2022ko udaldia ezohiko udaldia izan da; pandemiaren ondoren lehenengo jaiak ospatu dira. Aurreikuspenak eta espektatibak gainditu dituen uda bat izan dela esan daiteke, Emaginen lanak erreferentzia lortu du eta herri txiki, auzo eta hiriburuetako jai ugari eta oso anitzetan egon gara Indarkeria Matxistarik gabeko guneen zerbitzua eskaintzen, baita erasoak salatzeko eta eskuhartzeko telefono arreta zerbitzuarena ere: Hernani, Arrasate, Aiara, Iruñako San Ferminetan, Villabona, Donostiko Aste Nagusian, Ibarra, Andoain, Sakana, Antsoain, Gernika, Galdakao, Ondarru, Oiartzun, Getaria, Leitza, Bakio, Laudio, Mutriku, Zornotza, Arrasate, Orio, Mañeru, Muskiz, Amurrio, Orereta… Izan daira horietako batzuk.

Zerbitzu hauen helburuak emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaz kontzientziatzea, bizipen, iritzi eta interesak jasotzea eta babes eta elkartasun gunea irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia espazio batzuk sortzea izan dira. Baita erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea ere.

Bi funtzio nagusi bete ditugu: alde batetik, prebentzio lan handia egin da (beldurraren diskurtsoen aurrean autodefentsa feministarako eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzeko eta jaietaz gozatzeko bitarteko eta lan tresnak eskaintzen saiatu gara). Beste aldetik, baita erasoen aurrean esku-hartzeak egin eta baliabideak eskaintzea izan da gure funtzio nagusia.

Ikasturtean zehar ere horrelako zerbitzuak eskaintzen ditugu, indarkeria matxistari aurre egiteko tresna, baliabide eta jarrerak lantzea garrantzitsua baita: prebentzio lana zein esku-hartzeetarako baliabideak sozializatu eta inbertsioak egitea.