Zaintzari buruzko hitzaldia

 

Zestoako Udalak antolatuta, “Elkar zaintzeko sistema publiko komunitariorantz” hitzaldia eskaini zuen atzo Miren Aranguren Etxartek, Emagineko kideak, Arroabean.

Hemen irakur dezakezue hitzaldiaren aurretik, Danbolinek (Zestoako herri aldizkariak) Mireni egindako elkarrizketa:

https://danbolin.eus/elkarrizketa-miren-aranguren-etxarte-oso-gai-konplexua-da-zaintzarena-askotariko-dimentsioak-biltzen-dituelako

“Oso gai konplexua da zaintzarena, askotariko dimentsioak biltzen dituelako”

Teoria eta praktika feministatik abiatzen gara beti. Badira urte mordoxka bat Euskal Herriko mugimendu feministak eta beste herrialde batzuetako mugimendu feministek ere zaintzaren gaia diskurtso politikoaren erdigunean kokatu zutela. Guk hortik edan dugu nagusiki eta horren adierazle dira azken martxoaren 8etan ere egin diren grebak edo gaur egun daukagun zaintza antolaketarako eredu hori errotik aldatzeko egin diren proposamenak. Gure abiapuntua da bereziki ekonomia feministak eskaintzen digun begirada hori, nolabait ikusezinak eta aitortzarik gabeak eta bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lan eta prozesu horiei guztiei arreta jartzea. Ez da kasualitatea ikusezinak eta aitortza politiko eta ekonomikorik gabe dauden lan horiek emakumeon esku egotea.