Hezkuntza-komunitateari:
Azken asteetan, ikastetxe askotara iritsi da zuzendaritzari eta familiei zuzendutako gutun bat, Euskal Herriko Feminista Erradikalak elkarteak sinatua. Bertan elkarte eta kooperatiba desberdinek eskaintzen dituzten hezkidetza- eta sexu-hezkuntzako programa batzuei buruzko “kezkak” agertzen dira.

Komunikatu honen bidez, hezkidetzaren, sexualitatearen eta feminismoaren inguruan eskola-inguruneetan lan egiten dugun hainbat taldek eta beste hezkuntza-komunitate eragile batzuek gure kokapena gaian azaldu nahi dugu. Izan ere, talde jakin batzuek, hezkuntza-prozesuetan oinarri izan behar duten berdintasun-printzipioen aurka ez ezik, falaziak esanez ere badihardute, gezurretan ez bada. Gainera, ardatz horiek zehaztasun, ilusio eta ahalegin berarekin lantzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, haurrek eta nerabeek bizi dituzten indarkeriak desagerrarazteko eta sexualitatea eta generoa etengabe arriskuan egongo ez diren espazio seguruak eraikitzeko.

Gutunari berari dagokionez, egileek honako hau diote paragrafo batean:
“Programa hauetako batzuek orientazio sexual eta afektibo desberdinekiko errespetua naturaltasunez sustatzen dituzte; alta, kezka eragiten digute beste batzuek, hain zuzen giza sexualitatea, genero identitatea eta adin txikikoen transexualitatea lantzen duten batzuek, zientziaren kontrako planteamenduak defendatzen baitituzte, baita teoria ukatzaileak ere”.

Gustatuko litzaiguke azaltzea, ahal izanez gero, zeintzuk diren, ustez, programa horiek oinarri dituzten teoria ukatzaileen eta zientziaren aurkako planteamendu horiek.
Adibiderik ematen ez dutenez, onartzen dugu kontzeptu horiek orain duten tirabira aprobetxatzen dutela inolako oinarririk gabe (ez oinarri zientifikorik ez bestelako oinarririk), hezkuntza-komunitatea nahasteko eta jendearen artean funtsik gabeko susmoa eragingo duen mezua zabaltzeko.

Jarraitzen dute:
“Inklusibitatea sustatzen duen iniziatiba ororen alde gaude, baina geure kritika agertu behar diogu hezkidetzaren printzipioei itzuri egiten dien material didaktikoari, halakoek ontzat ematen baitituzte berezko generoa bezalako kontzeptu sexistak (estereotipo kulturala, mutilen edo nesken gauzak) edota mutiko bat, femeninotzat hartzen diren gustu edo portaerak edukitzeagatik, neskatoa izan daitekeela (edo alderantziz)”.

Berriro ere ez dute hori horrela izatearen adibiderik ematen. Adin txikikoekin sexu- eta genero-aniztasuna lantzen dugunok zerbait egiten badugu, genero-estereotipoen jatorrira jotzea da, haien oinarri den esentzialismoa desmuntatu, eta erreferente, adibide eta benetako ereduak eman, emakume-gizon binomioa eta haren mugak zalantzan jarri, irauli eta gainditzen dituztenak. Garrantzitsua da azpimarratzea eredu
erreal horiek, askotan, beren egunerokotasunean, ikasgeletan, antzeko taldeetan eta familietan bizi direnekin izaten direla. Adintxikien sexu- eta genero-errealitatea helduenaren berdina da, askotarikoa eta aberatsa, eta hezitzaile gisa egiten dugun lana da prozesu horiek babestea, laguntzea eta erraztea, beren identitateak eta lehentasunak erabat errespetatuz, eta askatasunean gara ditzaten baliabide egokiak
emanez.

Gutunaren hurrengo paragrafoa are engainagarriagoa da, honela baitio:
“Planteamendu hauek, oinarri zientifikorik batere gabeak, zuhurtzia eskasa erakusten dute neska-mutilen nortasunaren garapen normala arriskuan jarriz, erabakigarriak diren adinetan nahasmena sortuz eta are, umeen balizko orientazio sexuala baldintzatuz. Gainera, adin txikiko batzuek bizi duten genero disforia edo inkongruentziari ez diete egoki heltzen, ezta berauek sortzen dituzten balizko motiboei ere”.

Berriro ere, argumentu zientifikoa erabiltzen dute — mota honetako frogarik zehaztu gabe—, arriskutsuak ez ezik, zuzenean erreakzionariotzat jo genitzakeen kritika batzuei eusteko; hori bai, modu lauso eta nahasian egiten dute, hain zuzen ere nahi dutena lortzeko, nahasteko. Hasteko, geure buruari galde diezaiokegu, haiek esaten ez digutelako, zer den “nortasunaren garapen normala”, eta zehazki zer jartzen duen
arriskuan, zeren eta, esaten dutena ondo ulertzen badugu, “etorkizuneko sexu-orientazioa” baldintzatu beharko litzateke.

Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadako teoria feministak ohartarazten
zuen haurrekin egiten den sexu-joeraren baldintzapen bakarra heterosexualitaterantz doala, gure sistema eta haren erakunde guztiak gizartearen heterosexualizaziora bideratuta baitaude. Sexu-orientazioa etorkizunera begira dagoen zerbait dela pentsatzeak berak esan nahi du gutxietsi egiten dela, eta ahaztu egiten dela pertsonek beren fase guztietan garatzen dutela sexualitatea. Halaber, sexualitatea, bizitzaren
hainbat alderdi bezala, ez dela ez finkoa ez estatikoa, baizik eta bizi diren testuinguruen, bizitako esperientzien eta pertsona bakoitzaren garapen subjektiboaren mende dagoela. Ez dugu ulertzen, beraz, orientazioa baldintzatzeaz ari direnean zertaz ari diren, ez bada heterosexualak ez diren pertsonen errealitateak agerian uzteaz modu sotil eta zekenean.

Sexu- eta genero-aniztasunean heztea da esperientzia guztiak baliozkoak direla legitimatzea, eta horrek sufrimendua eta estresa kentzen dizkie genero-identitatea eta sexu-lehentasunak heterosexualitatearen eta genero-arauen barruan bizi ez dituzten
haur eta nerabeei.

Azkenik, “genero-disforia edo -kongruentzia” aipatzen dute, zertan datzan azaldu gabe, eta sinonimotzat ematen dituzte; horrek nahasmena eragiten du termino horiekin ohituta ez dauden pertsonen artean. Berriz ere uste dugu testuingurutik kanpo eta baliozko argudiorik gabe, nahasmena sortzea eta zalaparta pixka bat ateratzea zela gutun honekin lortu nahi zuten helburuetako bat. Hori dela eta, erakunde sinatzaileok gaitzetsi egiten dugu diskurtso kaltegarri eta erreakzionario hau, sexualitatea eta generoa ulertzeko modu bakarra ezarri nahi baitu; azken urteotako teoria feministen eta LGTBI+ pertsonek bizi dituzten errealitate material eta emozionalen aurka eginez.

Esan dugun bezala, gure helburua eraso matxistek eta LGTBI+ fobikoek lekurik izango ez duten mundu bat lortzea da, eta, beraz, hezkuntza-esparrua funtsezkoa da, indarkeria horiei aurrea hartzeko ez ezik, subjektibotasun desberdinen garapena guztien gozamenetik, errespetutik eta askatasunetik ere egingo den paradigma bat finkatzeko. Eta borroka horretan lanean jarraituko dugu.

Sinatzen dugu:
Eihera
Emagin
Arremanitz
Harremanak
Juntura
Artaziak
Hiruki Larroxa
Bizkaiko Urtxintxa Eskola
Sorginlore
Loratuz Lotu
Elkarrekin Koop. Txiki
Ara!Gorputz
Parean
Maushaus
Farapi
Sexuenart
Denbora

Hemen bidai zuten gutuna iraku daiteke: