“Zaintza lanen demokratizaziorantz” Jardunaldia Hernanin

“Zaintza lanen demokratizaziorantz” Jardunaldia Hernanin

Zaintza erregimen bidegabea aldatzeko, ezinbestean pentsatu eta ekin behar dugu elkarrekin. Udaletik, eragileetatik, komunitatetik…zer aldatu nahi dugun, zeinen artean, nola…pentsatzen jarraitzea ezinbestekoa deritzogu. Eta horregatik elkartu ginen aurreko asteburuan Hernanin Zaintza Lanen Demokratizaziorantz Jardunaldian.

Ostiralean Gurekin Naia Torrealdai izan genuen, Bilgune Feministako kidea: “Emakumeak zaintzaren izenean ezin gara autoinmolatu”.  Zaintza Sistema Publiko eta komunitarioaren beharra azpimarratu zuen, “modu kolektiboan sustengatzeko esfera guztiak berregituratu behar dira”.

Ondoren Miren Arangurenek Emagin Elkarteak egindako “Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena” aurkeztu zuen: “Aurkeztutako diagnostikoak jasotzen duen bezala, zaintza krisi batean murgilduta gaude, honen merkantilizazioa dela eta. Zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa, zaintza lanak era justoago batean banatu eta zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea dira lehentasunak”.

Bukatzeko, zertan aurreratu dugun aztertzeko aukera izan genuen Onix Cerda (Maitelan), Ibon Arrizabalaga (Arremanitz), Idoia Marinelarena eta Alazne Corralekin (Zabalduz kooperatiba):

“Auzozaintza sare Publiko komunitarioa” sortzen dabiltzan eragile ezberdinek azaldu duten bezala, 65 urtetik gora bakardade egoera ez-desiratuan dauden pertsonen zaurgarritasunari aurre egiteko formula berriak diseinatzen dabiltza. Horretarako tratu onei begira egongo den herri bat izatea eta zaintzara dedikatzen diren langileei aitortza eta lanak duintzeko baliabideak konpartitzea da bidea, etorkizunean izango ditugun zaintza beharrei ezingo diegulako erantzun.

Larunbateko jardunaldian ere esperientzia ezberdinak ezagutzen jarraitu genuen. Lehendabizi, Bartzelonako Radars proiektuaren txanda izan zen, zeinak 2009tik gaur arte hala erabaki gabe bakardade egoeran dauden pertsonen eta komunitatearen arteko lotura indartzen diharduen. Horretarako, inplikazio handiko anitzen arteko sare zabala osatu dute.

Bigarrenik, Matia fundaziokoak beste hainbat eragilerekin batera Usurbilen garatzen ari diren egitasmoaren berri eman ziguten. Bertan, zaintza ekosistema hobetu eta duintzeko saiakeran ari dira, erabakiak eta beharrak km 0-n kokatuz zein landuz.

Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kide eta aliatuek EAEn etxez etxeko zaintza lanetan diharduten emakumeen egoera latzaren berri eman zuten. Langile horien egoera duintzeko epe labur ertainean eman beharreko urratsez aritu ziren. Zentzu horretan, etxebizitza eskubidea, osasunerako eskubidea eta formazio ahalduntzailea orain eta hemen bermatzea ezinbestekotzat jo dituzte aurrera begira egin beharreko beste aldaketa batzuk gauzatzeko.

Azkenik, Colectiu Punt6-en txanda izan zen. Gure hiri eta etxeak diseinatzerakoan publiko pribatuaren arteko dikotomia apurtu eta eremu errepoduktiboan egiten diren lanak komunitate mailan garatzeko gure ingurune hurbilean eman beharreko aldaketa fisikoez ohartarazi zuten. Etxebizitza kooperatiboetatik hasi eta ehun sozial oso baten inplikazio sustatzen duten proiektuen berri eman ziguten.

Gorputza ideia eta sentipen politez beteta bukatu genituen jardunaldiak. Bidea egiten ari garen askotarikoak topatu ginen Hernaniko kulturarteko plaza feministan, eta horrela zaila da baikorra ez izatea bestelako zaintza sistema baten langintzan.

 

“Elkar zainduz arriskutsuak gara” Erakusketa

“Elkar zainduz arriskutsuak gara” Erakusketa

Emaginek hainbat diagnostiko eta esku hartze egitasmo egin ditu 2020 eta 2021 urteetan zehar Gizpuzkoako Foru Erkidegoan, eta Euskal Herrian zehar. Proiektu horietan askotariko emakumeekin eskuz esku jardun dugu zaintza lanen antolaketaren inguruko eta indarkeria matxistaren inguruan gogoeta egiten.

Covid-19 testuinguruan emakumeek bizi izan duten errealitatea eta estrategien jasoketa egin dugu, informazioaren bilketa espezifikoa eginez. Ondorengo teknikak baliatu ditugu informazioaren jasoketarako:

  • Bigarren mailako informazio iturrietako datuen analisia:

Azken hilabeteetan publiko egin diren datuen bilketa egin dugu eta Gipuzkoara egokitutako analisia egin, informea osatzeko.

  • Sakoneko elkarrizketak:

Elkarrizketa sakonak egin ditugu zerbitzu publikoetan lanen diharduten profesionalekin, zein orotariko emakumeekin. Elkarrizketa horien helburua bizipenak jasotzea eta autonomia zein erantzunkidetasun kolektiboa sustatzeko neurriak aztertzea (zailtasunak, oztopoak, mugak, aukerak, bertuteak…). Honako profil hauek elkarrizketatu dira: gizarte langileak, Indarkeriari aurre egin dioten emakumeekin elkar babeserako taldeak dinamizatzen dituen profesionala, mugimendu feministako kideak, sare komunitarioko kideak, amak, menpekotasun aitortudunen kargudun emakumeak eta etxeko langileak.

  • Lan-saio parte hartzailea:

Zaintzen inguruan ikerketan jarduten duten hainbat adituekin zaintzen inguruan gogoeta egin eta ikerketen ondorio ezberdinak partekatzeko saio bat egin genuen.

Bi ardatz aletu ditugu: indarkeria matxista eta zaintza-erregimena. Eta horietan aztertu, esan bezala, zein elementu berri ditugun eskuhartze feministarako.

Datozen hilabeteetan zehar herri desberdinetan ikusi ahal izandu duzuen ERAKUSKETA+TXOSTEN bat prestatu dugu informazio honekin. Dagoeneko Hernanin dago ikusgai, martxoaren 7an solasaldi batekin hasiera eman genion. Martxoaren amaiera arte izango duzu aukera bertan ikusteko.

Zaintzeko beste modu bat aldarri

Zaintzeko beste modu bat aldarri

Berria egunkariak argitaratutako errepotajea

 

Martxoaren 8a hemetxe dugu, eta zaintza sistema publikoaren aldeko aldarria ikusiko dugu mobilizazio askotan. Berria egunkarian Emagineko kide den Miren Aranguren (Emagin Elkartea) elkarrizketatu dute, Naia Torrealdai (Bilgune Feminista) eta Mari Luz Estebanekin (EHUko antropologo eta Basauriko Emakumeen Taldeko kidea) batera.

Hemen irakur dezakezue elkarrizketa osorik:

https://www.berria.eus/zaintzaaldarri

 

 

 

Usurbil herri zaintzailea izateko erronkan

Usurbil herri zaintzailea izateko erronkan

usurbil herri zaintzailea

 

Zaintza ekosistema publiko komunitario bateranzko bidea abiatu zuten orain urtebete luze Usurbilen. Berau definitzeko prozesua hainbat eremutako ordezkarien parte hartzearekin egin da eta Emagin Elkarteak talde sustatzaile horretan parte hartu du.

Ekosistemak eraikuntza kolektiboa behar du izan, behetik gorako prozesua izan dadin eta Usurbil herri zaintzailea izan dadin. Lehen fasea amaituta, orain eskuhartzerako eztabaida zehatzagoak emango dira, zaintza eskubide kolektiboa bermatzeko.

Covid-19a eta indarkeria matxistaren prebentzioa

Covid-19a eta indarkeria matxistaren prebentzioa

Emaginetik urteak daramatzagu indarkeria matxistaren prebentziorako lana egiten Euskal Herriko auzo, herri eta mila txokotan. Batzuei agian ezaguna egingo zaie jai-giroetan ematen diren erasoen aurrean, sentsibilizatzeko, informatzeko edota arreta berezia eskaintzeko Emaginen Indarkeria Sexistarik gabeko GUNEAk ikusi izana edo askotan Mugimendu Feministarekin ere telefono bidezko gau eta egunez aktibatzen diren protokoloen berri eduki izana…

Urteetako esperientziatik, kezkaz bizi dugu gaurko egoera. Izan ere, Covid-19aren pandemiarekin batera, indarkeria matxistaren aurkako programa eta baliabide asko bertan behera geratzen ari dira. Gaur da eguna, pandemia hasi zenetik hilabete luzeak pasa direnean, baliabideak birpentsatu eta gauden egoerara egokitu beharrean, zuzenean programak bertan behera geratzen direna.

Arduraz bizi dugu egoera hau: ez bakarrik herri eta auzoetako jai “ofizialak” antolatzen ez baldin badira ere, erasoak egoten jarraitzen dutelako, baizik eta pandemia hasi zenetik, konfinamendu ostean harreman, jokabide eta eraso batzuk normalizatzen ari direla uste dugulako. Hau al da emakumeontzat normalitate berria? Balio askatzaileetatik oso urrun kokatzen diren giroak bizi ditugu bereziki aisialdi eremuan: jarrera oso oldarkorrak, espazioaren erabilera maskulinoa eta bortitzak…

Bitartean, erasoen prebentzioa eta erasoei aurre egiteko programak oso leku gutxitan garatzen ari dira. Ez da zerbitzu hori eskaintzen, eta beraz, ondorio zuzena da gertatzen diren erasoak ezkutuan geratzen direla edo gertatzen diren erasoei aurre egiteko tresnarik gabe aurkitzen direla emakumeak*. Zintzoki uste dugu, inoiz baino beharrezkoagoa dela biolentzia heteropatriarkalari aurre egitea, argitara ekartzea eta tresnak eskaintzea.

Finean, garrantzitsua dela uste dugu berandu baino lehen, eremu honetan atzera urratsik ez emateko erabakiak hartzea eta baliabideak jartzea. Azpimarratu nahi dugu, instituzio publikoek daukaten ardura, uste baitugu ardura honi ihes egiten ari zaiola, jaiak ofizialak ez direnaren aitzakiarekin.

Emaginek argi dauka, gure jarduera guztiarekin aurrera jarraituko dugula, egiten duguna inoiz baino premiazkoagoa dela uste dugulako. Indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikoa izan behar duelako.

Hezkuntza-komunitateari komunikatua

Hezkuntza-komunitateari:
Azken asteetan, ikastetxe askotara iritsi da zuzendaritzari eta familiei zuzendutako gutun bat, Euskal Herriko Feminista Erradikalak elkarteak sinatua. Bertan elkarte eta kooperatiba desberdinek eskaintzen dituzten hezkidetza- eta sexu-hezkuntzako programa batzuei buruzko “kezkak” agertzen dira.

Komunikatu honen bidez, hezkidetzaren, sexualitatearen eta feminismoaren inguruan eskola-inguruneetan lan egiten dugun hainbat taldek eta beste hezkuntza-komunitate eragile batzuek gure kokapena gaian azaldu nahi dugu. Izan ere, talde jakin batzuek, hezkuntza-prozesuetan oinarri izan behar duten berdintasun-printzipioen aurka ez ezik, falaziak esanez ere badihardute, gezurretan ez bada. Gainera, ardatz horiek zehaztasun, ilusio eta ahalegin berarekin lantzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, haurrek eta nerabeek bizi dituzten indarkeriak desagerrarazteko eta sexualitatea eta generoa etengabe arriskuan egongo ez diren espazio seguruak eraikitzeko.

Gutunari berari dagokionez, egileek honako hau diote paragrafo batean:
“Programa hauetako batzuek orientazio sexual eta afektibo desberdinekiko errespetua naturaltasunez sustatzen dituzte; alta, kezka eragiten digute beste batzuek, hain zuzen giza sexualitatea, genero identitatea eta adin txikikoen transexualitatea lantzen duten batzuek, zientziaren kontrako planteamenduak defendatzen baitituzte, baita teoria ukatzaileak ere”.

Gustatuko litzaiguke azaltzea, ahal izanez gero, zeintzuk diren, ustez, programa horiek oinarri dituzten teoria ukatzaileen eta zientziaren aurkako planteamendu horiek.
Adibiderik ematen ez dutenez, onartzen dugu kontzeptu horiek orain duten tirabira aprobetxatzen dutela inolako oinarririk gabe (ez oinarri zientifikorik ez bestelako oinarririk), hezkuntza-komunitatea nahasteko eta jendearen artean funtsik gabeko susmoa eragingo duen mezua zabaltzeko.

Jarraitzen dute:
“Inklusibitatea sustatzen duen iniziatiba ororen alde gaude, baina geure kritika agertu behar diogu hezkidetzaren printzipioei itzuri egiten dien material didaktikoari, halakoek ontzat ematen baitituzte berezko generoa bezalako kontzeptu sexistak (estereotipo kulturala, mutilen edo nesken gauzak) edota mutiko bat, femeninotzat hartzen diren gustu edo portaerak edukitzeagatik, neskatoa izan daitekeela (edo alderantziz)”.

Berriro ere ez dute hori horrela izatearen adibiderik ematen. Adin txikikoekin sexu- eta genero-aniztasuna lantzen dugunok zerbait egiten badugu, genero-estereotipoen jatorrira jotzea da, haien oinarri den esentzialismoa desmuntatu, eta erreferente, adibide eta benetako ereduak eman, emakume-gizon binomioa eta haren mugak zalantzan jarri, irauli eta gainditzen dituztenak. Garrantzitsua da azpimarratzea eredu
erreal horiek, askotan, beren egunerokotasunean, ikasgeletan, antzeko taldeetan eta familietan bizi direnekin izaten direla. Adintxikien sexu- eta genero-errealitatea helduenaren berdina da, askotarikoa eta aberatsa, eta hezitzaile gisa egiten dugun lana da prozesu horiek babestea, laguntzea eta erraztea, beren identitateak eta lehentasunak erabat errespetatuz, eta askatasunean gara ditzaten baliabide egokiak
emanez.

Gutunaren hurrengo paragrafoa are engainagarriagoa da, honela baitio:
“Planteamendu hauek, oinarri zientifikorik batere gabeak, zuhurtzia eskasa erakusten dute neska-mutilen nortasunaren garapen normala arriskuan jarriz, erabakigarriak diren adinetan nahasmena sortuz eta are, umeen balizko orientazio sexuala baldintzatuz. Gainera, adin txikiko batzuek bizi duten genero disforia edo inkongruentziari ez diete egoki heltzen, ezta berauek sortzen dituzten balizko motiboei ere”.

Berriro ere, argumentu zientifikoa erabiltzen dute — mota honetako frogarik zehaztu gabe—, arriskutsuak ez ezik, zuzenean erreakzionariotzat jo genitzakeen kritika batzuei eusteko; hori bai, modu lauso eta nahasian egiten dute, hain zuzen ere nahi dutena lortzeko, nahasteko. Hasteko, geure buruari galde diezaiokegu, haiek esaten ez digutelako, zer den “nortasunaren garapen normala”, eta zehazki zer jartzen duen
arriskuan, zeren eta, esaten dutena ondo ulertzen badugu, “etorkizuneko sexu-orientazioa” baldintzatu beharko litzateke.

Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadako teoria feministak ohartarazten
zuen haurrekin egiten den sexu-joeraren baldintzapen bakarra heterosexualitaterantz doala, gure sistema eta haren erakunde guztiak gizartearen heterosexualizaziora bideratuta baitaude. Sexu-orientazioa etorkizunera begira dagoen zerbait dela pentsatzeak berak esan nahi du gutxietsi egiten dela, eta ahaztu egiten dela pertsonek beren fase guztietan garatzen dutela sexualitatea. Halaber, sexualitatea, bizitzaren
hainbat alderdi bezala, ez dela ez finkoa ez estatikoa, baizik eta bizi diren testuinguruen, bizitako esperientzien eta pertsona bakoitzaren garapen subjektiboaren mende dagoela. Ez dugu ulertzen, beraz, orientazioa baldintzatzeaz ari direnean zertaz ari diren, ez bada heterosexualak ez diren pertsonen errealitateak agerian uzteaz modu sotil eta zekenean.

Sexu- eta genero-aniztasunean heztea da esperientzia guztiak baliozkoak direla legitimatzea, eta horrek sufrimendua eta estresa kentzen dizkie genero-identitatea eta sexu-lehentasunak heterosexualitatearen eta genero-arauen barruan bizi ez dituzten
haur eta nerabeei.

Azkenik, “genero-disforia edo -kongruentzia” aipatzen dute, zertan datzan azaldu gabe, eta sinonimotzat ematen dituzte; horrek nahasmena eragiten du termino horiekin ohituta ez dauden pertsonen artean. Berriz ere uste dugu testuingurutik kanpo eta baliozko argudiorik gabe, nahasmena sortzea eta zalaparta pixka bat ateratzea zela gutun honekin lortu nahi zuten helburuetako bat. Hori dela eta, erakunde sinatzaileok gaitzetsi egiten dugu diskurtso kaltegarri eta erreakzionario hau, sexualitatea eta generoa ulertzeko modu bakarra ezarri nahi baitu; azken urteotako teoria feministen eta LGTBI+ pertsonek bizi dituzten errealitate material eta emozionalen aurka eginez.

Esan dugun bezala, gure helburua eraso matxistek eta LGTBI+ fobikoek lekurik izango ez duten mundu bat lortzea da, eta, beraz, hezkuntza-esparrua funtsezkoa da, indarkeria horiei aurrea hartzeko ez ezik, subjektibotasun desberdinen garapena guztien gozamenetik, errespetutik eta askatasunetik ere egingo den paradigma bat finkatzeko. Eta borroka horretan lanean jarraituko dugu.

Sinatzen dugu:
Eihera
Emagin
Arremanitz
Harremanak
Juntura
Artaziak
Hiruki Larroxa
Bizkaiko Urtxintxa Eskola
Sorginlore
Loratuz Lotu
Elkarrekin Koop. Txiki
Ara!Gorputz
Parean
Maushaus
Farapi
Sexuenart
Denbora

Hemen bidai zuten gutuna iraku daiteke: