka nagusietako bat da zaintzarena, eta erronka horri Tolosak ez dio nahi izan bizkar eman. Lehen lerrora ekarri du Mugimendu Feministak aspalditik ekarritako gizarte eraldaketarako lan ildo ezinbestekoa, eta arduraz baliabide eta egitura publikoak aztertu nahi ditu, herriko komunitate zabalarekin batera. Zaintza erregimen tradizionala gainditu eta Tolosa Herri Zaintzailea bilakatuko duen prozesuari jarraipena emango dion bidean sakontzen jarraituko dugu.

 

 

 

DAR-DAR, indarkeria matxistarik gabeko herriak ehuntzen

DAR-DAR, indarkeria matxistarik gabeko herriak ehuntzen

Indarkeria matxista entzutean dardara antzeko batek zeharkatzen ditu gure gorputzak. Eta ez da gutxiagorako: azken urteotan, gure herrietan, indarkeria matxista kasuek ez dute etenik izan eta zapalkuntza heteropatriarkalaren adierazpen bortitzena izaten jarraitzen dute. Ikaran hezi gaituzte emakumeok*, gertatuko zaigunaren beldur etengabean, eta izua gailendu zaigu askotan. Aitzitik, izu-ikara ez da izan geldiarazle eta bortizkeriari aurre egiteko lanean jarraitu dugu, geroz eta hesi zabalagoa jarriz askotariko eraso matxistei.

Dar-dar logoaNorabide horretan, dardara berri bat sortu nahi dugu, gure herrietan hedatzen joango diren indarkeria matxistei aurre egiteko uhinak zabaltzeko, dar-dar. Urte luzez egin ditugun esku-hartze, arreta, sentsibilizazio jarduerak eta erantzunak inarrosi eta urrats berri bat eman nahi dugu Emaginetik indarkeria matxistarik gabeko herriak ehuntzen jarraitzeko. Horretarako, trebakuntza eta ardura hartze kolektiboa oinarrian dituen proposamen bat osatu dugu.

Jaietan ematen diren indarkeria matxisten inguruko lanketa modu integral batean lantzeko proposamena osatu dugu Emaginetik. Horretarako, udalek egiten dutenaz gain, ikuspegi komunitarioa ere barne hartu dugu, herriko eragile guztien inplikazioa sustatzeko. Haatik, indarkeria matxistei aurre egiteko Herri Akordio zabala osatzea dago proposamenaren muinean, modu horretan, jardun bateratua bermatu eta askotariko eremuetan konpromisoak erdietsi nahi ditugulako.

Herriko eragile, subjektu eta orotariko herritarrak sentsibilizatzea eta konpromisoak biltzea du helburu. Abiapuntuan, sentsibilizazio eta formakuntzan sakonduko da, udalerriko espazio eta eremu estrategikoetan eragin eta eremu bakoitzean hartuko diren konpromisoak eta esku-hartzea zehazteko segidan. Indarkeriaren egiturazko izaera aitortu eta horri aurre egiteko bidean eremuz eremukako lanketa egingo da. Komunitatea osatzen duten eragileengana joko da, herriko eragile aktiboak saretu eta indarkeria matxistei aurre egiteko ehun indartsua osatzeko. Bakoitzak bere errealitatetik eta antolatzen dituen ekintzen bidez gorpuztuko da askotariko eragileen artean (herritarrak, erakundeak, elkarteak, ehun ekonomikoa…) lortzen den konpromiso edo hitzarmen kolektiboa.

Horiek horrela, Herri Akordioa ez da intentzio adierazpen soila, konpromiso errealak, neurgarriak eta ebaluagarriak jasoko dituen hitzarmen kolektibo bat baizik, gure herriak, indarkeria matxistarik gabe eraikitzen jarraitzeko.

Dar-dar proposamena ezagutu nahi baduzu, hemen duzu dosierra.

Sorginak, putak, terroristak liburuaren aurkezpena azaroaren 14an

Sorginak, putak, terroristak liburuaren aurkezpena azaroaren 14an

Donostian aurkeztu genuen liburuaUrriaren hasieran kaleratu genuen Txalapartaren eskutik Olatz Dañobeitiak Iratxe Retolaza eta Emagin Elkartearekin batera idatzitako liburua: Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa.

Liburua eraldaketarako proposamen bat da, hausnarketarako proposamen bat da, aldarrikapen bat, salaketa bat da. Baina bereziki, biolentzia matxistaren ertz zehatz bat azpimarratzeko eta biolentzia politikoaren interpretazio berri bat egiteko saiakera bat da.

Hainbat indarkeria espezifiko izendatzen ari garen garai hauetan (obstetrikoa, psikologikoa, bikarioa…) tortura politikoa ere indarkeria matxistaren alderdi espezifiko batzuk dituen biolentzia dela landu nahi dugu, interpretazio marko bat garatu.

Liburuari buruzko informazio gehiago hemen.

Aurreko astean Donostian aurkeztu genuen liburua, eta orain Iruñeko txanda dator: azaroak 14 ostirala, 18:30 Txalaparta dendan (Kale nagusia, 61-63).Liburua aurkezpena

 

“SORGINAK, PUTAK, TERRORISTAK. INDARKERIA MATXISTAREN ERTZAK: TORTURA POLITIKOAK” LIBURUA LASTER KALEAN

“SORGINAK, PUTAK, TERRORISTAK. INDARKERIA MATXISTAREN ERTZAK: TORTURA POLITIKOAK” LIBURUA LASTER KALEAN

Sorgiñak, putak, terroristakDuela pare bat urte Emagineko kideongana ate-joka etorri ziren emakume* militante batzuk, torturak jasandakoak guztiak ere, eta Nafarroako Torturatuen Sarean bertan edo horren bueltan torturaren aurkako dinamiketan ekinean zebiltzanak. Torturak eragindako bortxak izendatzeko, aletzeko eta ulertzeko analisi feminista bat osatzeko behar kolektiboa azalerazi ziguten: marko feminista bat eraikitzearen garrantziaz ohartarazi gintuzten. Adierazi zigutenez, ez zuten testingantza-bilduma bat osatzeko premiarik sentitzen, bestelako behar batek eraman zituen gurekin biltzera: bizitako bortxa-egoera eta bortxa-gertaera horiek berrinterpretatzeko tresna bat elkarrekin eraikitzeko gonbidapena egin nahi ziguten, betiere feminismoa iparrorratz izanda.

Ezin dugu bazter utzi ukaezina dena: emakume* torturatuek (eta, geure ustez, gizon torturatuek ere) indarkeria matxista pairatu dute, batez ere inkomunikazio-garaian, baina ez hor bakarrik. Indarkeria-mota horiei, aldiz, feminismotik beste indarkeria-kasu batzuei bezainbesteko arreta ez diegu eskaini. Zulo horren jabe izanda, Emaginetik guregana hurbildu ziren militante torturatu horien interpelazioari heldu genion, eta torturaz jarduteko marko feminista bat eraikitzeko ariketa kolektiboa egin dugu publikazio honetan.

Ariketa kolektibo honetan, beraz, ikuspegi feministatik aztertu nahi izan dugu errepresio-molde jakin bat: Euskal Herriko gatazka politiko-armatuan borrokatu duten emakumeek* pairatu dituzten torturak. Torturak indarkeria matxistaren begiradatik aztertuko ditugu, are gehiago, torturak indarkeria matxisten beste ertz bat baino ez direla uste dugu. Emakume* militante hauen kontrako bortxa jakin hau, tortura politikoa, bi menderakuntza-ardatzen bidegurutzean gauzatzen da: alde batetik, emakume* kategoriak zedarritzen duen menderakuntza-ardatza, indarkeria-mota askoren jomugan jartzen zaituena; beste alde batetik, nazio-zapaldu baten kide izan eta herri hori askatzearen alde borrokatzeak beste (estatu-)indarkeria askoren jomugan jartzen zaitu.

Edozein feministaren modura, indarkeria matxistak pairatu dituzten emakume* guztien erreparazioa nahi dugu, baita torturak jasandako emakumeenak* ere. Prozesu kolektibo honen helburua horixe da, emakume* horien berregite-prozesuetan bidelagun izatea. Izan ere, edozein erreparaziok, edozein berregitek pertsonala bezain kolektiboa izan behar du, ezinbestean.

Liburu honek, beraz, kontzientziak astindu nahi ditu. Ezerosoa eta mingarria den gai bat hizpidera ekarri nahi du. Jakin badakigu torturaren gaiak gaur egun pereza, erreakzio eza, isiltasuna edo distantzia jarri nahia modukoak eragiten dituela. Hain justu, halako erantzunek eta tortura hizpide ekartzeak dakartzan deserosotasun eta ezinegon horiei aurrez aurre begiratu nahi diegu, iskin egin gabe. Iraganean lurperatu nahi den errealitate hori gaur egun bizi-bizirik dagoela azalerazi nahi dugu. Tortura politikoak, oro har, eta, sexu-tortura politikoak, zehazki, indarkeria matxisten testuinguruan kokatuko ditugu, eta bortxa horiek aztertzeko marko analitiko-feminista bat garatzeko lehen urratsak egin nahi ditugu. Halako marko bat sortzearekin hiru geruzatan eragin nahi genune: batetik, torturatu dituzten herritarrentzat tresna baliagarri bat izatea nahiko genuke, bizi izan dutena ulertzeko marko feminista bat eskaintze aldera; bestetik, torturak bigarren pertsonan bizi izan dituztenei, izuaren geografiak feminismotik ulertzeko eta desaktibatzeko marko berri bat eman nahi diegu, erreparazioan bidelagun eraginkor izateko baliabideak izan ditzagun; eta, azkenik, torturak hirugarren pertsonan bizi izan dituztenentzat erreparazio sozial horretan eragile aktibo bilakatzeko bultzada izan nahi du.

Gogoeta kolektibo baten lehen emaitza baino ez da liburu hau, ibilbide kolektibo hau elikatzeko tresna izan nahi duena, argitalpenaren osteko urratsetan ere elkarrekin birpentsatzekoa eta adarkatzekoa. Egitasmoaren koordinazio-lanak Emagineko lantaldeak egin ditu, eta lantalde horretara gehitu da Olatz Dañobeitia. Izan ere, liburua osatzeko Olatz Dañobeitiak 2024ean defendaturiko Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua (EHU) tesiko ekarpenak hartu ditugu oinarri nagusitzat. Nolanahi ere, gogoetak eta kokapenak hainbat kide feministarekin eta Ezker Abertzaleko komunitate politikoarekin partekatu eta kontrastatu ditugu. Beste behin, Txalaparta editorialarekin kaleratu dugu liburua.

GRAND PLACE ALDIZKARIRAKO ZAINTZARI BURUZKO ARTIKULUA DATZI DUGU

GRAND PLACE ALDIZKARIRAKO ZAINTZARI BURUZKO ARTIKULUA DATZI DUGU

Mario Onaindia Fundazioaren GRAND PLACE aldizkariaren 22. zenbakia Zaintzei eskainia da. Bertan, beste artikulu ugarirekin batera, Ainara Santamariak eta Miren Arangurenek idatzitako Gure aldarri feminista: zaintza publiko komunitarioa argitaratu da:

GURE ALDARRI FEMINISTA: ZAINTZA SISTEMA PUBLIKO KOMUNITARIOA

“Goizeko 5:00ak dira, gorputz lokartua ohetik jaiki eta herriko plazan elkartu gara. Gaurkoan, txaleko horiei, txilibituei, megafonoei eta mobilizazio ezberdinetan erabiltzen diren tresnei esekitokiak, amantalak, erratzak, pardelak, gurditxoak edo egunerokoan bizitzeko behar ditugun zereginei lotutako hamaika gailu gehitu zaizkie. Ez da oharkabean pasatzen den irudia, kalera atera ditugun tramankuluak gehienetan lau pareten artean ezkutatuta mantentzen baitira. Gailuei loturiko zaintza lanak eta zaintzaileak ere gisa berean dira, ikusezin eta aitortzarik gabe. Horregatik altxa gara bestelako zaintza sistema bat aldarrikatzera greba feminista orokorrean. Mugimendu feministak bizitzaren itzal laburraz kezkatuta, planto egin dio axolagabekeriari.

 

Irakurri artikulua osorik hemen: marioonaindiafundazioa.org