UDAZKENERAKO HIRU MINTEGI ANTOLATU DITUGU, AHAIDETASUNEN, GURASOTASUNEN ZEIN AMATASUNEN GAINEAN HAUSNARTZEN JARRAITZEKO.

 

Argi dugu: erreprodukzio sozialaren krisi sakon baten aurrean gaude; hots, bizitzak aurrera egiteko eta era duinean erreproduzitzeko  erabateko oztopoak ditu. Bizitzaren erreprodukzioa, bazterrean gelditu da, ez da lehenesten, alegia, antolakuntza sozial eta politikoa ez dago bizitzaren mesedetan. Bizitza berrien sorkuntza zein orohar izakion zaintza gizartearen bazterrean gelditu da eta bere tokian kapitalaren metaketa jarri. Zaintza zein ugalketa lanak indibidualizatu dira, feminizatu, merkantilizatu, eta etxeetan zein familia nuklearretan pribatizatu.

 

Gainera, inkontziente sozial moduko batean murgildu gara, zeinetan ukatu dugun izaki hauskorrak garela, bizitza iheskorra dela, eta zaurgarritasunak definitzen gaituela. Arrakastaren eredua erabateko autonomiarekin lotu dela azpimarratzen dugu, besteen beharrik ez izatearekin. Baina Emaginetik defendatzen dugu, inork ezin duela bakarrik bizi, eta horregatik derrigorrezkoa zaigula autonomia, eta autosufizientziaren ideal neoliberalei aurre egitea, eta aldarrikatzea izaki ororekin halabeharrezko hariak ditugula eta elkar zaindu behar dugula.

 

Horretarako bidea ere marratzen ausartu gara, eta azpimarratu komunitate indartsuak eratu nahi ditugula, elkarren babesa sentituko dugun ingurua sortu eta bizitza bizigarriagoa egingo diguten sareak hauspotu. Ez ditugu kriantzak, familiak, afektibotasunak, gurasotasunak eta zaintzak indarkeriaz josita dauden egituretara mugatu nahi, ez ditugu bizitzaren bizigarritasuna familia nuklear heterosexuala ardatz duen antolaketara itxi nahi. Eta noski, ez dugu nahi mugatu odoleko senidetasun harremanetara. Hortik harago sortu nahi ditugu ahaidetasunak.

 

Horri guztiari buruz hausnartzeko tartea hartuko dugu zaintza duinen aldarrikapenak bustiko duen udazkenean. Hiru mintegi antolatu ditugu urriaren 7an Azpeitian, urriaren 21ean Zumaian eta azaroaren 18an Oreretan, eta honako galderak nahiko genituzke erantzun: Nolako erreferenteak behar ditugu ahaidetasunak feminismoruntz biratzeko? Nola indartu ditzakegu senidetasun iruditeria berriak? Zein dira erditzen diren gorputzen beharrak? Nola egin aurre gizonen absentziari? Nolako interpelazioa egin behar dugu? Amatasunak dakarren bakardadearen aurrean nola egin kriantza komunitarioa feminizazioan berriz ere erori gabe? Nola erreferentzializatu ez-amatasun kontziente eta politikoak? Zein paper izan behar dute horretan guztian erakunde publikoek, merkatuek, komunitateek?

 

Egitaraua oparoa antolatu dugu egun bakoitzean, hizlari paregabeekin:

  1. Mintegia: Amatasunen ondoezak eta erresistentziak. Azpeitian. Urriaren 7an. Azpeitiko emakumeen txokoa.

9:00 Ate irekiera.

9:45 Egungo muga eta ondoezak: Parean Elkartea, Silvia Agüero Fernández, Natalia Gardeazabal Díez.

11:45 Atsedena.

12:15 Gure minak sendatzen: Azpeitiko Amen Sarea.

13:30 Itxiera.

 

  1. Mintegia: Ahaidetasunen fikzioak eta utopiak. Zumaian. Urriaren 21ean. Zumaiako emakumeon* Etxea

9:00 Ate irekiera.

9:45 Ama ta Asunak: erakusketa, dokumentala eta solasaldia. June Baonza Pagaldai.

10:45 Atsedena.

11:15 Mahai-ingurua: Jule Goikoetxea Mentxaka, Elixabete Imaz Martínez, Danele Sarriugarte Mochales.

13:00 Itxiera.

 

  1. Mintegia: Absentziak eta eraldaketak. Errenterian. Azaroaren 18an. Errenteriako Emakumeen Etxea

9:00 Ate irekiera.

9:30 Ondo etorria.

9:45 Absentziak eta eraldaketak hiru ikuspegitik:

Aitatasunak: Asier Arizkorreta Hurtado

Espazioen diseinua: Ula Iruretagoiena Busturia

Politika instituzionalak: Oihana Etxebarrieta Legrand

11:30 Atsedena.

12:00 “En tránsito” dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Bidez-Bidekoekin. Zuzendaria: Oskar Tejedor.

14:00 Itxiera.

Mintegien webgunean topatuko duzu informazio guztia: https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus/