MARKINA-XEMEINGO BERDINTASUN POLITIKEN EBALUAZIOA ETA III. BERDINTASUNERAKO PLANA

Emagin elkartea Markina-Xemeingo III. Berdintasunerako Plana lantzen ari da, udalarekin eta herriko eragile zein norbanakoekin elkarlanean. Ekimen honek jarraipena ematen dio 2015etik martxan dagoen ibilbideari, zeinetan udalak berdintasun politikak sustatu eta balio feministak indartzeko apustua egin duen. Orain arte bi berdintasun plan garatu dira, baina azkenaren indarraldia 2025ean amaitu zen.

Horrekin batera, Bagaittun izeneko talde feministaren bueltan mamitu da denbora luzez berdintasunaren aldeko egitasmo herritarrak. 2023an bere jarduna etenda, hurrengo erreferentziazko elkargunea Morelarre taldea izan da transformazio feministaren helburuari eutsi diona, udal batzordearekin batera. 2025ean berriz, Titu-ba! izenpean, herriko emakumeen iritzia ezagutzeko eta dinamika feminista orokor bar pizteko bidea zabaltzeko ahaleginean aritu dira Udala eta Emagin elkartea, eta Markina-Xemeingo III. Berdintasunerako Planaren sortze prozesuan dinamika horrekin bat egin nahi da.

Testuinguru horretan eta azken planaren indarraldia agortuta, aurreko urteetan egindako lanaren balorazioa egitea eta etorkizunerako norabidea zehaztea ezinbestekoa ikusi da. Hori dela eta, III. plana osatzeko prozesu feminista parte-hartzailea abiatu dugu, udalaren eta herriko eragile desberdinen arteko elkarlanean oinarrituta. Prozesu honen lehen urratsa 2025eko azaroan aurkeztu zen, eta 2026an hasi gara lanketa fasean sakontzen.

Ibilbide honen helburu nagusia da herritar guztien artean hausnarketa kolektiboa sustatzea eta datozen urteetarako ibilbide feminista partekatua marraztea. Horretarako, funtsezkoa izango da ikuspegi anitzak jasotzea eta tokiko errealitateari lotutako diagnostiko eguneratua egitea.

Berdintasunerako Plan berriak emakume, gizon eta bestelako identitate zein gorputzen artean dauden desberdinkeriak agerian jarri eta horiei aurre egiteko neurri zehatzak jaso nahi ditu. Horrela, Markina-Xemein herri berdinzaleago bat eraikitzen lagundu nahi dugu, ikuspegi feminista ardatz hartuta.

 

Titu ba! Markinako egitasmoa