Sexu-indarkeriari eta gure inguruneetan gertatzen diren beste indarkeria matxista mota batzuei aurre egitea beti izan da beharrezkoa bezain korapilatsua eta konplexua. Erasoak “gauza pertsonala” direla dioen ideia gainditu eta modu kolektiboan aurre egiten hastean, erreferente handirik gabeko amildegira jotzen dugu.
Indarkeria horiei aurre egin nahi diegu Estatuko justiziaren moduak errepikatu gabe, erasoa jasan duten pertsonen sendabidea zentroan jarriz, eta erreparazio eta justizia-modu eraldatzaileak erabiliz.
Horretarako, argi izan behar dugu justizia errestauratiboa edo eraldatzailea deritzon justizia mota hau, eraso baten aurrean erantzuteko aukera bat dela beste askoren artean. Aukera horretan, erasoa jasan duen pertsonaren edo taldearen premietan oinarrituta eta erasotzailearentzako erantzukizun prozesu pertsonal bati begira lan egiten da, baina baita ingurunearekiko modu kolektiboan ere.
Hori horrela izan dadin, erasotzaileak erasoa onartu beharko du, eta erasoa jasan duen pertsonaren eta haren ingurunearen beharretan oinarritutako prozesu bat onartu beharko du.
Hemen aurkitzen dugu amildegia, eta amildegiaren hondoan galdera asko argitu gabe: zer da ardura hartze prozesu bat? Nola dakigu prozesua benetan amaitu dela? Zenbat iraungo du? Zeintzuk izango dira prozesuaren behatzaileak eta zein adierazle hartuko ditugu kontuan baloratzeko orduan? Indar kolektibo nahikoa dugu honi aurre egiteko?
Eraso bat modu kolektiboan hartzen den bezala, ondorioak eta erantzukizunak ere izaera kolektiboa beharko luke eduki. Alde horretatik, gizonok kolektibo bezala ardura hartu behar dugu ere, prozesu horietan parte hartzeak denbora eta energia asko hartzen baitu, eta beti gure lankide feministak arduratzen dira horretaz.
Gizontasunarekin, indarkeriarekin edo boterearekin lotutako gaiak landuko dituen gizon-talde bat sortzea abiapuntu egokia izan daiteke kasu horiek prebenitzeko, baina baita ebatzi gabe geratu diren galderei erantzuteko. Ere erantzukizun-prozesuak integratu ahal izateko espazio edo egitura bat sortzea komeni da, batez ere erasotzaileari begira.
Ez da militantzia paralelo bat proposatzen duguna, modu feministagoan militatzeko aukera ematen digun lanketa eta tresna baizik. Gizarteak gizonezkoei ematen dizkigun pribilegioei aurre egiteko tresnak sortzen ez ditugun bitartean, barne erasoak gertatzen jarraituko dira. Gizon kolektibo gisa erantzukizuna hartzeko prozesu orokor bat ere hasteko garaia da.
Sareetan iragarri genuen moduan, jardunaldietako edukia idatziz biltzen duen liburuxka kaleratu dugu. Ez da erraza izan, baina lortu genuen Durangoko Azokarako prest edukitzea.
Oraindik ere eskuragarri dugu, eta zure etxean jaso dezakezu 13,50€ren truke.
Idatzi bulegoa@emagin.eus helbidera eskaera egiteko, abenduaren 23a baino lehen, edo bestela urtarrilaren 9tik aurrera (bai, guk ere oporrak behar ditugu!).
Gainera, eskaintza bereziak ditugu momentu honetan:
Gauza on guztiak bezala, (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiak ere heldu ziren akaberara, ziur gaude, ordea, bere bukaera beste hasiera batzuen abiapuntu izango dela. Arrasto sakona utzi(ko) dute azaroaren 11 eta 12an esan, entzun eta sentitutakoek. Eta ez da gutxiagorako, gure gorputzak zeharkatzen dituen auzi honek ezin baitzuen bestela pasa. Lortu dugu (ez) amatasunari buruz hitz egiteko plaza aberats bat sortzea. Beste behin, ahizpatasuna izan dugu lotura eta feminismoa argi. Horri esker heldu gara korapiloak bistaratzera, zalantzak mahaigaineratzera, zauriak agertzera eta hurkoa jasotzera. Gai honekiko askotariko iritzi, esperientzia eta ereduak ezagutu ditugu eta horri esker hain beharrezkoak ditugun irudi konstelazio eraldatzaileetara hurbildu gara. Ikusi dugu gure desioek badutela lotura estua egitura sozialekin eta, gainera, ez direla zapalkuntza eta indarkerietatik salbu. Mandatu sozial honek ama egin, ez egin eta oraindik izenik ez duten lekuak zeharkatzen ari garen emakumeongan* hartzen duen formez zein ñabardurez aritu gara. Ikuspegia eguneratu eta sakonduk dugu. Aurrerantzean zaintzari buruz gogoetatzerakoan jantziago goaz, eta atzo bezala gogotsu helduko diogu bizitzak erdigunean jartzeko borrokari. Finean, hori baita gure utopia.
Eskerrik asko jardunaldietan hor egoteagatik. Pazientziaz, mimoz, ilusioz, enpatiaz eta dardaraz heldu diozu erronkari eta epe laburrean honek izango du jarraipenik. Erronkak gatz gabeko itsaso baitira saiatzen ez badira. Laster arte bidelagun.
Zaintza eredu berri bat birpentsatzeko prozesua abiatu zuten Usurbildarrek orain dela urtebete pasa. Pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei zein erabakiei erantzungo dien zaintza ekosistema berri bat era kolektiboan eraikitzeko ibilbidea abiatu zuten, eta Emagin Elkartetik horretan guztian parte hartzeko aukera paregabea izan dugu. Lehen fasean parte hartzea prozesuan zaintzarekin zerikusia zuten pertsona eta eragile askorekin hausnarketa sakona egin zen zaintzaren ulerkeraren eta ekosistemaren gainean. Gako eta ertz horiek kontuan hartuta ekin zaio bigarren faseari. Talde zehatzetan jarraitu da erreflexioa, eremuz eremu eta horren erakusle izango da azaroaren 19an egingo den Zaintza Azoka. Komunitatearen, zaintza langileen, gizarte zerbitzuen, senitartekoen zein erabiltzeaileen ikuspegiak herritaratuko dira, denak nola gurutzatzen diren aztertzeko.
Horrekin batera, eta hitzaldi ziklo bat antolatu dugu, Emagin Elkartetik sustatu duguna. Izan ere, ezinbestekoa da zaintza lanak aitortzeko bidean, gure herrietako agendetan ere kokatzea, eta sentsibilizazio lana egitea. Zaintza lanek hari asko dituzte, eta horietatik egingo dugu tira datozen hilabeteetan. Zaintzak feminismotik nola definitzen diren aztertuko dugu, Euskal Herrian etxeko langileek dituzten aldarrikapenak herriratuko ditugu, adineko emakumeek zaintzan betetzen duten papera berraztertuko dugu, eta zaintzen duten herriak nolakoa diren irudikatzen ahaleginduko gara.
Informazio gehiago Usurbilgo Udalaren webgunean: www.usurbil.eus
Zaintza lanen demokratizaziorantz: Andoaingo zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako ardatzak 2021 lanaren ondorio nagusiak jasotzen dituen gidaliburua osatu dugu Andoainen, iaz abiatuta prozesuari segida eman eta ekintza plana zehazteko bigarren fase honi ekiteko. Aurreko urtean, Andoaingo Udalak Emagin Elkartearen zein herriko hainbat zaintzaileen laguntzarekin egin zuen diagnostiko zabal horren laburpena egin dugu, eta Andoaingo zaintzaile profesionalen, etxeko langileen, zaintzaile afektiboen zein ama gazteen esperientzia, errelato zein beharretan oinarritutako lan kualitatiboa da.
Lanaren helburua argia da: zaintza lanen antolaketa bidegabeari aurre egitea, eta horiek demokratizazio bidean jartzeko aldaketak sustatzea. Horiek hauspotzeko ordea, herri prozesu baten premia dugu. Udazkenetik aurrera martxan jarriko dugu eta lehen inflexio puntua azaroaren 10ean izango da, 18:30ean Bastero Kulturgunean. Bilera bat egingo dugu, diagnostikoa aurkeztu eta aurrera begirakoak zehazteko. Izan ere, zaintza lanetan inplikatuta dauden guztiekin eztabaidan osatu nahi dugu ekintza plan bat. Eta Andoainen zaintza lanekin zer egingo dugu? galderari era kolektiboan erantzun eta egun ditugun bidegabekeriei aurre hartzeko erak asmatu nahi ditugu.